Eutsi!

– Eutsi! Itxaro, eutsi! – hori zen igandean behin da berriz nere buruari errepikatu niona.

Duela urte bete, egunen batean Behobia-Donostia lasterketan korri egingo nuela esango balidate, parre egingo nuke… egia esan, edozein kirol egingo nuela esanda ere… erantzuna berdina izango litzateke (HEMEN ARRAZOIA: haur baten etorkizuna nola zapuztu).

Nolatan bukatu det orduan dauzketen poz-agujeta hauekin? Aspalditik esaten nuen 40 urte bete aurretik edo 3. haurra izan ondoren lasterketa hau egitea gustatuko litzaidakeela… baina hara! aurten 40 urte bete ditut eta 3. haurra izatearena aspaldi ‘deskartatu’ genuen.. beraz aitzakia ederra nuen lasterketa ez egiteko.

Martxoan, UrHanditan saioaren atal berezia grabatu genuen, bertan Maite Olea ezagutu nuen, bularreko minbizia gainditu eta Behobia-Donostia lasterketa egitea lortu zuen emakumea. Hizketan geundela, Xabier Euzkitzerekin batera, lasterketaren gaia atera zen, eta nik lasai asko bota nien nere asmoak zein izan ziren eta nola 40 beteko nituen uztailan, ba, pasa zitzaidala Behobia egiteko aukera. Bota bezain pronto erronka moduko bat jaso nuen bueltan, orain zela garaia, posible zela…. ta nik onartu.

Oinez ibiltzea asko gustatzen zait, eta egia da, kilometro asko ditudala hanketan, oinez eginak. Poliki-poliki oinez kilometro gehiago eginez hasi nintzen. Tartean GAILUR bat ere 😉 eta abuztuaren erditik aurrera korrika… ene aurreneko egunak! kilometro bat jarraian egiteko gai ere ez nintzen.. tarteka 2… eta beste batzuetan 3!

Lasterketa baino hilabete lehenago, gai izango ez nintzela eta, egingo ez nuela erabaki nuen. Lagun bati komentatu nion eta etxera iristean email batean, tokatu zitzaidan dortsalaren zenbakia; 29097. Bihotzak buelta eman zidan, ezin nuen xinistu.. berriro hor zegoen, San Migelen zenbakia (ikusi 9:29). Egin beharra neukan.

Gorputzak zuen ohitura falta eta ‘astakilo’ izatearen ondorioz, bi egun beranduago lesionatu ez nintzen ba!… eta 2 astez geldi egotea tokatu zitzaidan.

Ez dakit dortsala izan den, beraiek izan diren, baina lasterketaz gozatu nuen. – Eutsi! Itxaro, eutsi!- esaten nion nire buruari, eta eutsi nion, eutsi, eta bukatu nuen. Iristean egin nuen negar saioa. Inoiz pentsatu ez nuena egitea lortu dut eta. 20 kilometro korrika eta puskatu gabe.

Egunero argitzen duelako, eta egunero dugulako erronka berriei aurre egiteko aukera #superazioa


Nere ondoan izan nuen ‘botillero-aingeru goardakoari’ eskerrak barru-barrutik. Azken 20 urte hauetan bezala, lasterketan hor izan zaittudalako.

4 thoughts on “Eutsi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer