MARATOIA

GOIBERRI-n publikatua 2019/07/19

2019/07/10 Bizitza maratoi bat da. Mendiko maratoia. Bere gora beherak ditu. Lokatza batzuetan, lur gogorra besteetan. Aske sentitu zaitezke bidean barrena, beste batzuetan berriz gelditu nahiko zenuke, gelditu eta etorri zaren bidetik etxera buelta egin.

Artikulu hau idazten hasi naizenean 42 urte bete berri ditut, 42+6 egun zehazki. 40 urte bete nituen arte kirolik ez nuen egin eta urte horretan hasi nintzen korrika (nire aita entzuten dut oraintxe: ¿te persigue alguien o qué? esanez…). Eta iaz, urtarrilean mendia probatu nuen… probatu eta gustua hartu… hemendik 4 egunera nire aurreneko mendi maratoia korri egitera noala. Prestaketa zoragarria izan da, poliki-poliki nire indarrak neurtzen joan naiz, nire limiteak ezagutu ditut, eta egiteko gai ez nintzela pentsatzen nuen gauza pila egin ditut.

Azken hilabetean ordea gorputzak planto egin dit. Belaunak minez ditut eta gelditzeko beharra izan det. Beraz, ez dakit hemendik 4 egunetara zer gertatuko den. Atera, aterako naiz, baino bukatu…auskalo!

2019/07/15 Aurrekoan artikulua idazten hasi nintzenean aipatu nuen maratoia atzo izan zen. Gogotsu, indarrez, emozionatuta eta nerbioak dantzan joan nintzen irteerara. Ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen, gai izango ote nintzen ibilbide osoa egiteko, norainokoa izango zen nire indarra. Maratoia ederki hasi zen, irteera baino lehen maite dituzun pertsonak zure ondoan dituzula sentitzea besterik ez dago oraindik eta gogo gehiagoz erronkari ekiteko.

Aldapan gora abiatu ginen, Beasaindik Usurbera, poliki, baina pausuak ondo emanez, lurrean hankak jarri eta goraka gehiegi begiratu gabe. Bizitzan bezala, unean unekoa, pausu bat hemen, bestea hor…kontuz harriak zapaldu gabe, mina hartu gabe, ondokoari enbarazu egin gabe…. Helburuak aurrean izanez, baina hauekin obsesionatu gabe…

Aurreneko tontorrera espero baino lehenago iritsi ginen.

Behin aurreneko anoa postua pasata bigarrenaren bila! Murumenditik pasatzearekin batera Mariren eta ikusten ez ditugun, baina gurekin daramatzagun guztien presentzia. Beste indar txute bat! Hortik Mandubira, hemen ere maite ditugun eta maite gaituzten pertsonak animoak emateko prest. Mandubitik Kizkitzara. Kizkitza da ibilbidetik gehien gustatzen zaidan lekua. Zenbat jende, zenbat animo! Kizkitzatik Atxurtzara bidean berriro maitasun txaloak… honela zeinek ez du ba Izazpi ziztu bizian igoko!  Izazpiko tontorrean ia maratoi erdia egina genuela bagenekien, eta gure hankak ere kontziente ziren hortaz… nekatzen hasita, baina aurrera jarraitzeko prest jatsi genuen berriro Atxurtzara eramango gintuen bidea. Atxurtzako anoa postuan berriro animo pila. Hemendik Kizkitzara…. Eta nekearen presentzia.

Nekatuta, belaunak kexan… hanka bakoitzean 50 kilo izango banitu bezala sentitzen nintzen. Baina hemen ere aurrera jarraitzeko arrazoi eta indarra topatu nuen. Urteak pasa ahala, benetan maite zaituen jendeak hor jarraitzen du. Momentu on eta txarretan zure ondoan egoteko. Ez aurretik tiraka eta ezta ere atzetik bultzaka, ondoan baizik. Hemendik aurrera falta ziren 15 kilometroak sufritu nituen. Burua indartsu neukan, baina hankak bizitza propioa zutela zirudien. Arriarana jaitsiera, hortik Agortara eta Agortatik Beasaina. Agortan muxuak eta besarkadak, jendea pozik, nire lorpena berauena balitz bezala ospatuz. Hori gauza handia da!

Beasaina, nik espero baino ordu bete eta 15 minutu lehenago iritsi ginen eta hemen jasotakoa bihotzean ondo gordeta utziko dut urte askoan.

Gaur gorputza kexan daukat. Baino burua lasai eta pozik. Erronkak izatea ona dela pentsatzen dut. Bakoitzak bere limiteak non dauden ezagutu behar du eta horretarako beldurrei aurre egitea beharrezkoa da. Ezina, ekinez egina. Kiroletako balio ez zuen pertsona batek idatzia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer