Harpidedunak, etorkizuneko gakoa

Harpidedunak, etorkizuneko gakoa

‘Euskal espazio komunikatiboa. Aukera eta erronka’ izenburupeko jardunaldia egin berri da Bilbon, Ezkerraberri fundazioak antolatuta. Gogoetak plazaratzeko aukera eman du eta gogoeta egiten jarraitzeko akuilu izan da.

‘Eraldaketa-garaiaren aurrean, zer?’ goiburuko mahai-inguruan parte hartzeko aukera izan dut, Iñaki Soto (Gara), Lourdes Perez (El Diario Vasco), Pedro Gorospe (El Pais) eta Lontxo Saiz (Eitb) mahaikideekin batera, eta Pili Kaltzadaren gidaritzapean.

Interneteko iraultzak hedabideetara ekarritako eraldaketa kontuan harturik, BERRIAren etorkizuna nola irudikatzen dudan azaltzeko New York Times egunkariak argitaratu berri duen Journalism That Stands Apart barne txosteneko ideia bat erabili dut. “Zein da The New York Timesen negozio eredua? Labur esanda, funtsean, harpidetza negozio bat gara”. New York Timesen txosteneko baieztapen hau BERRIAren kasura ekar daitekeela uste dut, azken batean, BERRIA ere bada harpidetzan oinarritutako proiektu bat.

Berez, historikoki, harpidetza euskal prentsaren motorra izan da: Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Argia, Euskaldunon Egunkaria,… BERRIAren kasuan ere, nahiz eta harpidetzaren izaera birmoldatu egin den azken urteotan: ez da sortu harpidetza digitala, baina papereko harpidetza tradizionalari BERRIAlagunaren figura gehitu zaio (hau da, nolabaiteko proiektu harpidetza).

Era zabal honetara ulertuta, harpidetzaren pisua gaur iraganean baina nabarmen handiagoa da, eta etorkizunean handiagoa izango da. 2008an, harpidetza bidez (orduan papereko harpidetza bakarrik) lortutakoa diru sarreren %30 ingurukoa zen. 2015ean, aldiz, BERRIAlagun harpidedun, norbanako BERRIAlagun eta BERRIAlagun iragarleen bidezko diru sarrerak %42 inguru izan ziren (Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza diru-sarreren %16). Beraz, etorkizunaren gakoa irakurle-ekarleen esku egongo da. Etorkizun hori bermatzeko, kazetaritza ona egiten jarraitzea bermatzeko BERRIAlagun gehiago beharko dira.

Estrategiaren ikuspuntutik, horrek esan nahi du irakurleak asetu eta irakurle berriak erakarri, eta irakurleak ekarle bihurtzeko ahaleginek berebiziko garrantzia daukatela, klik kopurutik harago.

New York Timesen txostenetik ekarritako gogoeta honekin batera, besteren bat gehituko nuke internetek eta teknologiak eragindako eraldaketa aintzat hartuz.
Bat. Komunikazioa, oro har, gero eta bisualagoa da, eta narratiba bisualak gero eta garrantzi handiago du. Beraz, New York Timesen txostenak dioen bezala, “egunero produktu bisualago bat sortzea egundoko aukera da”.
Bi. Komunitatea elikatu eta aukera berriak eskaini behar zaizkio. Azken batean, “agian ezerk ez du eraikitzen irakurleen leialtasuna konpromisioak egiten duen bezala, komunitate baten parte izateko sentsazioak”.

Bi gako horiekin batera, neurketa, prestakuntza, antolaketa eta mugikortasuna ere zaindu eta landu behar dira.

 

OHARRAK

New York Timesen txostenaren bi laburpen euskaraz:
New York Times, kazetaritza bisualago eta arinagoaren bila (Edu Lartzanguren / BERRIA)
Kazetaritza digitala aipagarri bihurtu (Behategia)

Jardunaldiaren parte interesgarri batzuk bideoan daude grabatuta.

1. Josu Amezagaren hitzaldia:
“Espazio komunikatiboaren garrantzia herrigintzaren erronkaren aurrean”

2. Eztabaida saioa: 
Euskara, espazio komunikatiboa indartzeko aukera edo oztopo?
– Kokatze-ponentzia: Beatriz Zabalondo
– Mahaingurua: Aritz Agirre (EITB), Martxelo Otamendi (BERRIA), Jon Barriola (Noticias Taldea), Jexux Murua (Toloaldeko Ataria) eta Alberto Barandiaran (Hekimen). Moderatzailea: Estitxu Garai.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer