Ulergaitzak direnak

Panorama nabar samarra Euskal Telebistak astelehen gauerako lotu ziguna. Informatiboak amaitu eta errealitatearen zartakoak jasatzeagatik —txikiak azukre dosiekin saritzen diren legez—, anestesikoa jarri ziguten ondoren. Tú al norte y yo al sur bigarren katean, eta Gu ta gutarrak lehenengoan. Egia esan, informatiboek pildora leunak utzi zizkiguten; adibidez, Arantza Quirogak Kataluniako aferan ardura guztia Rajoyrengan ez jartzeko eskatu zuen. «Ez da justua». Amatasunez aritu zen, nagusiaren gaitasuna nahi gabe mespretxatuz —baina nork daki—. Espero dut Quirogari inork kasurik ez egitea, Rajoyren balio umoristikoa gal ez dezagun —Espainiako maila politiko ustelaren erakusgarri, bide batez—.

Auzo lotsaren hariari jarraiki, Gu ta gutarrak saioa. Eta hori, haiekin adiskidetzen ari nintzela. Barre eta negar eragin ziguten. Batetik, sofatik ezin eutsitako algarak loratu zitzaizkigun, nominazioetan negar malkotan ikusi genituenean. Lehiaketa batean, lehiakidearearekin lehiatuz, beste parte hartzaile bat nominatzeari eman nahi dioten drama sakon eta espektakularizatutakoaren funtsa ulertzea kostatzen zaigulako. Bestalde, negarra, lehiakide musulmanaren inguruan sortutako eztabaida dela-eta —interesgarria esango nuke—. Plato oso bat kultura bat kolokan jartzen. «Hona etorri bazara, hemengo ohiturak ikasi behar dituzu», eztabaidaezina dirudien argumentuaren menpe. Eusko Irratietako profesionalen kaleratzeak eztabaidaezinak diruditen bezala. Hain zuzen, Gu ta gutarrak-eko surflariari Gazteak tarte baten tokia eman dion bitartean. Ulergaitzak diren kontu horiek.

Eskerrak, ondoren, Xabier Madariagak gidatutako eta Ander Iriartek zuzendutako 40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea dokumentala ikusteko parada eskaini ziguten. Txalo bero bat, lantaldeari eta memoria historikoaren alde aktiboki lan egiten dutenei. Euren buruarekin bada ere. Azpimarrak jarrita, naturaltasunez ertzak erakutsi zizkiguten, ikusi, barneratu eta hausnartzea merezi duen piezan. Amaiera aldera, Etxebarriko Txiki eta Otaegi plazan egin zuten kale inkesta. Hor piztu zitzaidan memoria. Izan ere, gure amamak, plaza hartako Atutxa etxearen azkenengo solairuan bizi zenak, etxeko egongelan obus bat erortzen ikusi zuen. Horrek eztanda egin ez zuelako ari dira lerro hauek jaiotzen.

Txortan egin- bizi- hil

Gaztezulotarrak Zinemaldiko Sail Ofizialaren kiribilean burubelarri sartuta gabiltzan honetan, hainbeste pelikula irensteak liseriketa pausatu eta gazi gozoa uzten ari zait. Batetik, horri esker, estreinakoz parada izan dugulako Hamaika Telebista, BERRIA eta Irutxuloko Hitza-rekin batera Zurriolako Butaka saioan egoteko. Aurreko urtean ere Ekografiak zutabea probestu nuen egiten duten lan bikaina laudatu eta bide batez taldea zoriontzeko. Aurten, ordea, Gaztezulo aldizkariko kide izateagatik talde txikia lanean ikusteko aukera izan dut —eta horren parte izateko—. Kamera teknikari bat bi kamera eta bi mikrofono kontrolatzen ikusi dut. Errealizazio teknikari bat, saioaren streaming bidezko konexio kontrolatzen, eta noski, saioaren errealizazio lanetan. Horiekin batera, aurkezle bat eta zuzendari bat, aurpegia jarri eta gaiak zein gonbidatuak lotzen. Talde horrekin batera sartu irtenean aritu dira, sortzaileak, kritikariak eta kazetariak. Egia da, Zurriolako Butaka-ko irudia eta soinua ez direla apartekoak. Egia da, zuzenean maiz gerta daitezkeela hanka sartzeak. Akats humanoak zein teknikoak. Eta egia da, hala eta guztiz ere, lantalde txiki horren lana erreferentziazkoa bilakatu dela Zinemaldian. Erabat beharrezkoa dena egiten du Zurriolako Butaka-k, alegia, guztiei hitza eman eta elkarrekin eztabaidan jarri. Euskaraz. Arraroegia da hitzok esan ditzadan, baina zenbaitetan, barruan ere egon behar da, behin kanpotik sortutako iritzia sendotu edo erabat aldatzeko. Kasu honetan, sendotzeko izan da.

Bestalde, Sail Ofiziala zer pentsatua ematen ari zait. Momentuz, nagusiki, heriotzak eta txortaldiak ikusi ditut gehienbat. Film guztietan. Hori dela eta, otu zait gizakiok irudikatutako jaio-bizi-hil eskema, ez ote den zuzenagoa txortan egin-bizi-hil bilakatzen badugu. Zalantzarik gabe eros eta tanatos modan daude. Galde diezaiotela bestela, asteazkenean katez aldatzen ari nintzela harrapatu nuen Cámbiame saio erdeinagarri horri. Moda eta oinarrizko pultsioak nahasten dituen saioan, behin baino gehiagotan hil zorian egondako neskatilaren bizitza lau haizetara zabaldu zuten. Ez dakit itxuraz aldatu zuten, baina hori bai, gaixotasunaren lepo audientzia iltzatu eta negarrez utzi zutela bai. Nazkagarria.

Butakatik jarraitu dugu pulsion ibilbidea. Ahal dela, Zurriolakotik.

Zenbat kostatzen den

Inbidiarik ez diegu katalanei, ondo esan zuen Andoni Ortuzarrek. Igandeko hauteskundeen emaitzaren ondotik, are gutxiago —jainko potzoloa, ea nola txukuntzen duten etxea orain—. Eta inbidiarik ez diegunez katalanei, ez eta TV3 telebista kate publikoari ere, goazen ikustera Ortuzarrena izan zen telebistak nola jarraitu zuen Kataluniako hauteskunde gaua. Goazen ikustera, adibidez, nola 17:00etan ematen hasi ziren pilota partidek, jarraipena zuten oraindik ere 20:00etan, dagoeneko beste telebista kateetan lehen inkestak ematen hasi zirenean. CUP alderdiari 11-13 eserleku, euskaldunok bikote gorriaren hamahirugarren tantoa ikusten genuen bitartean. Aldiz, partida inportanteak jokatzen diren lekuan, ETB2n, Kataluniako hauteskundeei buruzko saio berezia abiatua zuten, 20:00etan, Aintzane Bolinaga eta Juan Carlos Etxeberria gidari, Bartzelona beretik.

Eskerrak gero zuzendu zuten kontua ETB1en. Zuzendu edo. Catalunya agur! erreportajearekin —eta ze egokia agur hitzaren anbiguotasuna, hauteskundeen emaitzak ezagutu aurretik—. Ahalegin eskergarria izan baitzen, baina pixka batean etsigarria. Batez ere elkarrizketatuen aukeraketagatik —eta ea noiz egiten dugun hausnar serio bat, izendegia berritzeko mesedez—: Gorka Knörr eta Toni Strubell klasikoak —Kataluniaz ari garenean ezinbestekoak—, Jose Maria Gay de Liebana —beldurraren argudiaketa osoa paseatuz, koka kiloka hartu duenaren ahoskeraz—, Juanjo Puigcorbe —nola definitu tipo hau?—, eta horiek gutxi balira, errematerako, Anaitz Arbilla Espanyol futbol taldeko jokalaria —«ze bueno, nik uste, bueno»—.

Halako batean hasi zuten albistegi berezia ETB1en ere, 21:45, buelta horretan. Baina, kontxo, ETB2koaren aldean —bi aurkezle, bi politologo, Bartzelona beretik—, ETB1ekoa eskas samarra izan zen: estudiotik, gidari bat —Amaia Cayero— eta politologo bat —Asier Blas—. ETB3n eman izan balute, zer, izango ziren hiru aurkezle, hiru politologoak? Kontsola gintezke esanaz, ETB1ekoan, Blasen sapientzia guztia barreiatu ahal izan zela. Beharra duenak beti aurkituko du kontsolamendua. Eta Ortuzarrena izan zen telebistaz hitz egitea maite dugu hemen, inbidiarik gabe, batez ere ETB1 euskarazkoaz. Susmoa baitugu, ez badugu egiten, inon gutxi egingo dutela. Jakingo balute batzuetan zenbat kostatzen den.

Misio ezinezkoa

Esan genuen: nik ere pentsatzen dut Euskaldunak bezalako zerbait behar duela gaur ETBk. Euskarazko katean, jakina. Eta nik ere pentsatzen dut gaztelaniaz azpidatzi eta gaztelaniazko katean ematea ere komenigarria litzatekeela, gaztelaniazko komunitateak izan dezan euskaldun apurron albiste. Kike Amonarrizek esan izan du halakorik inoiz: Tribuaren berbak saioaren harira, erdaldunentzako saioa egin beharko litzatekeela. Baina, kasu honetan, eta Amonarrizen hitzetan, saioaren bikoizketak edo azpidatziek ez luketela balioko. Hala, saio berezitua egitea izan beharko litzateke helburua.

Bada, saio hori egin zen, Aprender euskera, misión posible. Zenbat jendek ikasi du euskara? Zaila al da euskara ikastea? Jendeak zergatik ikasi du euskara? Galdera egokiak guztiak, ez bakarrik, baina baita Euskal Herriko erdaldun gaztelania hiztunentzat ere. Eta estreinaldi data jarri zioten: 2015eko irailaren 21a. Ordua orobat: 23:30 —berandutxo, akaso—. Amonarrizek berak txiokatu zuen, igandean bertan: «Bihar astelehena (ETB2-23:30) Tribuaren berbak berezia: Aprender euskera, misión posible. Ikusi spota eta zabaldu». Spota ere bazuten eta!

Eguna bazuen, ordua bazuen, spota ere baldin bazuen, zer demoniogatik ez zuten azkenean eman? Palaciosek atzo galdetzen zuen pertinenteki: zergatik ez zuten Kike Amonarriz eta bere lantaldearen programa eman? Isiltasun administratibo-telebisiboa. Eta eskerrak Amonarrizek berak -eta bera izan behar ote zen?- sare sozialetan esan zuen emanaldia bertan behera geratzen zela; bestela oraindik telebista aurrean nengoke, ergel baten modura zain, krispetak eta guzti: «Jakin berri dugunez, Aprender euskera, misión posible ez da gaur emitituko. Noiz emango den jakindakoan esango dugu. Barka eragozpenak». Ez dago azalpenik, ez dago motiborik, ez dago ulertuko duen amaren seme-alabarik. Zergatik aldatu dute Tribuaren berbak berezia, eta ez, adibidez, astelehenean bertan estreinatzen zen Tú al norte y yo al sur? Eta seguru izan dela oker ttiki garrantzigabea. Ze, emango dute, noski, Tribuaren berbak gaztelaniaz, ETB2n: bihar bertan, ordutegi hobean, 22:30ean. Arazoa ez da —oraingoan— hori. Arazoa da, beste behin ere, gaztelaniazko komunitateak euskaldun apurron albiste izatea misio ezinezkoa dela.

Konspiranoikoak

Donostiaratu berri, unibertsitatean ezagutu nuen bizpahiru urte atzera Ardales (Malaga, Espainia) herriko lagun bat. Noski, adiskidantza horrek astelehen gaueko Tú al norte y yo al sur saioaren emanaldia are entretenigarriagoa egin zuen. Etengabeko «aizu, zure herriko jendea horrelakoa al da?» galderari beti ematen genion erantzun berbera: «Eta zure herrikoa?». Argi dago reality batean parte hartzeko errazago hartuko dutela —casting-etan ikusi genuen bezala— Granadan (Espainia) «alanbrada» dagoela uste duen norbait, zerbeza marka Alhambra dela ondo dakiena baino. Dena den, kontu bat inkultura da edo inguratzen zaituenari arretarik ez jartzea, eta beste bat, bertatik bertara ohiturez barre egitea. Alegia, andaluziar batek txalapartaz edo euskal dantzez egin zuen bezala, horien gainetik flamenkoa jarrita. Mezu bat xalao horrentzat: Horrelakoa ez, mutiko.

Lagunak Canal Sur kate andaluziarrean jarraitu zuen gure etxean ETB2 ikusi bitartean. Batera estreinatu zuten. Kurioski, ETB Sat-ek Orioko arraunaren inguruko Tribu Horia saioa ematea erabaki zuen —nola? Baina ez al zen reality-a gaueko izarra?—. Tribuaren berbak-en saio berezia ordutegi ezin kaskarragora bideratu zuen. Hala ere, zergatik ez zuten Kike Amonarriz eta bere lantaldearen Aprender euskera, misión imposible programa eman?

Andaluziar eta euskaldunon artean martxan jarri den zirku-memoria-historiko-anestesikoak badu oraindik argitu ez dugun ertz bat. Hots, edozein konspiranoia pelikulerotan irakatsi diguten arrasto bat. Dexterrek aztarnarik utzi gabe akabatzen irakatsi zigun bezala, eta CSIk dena planeatzen harrapa ez gaitzaten. Iker Jimenezek ere bere lana egin du, Hollywoodeko hamaika pelikularekin batera. Adibidez, Seven. Hori da, zenbakiez ari naiz. Zergatik andaluziarren eta euskal herritarron artean 8 zenbakia erabiltzen da etengabe? Zortzi abizenekin hasi ziren, horren konnotazioa arras ezaguna zaigu Rh negatiboarekin batera. Purutasuna. Tú al norte y yo al sur saioak zortzi kide ditu talde bakoitzean. Egin kontu, martxa honetan andaluziar eta euskaldunon arteko sinbolo numerikoa zortzi izango dela. Gure zortzigarren lurraldea izan nahi al du Andaluziak? Izango al da Katalunia motor ekonomikoak alde egingo duela argi ikusten dutelako?

Ez bakarrik Espainiatik

Ditxosozko reality horiekin bukatzeko, bestela pentsatuko duzue maite ditugula eta: abian da Gran Hermano 16. Pentsatu orain berau ikusten duten gazteek, hamahiru, hamalau, hamabost urtekoek, ez dutela besterik ezagutu. Mikroipuin gisara esanda: jaio zirenean Gran Hermano bertan zegoen. Besterik da gazte belaunaldi hori errekuperagarria ote den. Notizia batek eman dit atentzioa, ordea: Katalunia independente bilakatzen bada katalanak ezin izango dira Gran hermano-n sartu. El Mundo Today-ren notizia bat zen, egia, baina errealitatea beti da gogorragoa. Ines Arrimadas Ciutadanseko hautagaiak esan zuen: Katalunia independente bilakatzen bada, Espainiatik aterako da. Ze pena ezin dudala botoa eman Kataluniako bozetan.

Beste notizia bat: Han izeneko morroiak gay dela aitortu du —pentsa, ia hiru milioi apaizen aurrean—. Eta, ez hori bakarrik, aitortu du Aritz gustatzen zaiola. Kontxo, eta zergatik ez dit zuzenean esan? Ez, baina Aritz hori ez naiz neroni —domaia—, Santurtziko gazte bat omen, Angel Errok maneiatzen duen informazioaren arabera, «telebistarik ez duena eta, gu guztiok bezala, Anaia Handia sekulan ikusi ez duena». Hanen deklarazioa, goitik behera da ikus-entzutekoa: —«Neskalaguna duzu?». -«Ez, gay naiz». —«Gay zara, ze guai! Ez dut gay txinatarrik ezagutzen. Tira, egia esan ez dut txinatar askorik ezagutzen. Txinan posible da gay izan?». —«Ez dut esaten». — «Espainia oso irekia da. Kanariar Irletan merkatal gune bat dugu, soilik gay-entzat». —«Jainko maitea! Kanariar Irletara joan nahi dut». Eta dena ingeles moduko batean. -«Lagun gay asko dituzu?». —«Yes, very. You go be my new toti». Eta toti uste dut ez dela ingelesa, ez Martinez de Lezea. Baina hizkuntza bakarrik balitz.

Eta barka kontrastatu gabeko datuak, eta demagogia poxi bat egiteagatik, baina txio bat dabil: Herbehereek Anaia Handia-ren bost edizio egin dituzte, Belgikak lau, Frantziak zortzi eta Espainiak hamasei. Eta eskola abandonu tasa Herbeheretan %2 da, Belgikan %9, Frantzian %14 eta Espainian %28. Gero jakin nahiko dute zergatik katalan batzuek, askok, nahi duten independente bilakatu. Nahiz horrek, ez bakarrik Espainiatik, batez ere Gran Hermano-tik ateratzea ekarri.

Addenda

Angel Erro berriz: “Bukaerako datuek, zoritxarrez, badute gezurtapena. Estatu Batuetan 18. Anaia Handian doaz, Alemanian 12.ean, eta eskola uztearen tasa ~%10ekoa da”. Eskerrak demagogia egiten ari nintzela abisatu dudan.

Metareality wazungua

Aitortuko dut Galarraga eta biok baginela nolabait zain ea bietako zeinek heldu behar zion aurrena Wazungukeriei. Argi baitago gure telebistan inflexio puntua adierazi duen saioaren gainean hitz egin beharra dagoela. Onar dezagun ikusi duguna barneratu ondoren gure bizitza ez dela sekula berdina izango, auzo lotsaren langa Jupiterren koka daitekeela ikasi dugulako. Egia esan, Telecincori begira dagoenetik Euskal Telebistak muga dezente zeharkatu ditu. Edo horien gainetik salto egin du, edota bortizki zaplastekoka hautsi ditu. Zaska. Logikoa da, azken batean, gurean audientzia datu altuenak egiten dituen kate espainola hori bada, ikusleak pantailara lotzeko, gureak ildo horri jarraitzea. Gogora dezagun telebista publikoa izan arren eta guztiok ordaintzen badugu ere ETBk beste iturri batzuetatik etorritako sosak behar dituela. Hirurtekoak, paga estrak eta kategoriak, besteak beste, ez baititu Espiritu Santuak ordaintzen —momentuz, eta Jesukristori ere reality-a jartzen ez dioten bitartean behintzat—. Baina ez horiek bakarrik, bizitzeko adina diru biltzen duten soldatak ere ez dira bakarrik pagatzen. Atzo Galarragak adierazitako guztiei gehituta, esango nuke, tankerako programak egiten jarraitzeko, agian Telecincori beste zerbait ere kopiatu beharko lioketela: izaera juridikoa. Hots, kate pribatua izatea. Errenta aitorpenean beste gurutze bat jarriz gero, zer gertatuko litzateke? Wazungukeriek zabaldu duten arrakalatik, oinarrian zuzenki eta bortizki eragiten duen eztabaidaren itzala ageri da.

Puntu honetan, gustatuko litzaidake jakitea programaren kostua. Langileek zenbat kobratu duten. Langileei bidaia txartelak ordaindu dizkieten. Parte hartzaileek patrikan zenbat billete sartu dituzten. Ea guztiei berdin ordaindu dieten. Gustatuko litzaidake jakitea guztira parte hartzeko zenbat pertsonari deitu dieten. Nortzuk izan diren ezetz esan duten horiek. Kuriositatea daukat jakiteko ea kamera aurrean jarri dituztenak —eta jarri nahi izan ez direnak— konbentzitzeko trikimailurik erabili duten. Nola saldu duten programa. Eta noski, oso gustura entzungo nuke talde teknikoan lan egin duen norbaiten testigantza. Metarealitygintza. Ba, begira, hori jorratzen hasiko bagina, baliteke gu abangoardia izatea, besteek egiten dutenari erreparatzen diogunak izan barik.

Ez dugu onartuko

Palaciosen lagun —filosofiaz— mozkorrari gauza bat ulertu nion garbi: reality. Eta Palaciosek berak aprobetxatu zuen espazio autogestionatuetan lan egiten duten gazte arduratsu, kultur eragile eta ekintzaileen inguruko bat proposatzeko ETBri. Interesantea. Burura etorri zitzaidan Safari Wazungu. Hasi dela. ETB2n. Eta ondo legokeela zer edo zer esatea hartaz. Ezer onik ez. Ezin.

Ze, momentu batean, pentsatu nuen izan zitekeela atzoko Ekografiak proposatzen zuen gazte arduratsu, kultur eragile eta ekintzaileen inguruko reality hori. Hasi baino lehen, noski. Behin hasita, betiko kalaka atsitua baita. Safari bat omen, Afrikan egingo dutena. Eta galdetzen dut: zer egin ote du Namibia, Botswana, Zimbabweko jende gaixo horrek, halako zigorra merezi izateko? Esploratzaile onena aukeratzea omen da helburua. Hauek dira hautagaiak: hasteko, seriotzat neuzkan batzuk, Arantza Garces aurkezlea, edota Virginia Berasategi triatleta ohia —EPOrik hartu gabe oraingoan, pentsatzen dut—. Gero definitzea zail egiten zaidan Iturralde Gonazalez, edota Begoña Alonso, mexikar azentua daukan Barakaldoko neska bat —«soy española, ups, vasca»—. Bidasoaldeko ordezkaritza ezin hobea ondoren —sinets iezadazue, denok ez gara horrelakoak—: Ramon Roteta sukaldaria, eta bi irundar ilustre, Coman Mitogo eta Yong Li —lanbide ezagunik gabeak, biak ere—. Hirugarren bat falta zen, Santi Reyes, ea hurrengo batean eramaten duten —Afrikara edo Ipar Polora—. Ondo esan zuen Iturralde Gonazalez epaile jaunak: «Lo peor de cada familia».

Baina gauza bere horretan geratuko litzateke, tartean ez balego asko estimatzen dudan Yogurinha Borova —pentsa, Eurovisionera joateko ere proposatu nuen—. Bai, ez da bakarrik saioak etengabe askatzen duen urrin matxitoa, gizonezkoak full time emakumezkoen ehizan. Iruditzen zait Yogurinhak ez duela merezi, gu guztiok ez dugula onartu behar, beste lehiakide batzuen homofobia jasatea: «Neskak, tira, bat, komentariorik gabe; beste hirurak Euskal Herriko ederrenak», «bi gizon denda kanpaina berean ez da gauza oso normala», eta abar. Horrelakoa ez, mutiko. Ez dugu onartuko. Ze, wazungu, azal zuriko jendea omen da bantuz, «nora ezean dabilena». Baina guk badakigu leku batzuetara ez garela bueltako sekula. Bai, ezta?

Munstro gehiago

Ez ginen Diadan, baina jendearen aldarriek inguratzen gintuztela, munstroaren eta pertsonaren arteko berdintasun eta ezberdintasunak azaldu zizkidan lagunak. Kurioski, menturaren lekuko bilakatu nintzen atzo, Arte kateak, Diadari une manifestation monstre deitu diola jakitean —Galarragak tarte honetan azaldu legez—. Pertsonek euren gorputzak gune jakin batzuetan elkartuz munstroa sortzea posible egiten du hizkuntzak. Eta aurreko egunean lagunak azaldu legez, hizkuntzak nahita eman dio pertsona izenari konnotazio baikorra, eta munstro-ari ezkorra. Izan ere, ulertu nionez, munstroak, esentzian, jatorri objektibo eta gordinari egiten dio erreferentzia. Alegia, maskararik ez duen naturaltasunari. Pertsonak, ordea, tolesturen kiribilei esker errealitatea mozorrotu dezakeena da, eta esentzian konnotazio ezkorragoa du. Hara non, kontzeptu berri bat ikasi duenak, kontzeptu berri horrekin topo egiten duen etengabe. Aurretik sekula ikusi ez duzun pertsona bat aurkeztu eta aurrerantzean behin eta berriz harekin topo egiten duzunean bezalaxe. Beraz, horrela bada, bai, Diadakoa bazen une manifestation monstre. Filosofiatik edaten du lagunak, —edan baino mozkor bizi dela esan genezake—. Kortxoenea eta Kukutza bizirik diren honetan, aldarrikapen eta hedabideen gainean eztabaidatzen ari ginen. Batetik, nola Hamaika telebista gertakari baten aurrean kalean zein agintarien bulegoetan gertatzen dena azaltzen saiatu ohi den. Gainera, horren inguruan eztabaida pizten dutela. Bestetik, nola esan beharrekoak ondo neurtuta kontatzen dizkiguten euskal telebista publikoan —iritzi aldaketa, forman bada ere—.

Reality-ak gure telebista egunerokoaren ezinbesteko parte bilakatu direla ikusita —edo laster batean telebistan besterik ikusteko izango ez dugula barneratuta—, ETBk egin zezakeen espazio autogestionatuetan lan egiten duten gazte arduratsu, kultur eragile, eta ekintzaileen inguruko reality-a. Horrela, behintzat, denok euren egunerokoa ezagutuko dugu «ezerezetik osotasunera, txikitasunetik handitasunera» egiten dutenean.

Alta, ezagut dezagun, baita ere, Kortxoenean gaur ikusiko dugun kontzertuari omenaldia eginez, euren «ametsen eraiste neurtua» botereak agintzen duenean ere. Ikus ditzagun munstroak.

Manifestazio munstro bat

Honezkero egun gutxi batzuk joan dira —nahikoa libidoa jaisteko, espero dut—, ezagutzen ditugu Kataluniako egun nazionalari buruzko analisi guztiak —politikoa, soziologikoa, filosofikoa, erotiko-festiboa—. Akaso falta da telebista analisia. Baina halakorik ez espero hemen, irakurle maite. Gehienera ere, handik eta hemendik arrantzatutako telebista uneen anabasa bat. Eta beste ezer baino lehen, pare bat burutaziotxo, ahots goran: gogoratzen duzue, duela ez hainbeste, zer-nolako destainaz hartzen genituen katalanak gurean? Eta Diada bezalako egunetan, inoiz baino gehiago sentitzen naiz galego ni.

Baina ea telebistek nola eman zuten telebistaz emateko pentsatuta zegoen mobilizazioa. ETBk albistegietako irekiera eskaini zion, zortzi bat minutu ETB1en. Aipatzeko «iaz baino gutxiago» bildu zirela Bartzelonan, eta «aipatzekoa» zela euskal ordezkaritza, «zanpantzar» eta guzti. Hamaika telebistak zuzeneko irudiak eskaini zituen, «TV3 telebista katearen bitartez». Ikusiko dugu orain hauteskunde batzordeak zer egitera behartzen duen Hamaika, auskalo euskal politikari unionisten elkarrizketak ematera. TV3k, hauteskunde batzordeak esandakoa gorabehera, zuzenean eman zuen manifestazioa. Hunkiberatasuna beste baterako utzita, kazetari lanean, serio. TVEn bazkalorduko albistegitik afalorduko albistegira ez zuten ezertxo ere eman; soilik konexio laburren bat tarteka, baina 24h katean. Eta TVE Espainiako telebista publikoa balitz, esan nahi dut, gaur egunean Espainia den zera horretako guztiko telebista balitz, ez ote lukeen jarraipen zuzenago bat egin behar, egingo lukeen bezala Madrilen 600.000 lagun bildu izan balira, edota Espainia osoan 8.600.000. Esan zidaten gero, 13TVn, aspaldi gure telebistatik desintonizatu dugu-eta, ohikoak dituen loreak goitikatu zituela Alfredo Urdacik, gure Alfredo Urdacik —bide batez, orain aldaketa politikoa gauzatu dela Erresuma zaharrean, zergatik ez dute fitxatzen Nafar Telebistan?—. France2ko albistegiek ere —ez zen egon zuzeneko jarraipenik, noski, ez saio berezirik— eman zuten berria, korrekto. Baina Arte katean eman zioten definizioa gustatu zitzaidan niri, «une manifestation monstre», alegia, manifestazio erraldoi bat. Egiazko munstroek bezala, ordea, itxura bat edo bestea hartzen duena, norbere imajinazioaren arabera.