Estrainekoz Altsasun

Estrainekoz Altsasun

Udazkeneko gau horietako bat, ilbera eta hego ikutuarekin. Ilargiak buelta emateko gau bat, Anariren estraineko kontzerturako Altsasun. Anariren musika inguratu eta sentimendu izkutuen zirrikituetatik barnera sartzen den horietako da, harrapatu eta astindu egiten du. Emanaldi bakoitza barne bidaia bat da, edertasunak eta biziminak lagunduta.

Altsasuko emanaldiak badu berezitik. Altsasun lehen aldiz jotzeaz gain, BERRIA eta BADOK-en eskutik jo du Anarik. Sakanan euskal musika sustatzeko ahalegin bati hauspoa eman dio Anariren kontzertuak. Berrehundik gora lagun elkartu dira Iortia Kulturguneko aretoan. Batzuek hasieratik argi utzi dute Anariren jarraitzaileak direla, ez dituzte Anariren kantuak sortzen dizkien emozioak izkutatu, harekin batera kantatu dute hainbat momentutan. Beste batzuentzat, ordea, Anari zuzenean deskubritzeko aukera izan da. Anari Alberdi kantari, letra eta musikaegilea, eta bere talde osoa: Borja Iglesias (gitarrak), Xabier Olazabal ‘Drake’ (baxua), Mariano Hurtado (teklatuak), eta Mikel Txopeitia (bateria). Haiekin batera, Martxel Arkarazo (soinu mahaian).

Joan den maiatzean plazaratutako Zure aurrekari penalak diskoko kantuek osatu dute emanaldiaren ardatza. Otzanak, Oreinak, Nola galdu, Ametsen eraiste neurtua, Orfidentalak,… aletu ditu Anarik, ordena aleatorioan, baina neurtuan, aurreko diskoetako pieza ezagun batzuekin batera (Isla, Aingura Hegodunak, Iparraldeko neska,…). Ordu eta erdiko emozio eta musika astinaldia ixteko eta biribiltzeko, Armagabetzea kantua aukeratu du.

2012an, Zure ziztada kanpainaren harira sortu zen BERRIAk antolatutako udazkeneko gaualdi honen historia. Ruper Ordorikak kontzertu bat eskaini zion BERRIAri, eta Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak azpiegitura eta laguntza. Elkarlan honi esker, Garik jo zuen 2013an, eta Ttantakak Mikel Laboaren omenezko Zazpi aldiz elur ikuskizuna aurkeztu zuen 2014an. Aurten Anari izan da eta ekimenak jarraitzeko borondatea du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer