Beta bertsioaren gakoak

BERRIAren webgunearen beta bertsioa martxan dago. Berritze prozesu sakon baten mugarri garrantzitsua da, euskaldunok nahi eta behar dugun informazioa era eraginkorrago batez emateko asmoz egina. Hona hemen webgune berrituaren ezaugarri nagusiak ezagutzeko gako batzuk:


BETA BERTSIOA DA

Gaur beta bertsioa sareratu dugu, hau da, probako bertsio bat, osatu gabea, funtzionamendua probatzeko balioko duena. Horregatik, denbora tarte batez, BERRIAk bi webgune izango ditu: orain arteko berria.eus eta beta bertsioa. Batean, ohiko osagai guztiak aurkituko ditu irakurleak. Bestean, beta bertsioan, azal berria eta albisteak irakurtzeko era berria izango ditu eskura. Gainerako osagaiak pixkanaka etorriko dira. Beta bertsioa denbora mugatu baterako izango da.

azala-1

IRADOKIZUNEN ZAIN

Beta bertsioa probako bertsioa da, irakurleek erabil dezaten eta esan dezaten zer gustatzen zaien eta zer ez, zer dabilen ongi eta zer ez; azken batean, iradokizunak egin ditzaten. Era horretan, findu eta hobetu egingo dugu denon artean. Blog hau, hain zuzen, irakurleen iritziak, iradokizunak eta proposamenak bideratzeko erabiliko dugu. Azken batean, BERRIAren eta irakurleen artean beste komunikazio lerro iraunkor bat sortzeko. Parte hartu, zure laguntza ezinbestekoa baita.

MOLDATZEN

Webgunea moldatzen ari gara, eta luze gabe osatuz joango da. Laster osagai gehiago izango dira diseinu berrituan. Besteak beste, albisteetan iruzkinak egiteko sistema berria, eta sailen egitura eta aurkezpen berria. Halaber, laster, blog komunitate berritua martxan izango da. Ez da ahaztu behar aro digitalean berrikuntza etengabea dela; horregatik, webgunearen moldaketa eta berrikuntza ez da amaituko beta bertsiotik finkora iragatean, baizik eta etenik gabe jarraituko du aurrerantzean ere.

ESTILO BERRIA

Webguneari estilo berri bat eman nahian, argitasunaren eta sinpletasunaren bila aritu gara, erabilgarriago egiteko asmoz, irakurlea erosoago senti dadin. Espazio gehiago eta atal gutxiago daude diseinu berrituan. Tipografia erakargarriagoa aukeratzen saiatu gara, eta, batez ere, irudiari indar handiagoa emateko ahalegina dago: bereizmen handiagoa, eta ingurune zabalago eta egokiagoa.

EDIZIO JARRAITUA ETA PAPEREKO EDIZIOA, BATERA

Webgunearen azalak egitura berria du. Unean uneko aktualitatea hobeto kontatzeko pentsatua dago, baina bestelako edukiak alboratu gabe. Harmonia berri bat bilatuko da azken ordukoaren eta premia informatiborik gabeko edukien artean. Eguneko eta azken orduko albisteak papereko edizioaren edukiekin uztartuko dira, biak diseinu berarekin, biak eskuragarriago, biak ikusgarriago.

NABIGAZIO ABERASTUA

Albisteak ere egitura estreinatu du, eta nabigatzeko aukera gehiago emango ditu. Albiste jakin bat irakurtzen hasi ondoren, sail bereko albiste gehiago, azaleko albiste nagusiak eta webgunean gehien irakurritako albisteak eskura izango ditu irakurleak. Halaber, gezi baten bidez nabigazio horizontala egin dezake irakurleak, hau da, sail bereko aurreko albistera eta hurrengora joan daiteke. Kazetariaren soslaiak bidea emango du aurretik idatzitako albisteak eta testuak kontsultatzeko, eta kazetari bakoitzaren Twitter kontuarekin lotzeko.

Geziak

albiste gehiago

GAILU MOTA GUZTIETARA EGOKITUA (‘responsive’ diseinua)

Webgunearen diseinu berria responsive gisa eratua dago, hau da, era automatikoan egokitzen da gailuaren tamainara, mahaiko ordenagailua izan, tableta izan edo telefonoa izan. Gorde beta bertsioaren helbidea tableta edo telefonoaren hasierako pantailan, eta gozatu non-nahi eta nolanahi BERRIA irakurtzeaz. Diseinu berriak bestelako esperientzia bat eskainiko dizu azala gainbegiratzeko, edozein albiste edo artikulu irakurtzeko, edo edozein bideo ikusteko.

mugikorra1mugikorra2

tableta1tableta2

LASTER ALBISTEAK ENTZUNGAI

botoiak-bWebgunearen berritze eta garapen prozesuaren baitan, laster aukera berri bat jarriko da martxan: albisteak entzuteko aukera. Albisteak konpartitzeko ikonoekin batera bozgorailu baten iruditxoa ere agertzen da. Bertan klikatuz gero, albistea entzun ahal izango da, ahots sintetiko bat dela medio.

Ahots hori EHUko Aholab ikerketa taldeak landu du BERRIArekin elkarlanean. Lanketa berezi eta sakona egin du Aholab taldeak, izan ere, lehen aldiz ahots sintetiko bat  kazetaritzaren ezaugarri narratiboetara egokitu delako. Albisteak entzuteko aukera hau ez dago oraindik martxan beta bertsioan, baina epe laburrean aktibatuko da.

 

 

Utzi zure iruzkina blog honetan, edo, nahiago baduzu, mezu bat bidali webgunea@berria.eus helbidera. Twitterren zerbait aipatu nahi baduzu, #Berriaberritzen traola erabili. Eskerrik asko zure parte-hartzeagatik.

 

About

View all posts by

14 thoughts on “Beta bertsioaren gakoak

  1. Kaixo Danori!
    Hasierako begiradan argitasuna ona da. Baina gora eta behera mugitzean, behin eta berriz nire arreta desbideratzen duen mugimendua egiten duten goiko linkek (Berria ezkerretara agertzean eta “Albisteak, “Iritzia”, etab eskuinetara mugitzean).
    Hasieran erabiltzaile berriaren inpresiotzat hartu dut, baina, esan bezala, behin eta berriz arreta desbideratzen dit gorantza. Eta nire asmoa beherantz joatea da, berria irakurtzen jarraitzeko.

    Oraingoz hori besterik ez.
    Ondo segi.
    Eneko

    1. Kaixo Eneko, eskerrik asko zure iruzkinagatik. Egia da efektu berezi bat egiten duela, goiko menua eta kabezera minimizatu nahi izan dugulako nabigazioan arreta gehiago jartzeko edukietan (New York Timesek egiten duen antzera). Espero dut laster ohituko zarela. Garrantzitsua da erabiltzaileen esperientzia. Beste edozein irudipen izanez gero, idatzi lasai. Ondo izan.

  2. Bertsio zaharra baina atseginagoa iruditzen zait, baina logoa erdian ikustea arraroa egiten da, ohituraregatik edo…

  3. Iritzia emateko aukera eskertzekoa da. Ea haserretzen ez zareten…
    😉
    Menu nagusia agerian beti egotea asko gustatzen zait.
    Eta oraingoz, hau da gustatzen ez zaidana:
    1 – Berrialaguna izateko bannerrek adigabetzen naute. Jakina, berrialagunok beharrezkoak gara; baina, bannerrak alde batean kokatzea hobeto izango litzatekeela uste dut. Ziur ongi ikusiko direla.
    Albisteek leku gutxi dute. Ez direla beharrezkoak ematen du. Eskuineko zutabea, aldiz, handiegia da.
    2 – BerriaTB atala ere handiegia da.
    3 – Pdf bertsioa eskuragarri jarriko duzue, ezta?
    4 – Ordenagailua 11 hazbetekoa denez, dena handiegia ikusten dut. Webgunea ez da ondo moldatzen.
    5 – Titularretako letra lodiegia dela uste dut. Aurreko webgunekoa gehiago gustatzen zait.
    6 – “Berriketan” atala amaierako bazter batean… leku txarra, ezta?

    Barkatu kritikak, baina, oraingoz, aurreko bertsioa askoz gehiago gustatzen zait.
    Mila esker eta zorionak egiten ari zareten lan onarengatik.

    1. Eskerrik asko Zigor. Haserratu? Bai zera! Asko estimatzen ditugu iruzkinak, kritikoak badira ere. Irukurleen esperientziaren berri izatea funtsezkoa da gauzak hobetzeko. Hona hemen erantzun azkar batzuk: 1. Bannerrekin desajuste bat izan da, txukunduko dugu. Pdf bertsioa, bai noski berrialagunek eskura izango duzue. Tamaina, teorian automatikoki egokitu beahrko litzateke 11 hazbeteko pantaila batera, begiratuko dugu. Letra, tipografia indartsuaren alde egin dugu. Berriketan, erabileraren araberako hautua egin dugu, baina dena berrikus daiteke. Ondo izan.

      1. Orain oso ongi irakurtzen da goitik behera.
        Zutabeak oso egokiak eta oso ondo antolatuak.
        Gaur, horri esker, beta edizioa baino ez dut irakurri.
        ;-D
        Bikain!
        Mila esker berriro!

  4. Nire lehenengo inpresioa ona da: letra argiagoa, edukiak errazagoak bilatzen… Baina aurreko bertsioko bi gabezia:
    – Hemerotekarako sarrera (beste egun batzuetako edizioak kontsultatzeko
    – Paperezko BERRIArako sarrera: non dago?

  5. hasteko ta behin, zorionak denoi, aldaketa honek makina bat lan eskatuko zizuen eta!

    orokorrean iruditzen zait astindu bat behar zuela eta horretan murgildu zaretela. Nik honakoak azpimarratuko nituzke:
    -Argazkiei garrantzia emateari ondo deritzot, baina esate baterako, gaur Powellen argazkia hain da handia, non lehen pantailakadan ez zaidan titularra agertzen, beheregi gelditzen delako. Xaguari eragin behar.
    -Eskuin-eskuinetarako zutabean azken ordukoak daude, baina hor errepikatzeko arriskua dago eta hala gertatzen ari da. Swap-en albistea errepikatuta dago, bi elkarren ondo-ondoan.
    -Aurrerago batek hemerotekari buruz galdetu du. Egokia iruditzen zait Webguneko eta papereko albisteak elkartuta ematea, baina bilaketak egiteko orduan aukera bat galdu dugu ezta? Hau da, imaginatu: igandeko berrian irten duen kulturako albiste bat nahi dudala bilatu, eta ez naiz akordatzen oso ondo titularra… Lehen egun zehatzean klik egin eta ttak! albistea bilatzen nuen. Orain nola egin dezakegu hori, aukerarik egongo al da?

    Hau da mar-mar pila… Eutsi goiari ta ea denon artean Beta osatzen dugun!

    1. Kaixo Xabi, eskerrik asko iruzkina egiteagatik. Bi webgune batera kudeatzeak dakar gauza batzuk ezin direla nahi bezala editatu. Aipatzen dituzun arazo batzuk edizio on batekin konponduko ditugula uste dut. Kontsultak egiteko aukera hori ez da galduko. Dena den, hemeroteka zerbitzua hobetzeko asmoa dago. Pixkanaka pixkanaka. Mila esker animoengatik.

  6. Lehenik eta behin zorionak egindako lanagatik! Atzotik beta bertsioa nabigatzaile eta sistema eragile desberdinetan probatzen nabil eta emaitza oso ona da.

    Bertsio berrian gehien gustatzen zaidana:
    – Goiko menua etengabe ikustea
    – Artikuluetarako erabilitako letra mota eta tamaina. Orain askoz erosoagoa da artikulu luzeak irakurtzea.
    – RSSak eskuragarri egoten jarraitzen du.
    – Nabigazio horizontala.
    – Edizio jarraia eta paperekoa bateratu izana, orain arteko 2 edizioak mantendu beharrean.

    Nire iradokizunak:
    – Zigorrek esan bezala, BerriaTB atala handiegia iruditzen zait. Gainera bideoen irudi-kalitatea ez da oso ona.
    – Argazki bildumei protagonismoa emango nieke eta eguneko argazki interesgarrien bilduma bat jarri, ARA.cat-en mirades-en edo Euronews-en no comment-en antzeko zerbait.
    – Argazkien bildumak eraberritu argazkien tamaina handiagoa izan dadin.
    – Artikuluen orrian behera egiterakoan Berriaren logoak mugimendu gehiegi duela iruditzen zait. Ideia oso ona da eta titularra goian agertzea eskertzekoa da baina logoaren mugimendua diskretoagoa izan beharko litzateke, hain deigarria izan ez daiten.
    – Iruzkinak egiteko Berriketan sare sozialean izena ematea beharrezko ez izatea.

    Ondo funtzionatzen ez duena:
    – Artikulu baten orrian, atalen menua zabaltzerakoan loturek ez dute funtzionatzen.

    Poztekoa da berrialagunok egindako ekarpena honelako emaitzak ematen dituela ikustea. Mila esker eta zorionak berriro ere.

    1. Kaixo Aitzol, eskerrik asko zure oharrengatik. Interesgarriak dira. Kontuan hartuko ditugu. Bi argibide. Iruzkinak egiteko sistema aldatuko dugu, eta ez da egongo lotua Berriketan sare sozialarekin. Ezin dizut esan noizko jarriko dugun martxan sistema berria. Atalen menuko estekei dagokienez, ez dute funtzionatzen atalak eraiki gabe daudelako. Beta bertsioa da oraindik, hau da, oraindik eraikitzen ari garen etxe bat. Denon iradozikunekin hobeto eraiki nahi duguna. Beraz, eskerrik asko. Ondo izan.

  7. Nik ere zoriontzeko idazten dut, aldaketa ona eta sakona egin duzue eta asko irabazi du agerkariak.

    Antolamendu orokorra ona da eta ikusten dut oraindik hainbat kontu bidean direla, beraz hor ez naiz sartuko.

    Estilo orokorra oso argia izanik, uste dut azalean sortzen duela arazoa: izenburuak oso beltzak, kaxa asko kolore gogorrekoak, deiak han eta hemen… Gauza gehiegi ikusten dut nabarmenduta, eta zaila egiten zait begirada zentratzea.

    Zorionak eta animo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude