Gezurrak eta Gezurtiak
Ez zaizkit gezurrak gustatzen eta gutxiago gezurtiak;
Gezur txikiak zein handiak, gaiztakeriatik datozenak,
Gezur borobilduak edo mutur-zorrotza duten gezurrak,
Denak dira mingarriak.
Beraien gezurrak sinisten dituztenek pena ematen didate, nahiko lan dute eta horrelako egoerak sortzen dizkien ondorioak kudeatzen…
Baina batez ere gertukoen gezurrek ematen didate mina.
Gezurrak esaten ikasi egiten ote da? Edo ba ote daude ‘de serie’ barruan dakartenak?
Duela gutxi, ezagun batek gezurra esan zidan. Min handia eman didan gezur txiki horietako bat. Hainbesteko minaren zergatiaren bila nabil orduz gero. Beharrezkoa ez zen gezur bat izan da. Nire bizitzan eraginik izan beharko ez lukeena, baina badu, eta horrek asaldatu nau.
Badakit orain arazoa ez dela bere gezurra; arazoa gezur horrekin egin dudan kudeaketa da. Erabakia orain nirea da. Gezur horri bueltak ematen jarrai dezaket edo gezurrak sentiarazi didanari buelta eman diezaioket.
Egunero argitzen duelako, eta idazteak barruak askatzen laguntzen didalako, nik behintzat idatzi honetan bota dut barruko sentitze ez-eroso hau.
Gezurrak bide motza du eta gezurtiak etorkizun iluna.
Nire egunak berriz ARGIA….
Gaur ere argitu duelako 🙂