Irakurleek gustura hartu dute beta

Oro har, harrera ona izan du Berriaren webgunearen beta bertsioak. Irakurleek gustura hartu dute beta. Hala jakinarazi dute modu ezberdinetara: blog honetako iruzkinen bidez, Twitterren bidez, mezu elektronikoen bidez, telefonoz deituz,… Ekarpen hauetan guztietan denetarik dago: irudipen positiboak, loreak, zorionak, animoak, kritikak, ohar teknikoak, arazoak, gomendioak… Oso aberatsa gertatzen ari da. Eskertzekoak dira mezu guztiak.

Lehen inpresioak laburbilduz, irakurleek argitasuna, garbitasuna eta ikusgarritasuna nabarmendu dituzte. Adibidez, “argia eta zehatza” (Iñigo Gonzalez, Twitterren), “zuria, garbia; argazki handiak; menu praktikoa beti bistara; nabigazio erraza…” (Marijo Deogracias, Twitterren); “txukuna, oso garbia” (Gari Garaialde, Twitterren), “erakargarria, ulergarria, atsegina eta modernoa” (Ainhoa Arano, Twitterren),…

Irudipen orokor hori azaltzeko, beste irakurle batzuek posta elektronikoz idatzi digute. Esate baterako, “oso ondo dago, hola egin behar da”, idatzi digu Iñaki Mantxolak. “Oso ondo dago, zorionak”, Xabier Aierdik. “Oso txukun geratu da”, Juan Ignacio Perez Iglesiasek. “Itxura ona du; abiadura arina, informazioa ongi azaldua”, Antton Azkargortak. Edo eta “asko gustatu zait kolore txuriaren gainean eginiko diseinu garbia”, Urtzi Odriozolak…

Iruzkinen artean, jakina, bestelako irudipen batzuk ere badaude. Adibidez, Mikel Irizarri lehen kolpean oso polita iruditu zaio, baina “gero pixka bat despistagarria, gauza gehiegi batera nabarmenduta”. Antzeko irudipena adierazi du Lander Iruinek Twitterren: “Lehen inpresioa: apur bat astuna ta despistagarria. Halere, oso itxura ona”. Patxi Gaztelumendiri, aldiz, “oso #beta” iruditu zaio, eta Juleni paperaren antza gehiegi duela.

Beste irakurle batzuek iradokizun zehatzak egin dituzte: kabezerako menua orrialde guztietan ikustea (Koldo Aldabe, Twitterren), artikuluen artean tarte gehiago markatzea (Ekhi Erremundegi, Twitterren), argazki bildumei protagonismo gehiago ematea (Aitzol, blog honetan), #berriketan traolarekin leiho bat irekitzea era librean iruzkinak egiteko (Juan, blog honetan),…

Garatu den diseinuan, aurreko bertsioarekin alderatuta, berrikuntza handienetako bat gailu mugikorretara automatikoki egokitzeko sistema da. Horri esker albisteen irakurgarritasuna handitu nahi izan da. Hala ere, irakurleren bati “astuna” iruditu zaio telefonorako bertsioa. Egia da, azala kargatzean pisu pixka bat du (beste hedabide batzuekin alderatuta, antzerakoa), baina arintzeko asmoa dugu. Dena den, telefonoan esteka bidezko nabigazioa erabiltzen da gehien, eta horretan ez dago aparteko arazorik.

Beste ohar batzuk eraiki gabe edo osatu gabe dauden atal edo funtzionalitateei buruzkoak izan dira. Horiek denak bidean daude, baina eraikuntza geldoa da. Lan asko daukagu egiteko. Zuen iruzkin, proposamen eta iradozkinei esker hobeto egingo dugu.

Igor Elortzak txio batean dioen moduan, audaces fortuna iuvat. Hala bedi.

sustatu
Beta bertsioaren inguruan Twitterren idatzitako txioetatik batzuk bildu ditu Sustaturen robot automatikoak.

 

About

View all posts by

One thought on “Irakurleek gustura hartu dute beta

  1. Kaixo! Nik lehen begiratuan somatzen dudana da aurrekoan baino albiste gutxiago jasotzen ditudala sartu eta berehala. Aurreko bertsioan sartu eta segidan, scrolla soilik pittin bat jeitsita lau albiste jasotzen nituen kolpe bakarrean; orain bi baino ez. Hori ez zait gustatu. Bestalde, indar handiagoa hartuko du atal digitalak, hori gustatu zait. Jarraituko dut esploratzen. Animo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude