Malko asko geratzen zaizkit

Ama, Aita

Bi hitz, bi eredu, bi oinarri.

Dagoeneko begiak lehortuta behar nituzke, baina ez.. oraindik zuetaz oroitzean negar egiten dut, malko-depositu amaigabea dudala dirudi…

GURASOEI GUTUNA lehiaketa dela eta beste pertsonen gutunak irakurtzen ari naiz; bakoitzak bere moduan, maitasun, min zein gorroto jarri ditu paperean.

Nik gaurkoan beraien sentimendu eta emozioekin bat egin eta nire minak berriro azaleratu ditut. ze ingo diogu ba! 

Ama, Aita.

Faltan zaituztet, ez dakizue ondo nola

Itxaro

GURASOEI GUTUNA

“Azken momentura arte, zure ondoan egoteko aukera eman zenidan, biok bakarrik elkar hartuta, halaxe egin zenuen azken bidaia, besarkada luzea eman ostean, joateko lasai esan nizun, segi argiari ama xuxurlatu nizun belarrira, denok ondo gaude eta zu nekatuta zaude, hartu atseden eta besarkatu ezazu ama, argi ederrean zain duzun ama. Hau esan orduko arnasa estutu zitzaizun eta azken hatsa eman zenuen ia 102 urte zenituela.” Lupetza

“Zuk ez zenion entzun, baina aurreko batean esan zidan zuri minik ez egiteko munduratzeko ordua iristen denean. Badakizu zer erantzun nion? Nik ez dakidala min egiten.  Zer da mina, ama? Nik ere baditut nire sekretuak eta zuri guztiak kontatzen saiatuko naiz. Izango dut nahikoa denbora? Bi segundoko zenbat ordu izango ditugu elkarrekin egoteko, ama?” Eleder

“Ikaragarri maite zaitut aita! Nirekin eman zenituen urteak benetan merezi izan zuten eta oso zoriontsu egin ninduzun. Ez dakit zein izan zen pentsatu zenuen azken gauza, baina noizbait txarto sentitu bazara era arin horretan gure bizitzetatik joan izanagatik, lasai egon zaitez. Sekula ere ez zarela gure bizitzetatik irten, gure pentsamendutan zaude egunero, eta horrek bizirik mantentzen zaitu.” Andrea

“Baina egun dudan guzti-guztia, senarra, alabak, lanbidea… ez da ezer zuek ez bazaudete nire ondoan. Bai, badakit independiente itxurak egiten ditudala eta beti erakutsi izan dudala bizkar handiko emakumea naizela eta gurdiari tinko heltzen diodala eta igo behar den aldaparik gogorrenari ere aurrea hartzeko gai naizela beti erakusten dudala… Baina…” Miren

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer