Lehen zenbaki haiek (#Egunkariak25)

Lehen zenbaki haiek (#Egunkariak25)

1990eko abenduaren 5era, hau da, Euskaldunon Egunkaria-ren benetako lehen alea egiteko unera, estu samar iritsi ginen. Hori da, bederen nire oroitzapen lausotua. Probak egiteko denbora eskasarekin, egunkari bat argitaratzeak eskatzen duen makineria  handia ongi koipeztatu gabe. Gehien gehienentzat lehen aldia zen egunkari batean kazetari aritzea. Hala ere, bagenekien atera egingo zela, biharamunean kioskoetan izango zela lehen zenbakia. Nire oroimenak ez banau engainatzen, Lasarteko egoitzan erredakzio eta ekoizpen lanak amaitu ondoren, batzuk errotatibara hurbildu ginen, Egin-en errotatibara, Hernaniko Eziago poligonoan. Ongi ezagutzen nuen nik errotatiba hura, Egin-en erredakzio gelaren azpian zegoena, ostegun gauetan Hemen astekariaren aleak nola ateratzen ziren ikustera maiz joaten  nintzelako, dena ongi zihoala ikustera eta  ale argitaratu berri horietako bat hartu eta etxera eraman.  1990eko abenduaren 5eko gau hartan, Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakiaren ale batzuk hartu eta Lasarteko egoitzara eraman genituen. Emozioa bai, baina ez dut uste ospakizun handirik  izan zenik. Cava pixka bat baino ez, plastizkoko edalontzietan.

Lehen gaua
Lehen gaua Lasarteko egoitzan.
Egunkaria - lehen zenbakia
Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakiaren azala.

Nire lehen pausoak Politika Sailan izan ziren, Lasarteko egoitzan, Xabier Lekuona sailburuaren ondoan. Bi kazetari baino ez egoitza nagusi hartan. Baina ongi lagunduta ordezkaritzetan: Luzien Etxezarreta (Baionan), Zorion Zamakola (Bilbon), Felix Iriarte (Gasteizen) eta Ana Unanue (Iruñean).

Lehen zenbakiak erakargarri egiteko, Politika Sailean elkarrizketa batzuk eskaini nahi izan genituen, proiektuaren zabaltasunaren lekuko izango zirenak. Elkarrizketa batzuk aldez aurretik eginak izan arren, lehen zenbakian bat ere ez argitaratzea erabaki genuen, lehen zenbaki hark ez zezan ezein loturarik egin alderdi jakin batekin. Beraz, lehen elkarrizketa politikoa bigarren zenbakian argitaratu zen: Juan Mari Bandres Euskadiko Ezkerrako presidentea eta eurolegebiltzarkidearekin, nire sinadura daramana.  Bandresen abokatu bulegoan egindakoa izan zen (Carlos Villagran argazkilariaren argazkietan ongi ikusten denez), eta oso tratu atsegina jaso izana dut gogoan. Titularra hor gelditu da betiko: “Laster, Estatuak balio sinboliko izango du”.

Elkarrizketa Juan Maria Bandresekin

Bigarren elkarrizketa Luzien Etxezarretarena izan zen, Paul Badiola Donibane Lohizuneko auzapezari. Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbaki haiek errepasatzean, argi azaltzen da Ipar Euskal Herriak toki garrantzitsua duela egunkarian. Baita Nafarroak ere.

Elkarrizketa Paul Badiolarekin

Hirugarren elkarrizketa, abenduaren 9an argitaratua, Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin egindakoa izan zen. “Ez dut beldurrik inorekin hitzarmenik egiteko” titularra atera nion. Hasieratik erakutsi zion Imanol Muruak begirunea Euskaldunon Egunkaria-ren proiektuari, eta beti izan zituen irekita bulegoko ateak. Ordukoa ez zen izango zapai altuko eta egur noblez egindako altzairudun bulego hartara egindako azken bisita.

Elkarrizketa Imanol Muruarekin

Laugarren elkarrizketa astearteko zenbakian iritsi zen, 1990eko abenduaren 11n, Xabier Lekuona kazetariaren eskutik: Iñigo Iruin HBko Mahai Nazionaleko kidea. Ezker abertzalea eta abertzaletasun historikoaren arteko hitzarmen proposamen bati buruz hitz egin zuen Iñigo Iruinek orduko elkarrizketa horretan, posibilitate horrek bereziki PSOE kezkatzen zuela aitortuz.

Elkarrizketa Iñigo Iruinekin

Lau elkarrizketa horiek izan ziren lehen egunetarako prestatu genituenak, jarraian argitaratzeko. Gero gehiago etorriko ziren, baina beste erritmo batean. Hasierako garai haietako bi aipatzea merezi du. Adibidez, Fernado Salas  abokatuarekin egindakoa (Amedo eta Dominguez polizien kontrako auziko akusazio partikularraren ordezkaria), edo Juan Cruz Alli UPNko bozeramailearekin Ana Unanuek egindakoa.

Elkarrizketa Fernando SalasekinElkarrizketa Juan Kruz Allirekin

Anekdota gisa, nire lehen analisia (orduan ‘Eritzia’) Jose Maria Gorordo Bilboko alkatearen dimisioari buruzkoa izan zela aipatu daiteke. Eta nire lehen erreportajea neofaxismo italiarrak euskal mugimendu abertzalearen kontrako gerra zikinean izandako lotura azaltzeko izan zen, Giovani Giacopuzzik Stefano delle Chiaie neofaxistari egindako elkarrizketa kontestualizatzeko.

neofaxista italiarrak

Atzera begiratuta, kazetaritza ona egiteko gogoa ikusten dut Euskaldunon Egunkaria-ren orrialde bazter guztietatik, lerro artean ere. Azkar ikasteko behartuta, eguneroko jarduna ‘unibertatsitate’ bilakatu zen. 1990eko abenduaren 6an Euskaldunon Egunkaria martxan jarri zuen taldeak ekarpen handia egin zion euskal kazetaritzari. Mugarri historikoa jarri zuen. 25 urteko ikuspegitik begiratuta, bidea emankor eta aberatsa izan da. Talde lana eta hobetzeko etengabeko saiakera izan dira horren gakoak. Jakina, katea ez da eten.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer