Astebete luze beta bertsioa fintzen

azalaM7

Astebete luze pasatu da BERRIAk webgunearen beta bertsioa martxan jarri zuenetik. Bada lehen egunotako datu eta irudipen batzuk irakurleekin konpartitzeko momentua. Lehen egunotan webgunea birdiseseinatzeaz arduratu den taldea bereziki irakurleen balorazio, ohar eta iruzkinei adi egon da, arazo teknikoak antzemateko eta ahalik eta azkarren konpontzeko. Gure kezketako bat webgunea kargatzeko abiadura zen, batez ere, gailu mugikorretan. Joan den ostiralean, ordenagailuetako abiadura neurtzeko egin genuen test konparatibo baten arabera, egiaztatu genuen beta bertsioa ohikoa baino azkarrago kargatzen zela, eta inguruko hedabide gehienak baino azkarrago.  Dena den, garatzaileak abiadura azkartzeko lanean aritu dira, eta  emaitzak hobetzea lortu dute, nahiz eta oraindik telefonoetan karga pixka bat arintzeko aukerak aztertzen ari diren.

Irakurle batzuek desajuste tekniko batzuei buruz ohartarazi digute. Adibidez, Asier Sarasuak , Gasteizetik, bi txioren bidez bi kontu ezberdin aipatu zituen. Batetik, albisteetan beheraka nabigatzean eta BERRIAren mantxeta minizimatzean eta albistearen saila eta titularra azaltzean, dardarizo bat agertzen zela.

dantza

Efektu hori zuzendu eta mantxetaren irristatze hori dardarizorik gabe egitea lortu du Iker Balantziaga garatzaileak. Beste arazoa Firefox nabigatzailearekin lotuta zegoen: Goikaldean, ezkerrean, kokatuta dagoen eguraldiaren ikono aldakorra ez zen agertzen Firefox nabigatzailea erabiliz gero.

eguzkia

Halaxe zen, baina hori ere zuzendu da. Horrez gain, egunotan beste desajuste bat zuzendu da: Iritzia ataleko sei irudiak pantaila batzuetan ez ziren lerrokatuta agertzen. Hori ere findu egin da, eta horrekin batera beste zenbait detaile (adibidez, inprimitzeko aukera garatu da egunotan).

Aurrera begira, irakurleek egindako iradokizun batzuk dauzkagu aztertzeko, baina batez ere indarrak bi norabidetara bideratuko dira: batetik, eraikuntzarekin jarraitzera eta, bestetik, aktualitate informatibo mugituari ahalik eta hobekien erantzutera. Webgune berrituaren erakuntzari dagokionez,  menuko atalak lehenbailehen osatu eta indarrean jarri nahi ditugu. Iritzia atalarekin hasita. Halaber, iruzkinak egiteko sistema berria eta etiketen bidez nabigatzeko aukera eskura jarri nahi ditugu. Blog komunitate berritua ere laster plazaratzeko moduan egotea espero dugu. Baita albisteak entzuteko aukera ere.

Bisita datuei dagokienez, esan daiteke beta bertsioak irakurleengan ikusmina piztu duela. Beta bertsioa martxan jarri zen egunean, otsailaren 26an, BERRIAko webguneak 22.395 bisita izan zituen (Google Analyticsen arabera), aurreko egunean baino 3.000 bisita gehiago. Egun horretan bisitari berrien portzentajea %30ko izan zen. Eta, zehazki, beta bertsioak 2.624  bisita izan zituen, guztien %11,71. Ondoko egunetan, erabiltzaileek jarraitu dute beta bertsioa bisitatzen, lehen egunean baino neurri txikiagoan bada ere (%8).

 

 

About

View all posts by

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude