San Juan San Juan heldu da…

San Juan gaua berezia da. Udako solstizioak dakarren misterio kutsua, suak ematen duen indarra… denak batera gauza txarrak alde batera utzi eta etapa berri bat indarrez hasteko aukera ematen dute.


San Joan, San Joan heldu da
sorgin begia galdu da
galdua bada galdu bedi
sekula agertu ez baledi!
San Joanek ez dauka
besterik gogoan:
gariak eta artoak gorde, gorde
sorginak eta lapurrak erre, erre.


Sutara bota behar ditugu urtean zehar barruak jan dizkiguten beldurrak; sutara baita ere haserreak, liskarrak; sutara pentsamendu negatiboak; sutara motxila pisutsuak; sutara gaixotasunak; eta sutara minak. Sutara injustiziak eta sutara mamuak eta banpiro emozionalak!

Sutara dena bota eta har dezagun suaren indarra aurrera jarraitu ahal izateko, ametsak egi bihurtzeko. Suak eman diezagula barruko lasaitasuna, suak eman diezagula osasuna, umorea eta bizipoza 🙂

San Juan berezia da niretzat. Ama Juanita (Juana) izanik eta aita Jon Miren (Juan Maria), amaren auzoa San Juan auzoa…. ezin dut ukatu barruak ondo nahasten dizkidala ‘santu‘ honek.

Aurten sutara zer botako dudan pentsatzen hasi eta sorpresa itzela hartu dut. Beste urteetan ez bezala, ez daukat bereziki erre nahiko nukeen ezer. Agian beldurren bat edo beste botako dut, baina hori bakarrik.

Ateak ixteak onura ekarri didala ezin ukatu. Barruko bakea sentitzea gauza ederra da. Inoiz sentitu ez dudan lasaitasuna daukat eta hori zoragarria da. Gaurko gauaz gozatzea espero dut. Sorginak eta artzainak suaren inguruan dantza egin dezaten txistua joko dugu, ozen abestu eta ondoren erromerian dantza egitera animatuko gara…

Zer gehiago eska diezaioket nik ba gau magiko honi?

Eta zuk… zer erreko duzu gaur?

Egunero argitzen duelako….

sutara erre nahi duguna!

eta bihotzera …..

gorde nahi duguna.

 

 

One thought on “San Juan San Juan heldu da…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer