Hitz iltzatuak

Kasik mundu mailan jotzen duen krisialdi ekonomikoaren markoan, kasik mundu osoak esku hartzen duen gatazka armatuak gertatzen ari dira. Siria. Hedabideak dira III. Mundu Gerra terminoa argi eta garbi esatea saihesten dutenak. Kontrola. Ingelesak badu euskarak baino terminologia borobilagoa izendatzeko: Mass Media. Masa.

Atzo Alvaro Pombo «UPyD! UPyD!» oihukatzen gogoratzeak burura ekarri zizkidan Aita Santuak, rock star bat balitz bezala bira egin zuenean, grupiek kantatzen zuten «Benedicto equis uve palito!» hura. Hitzak iltzatzen zaizkigu.

Bertrand Russellek azaldu zigun kontzeptua hitzarekin lotzeko ekintza. Horren garrantzia. Horretan, objektibotasunak indarra duela. Denotazioa —bera baita gaian ezinbesteko erreferentzia den On Denoting testuaren aita— Bestalde, aintzat hartzen badugu, hitz batek muinean kontzeptua azal dezakeela, kontzeptuek ertzak dituztela ere ulertzen dugu. Alegia, hitz bera testuinguruaren arabera hartzen duela zentzua. Konnotazioa. Horri lotuta, hedabideek erabilitako hizkuntzaren inguruko ariketa egin zuen Inazio Aiestaranek Twitterren: «Neolengua. Monarkiarentzako dirua: aurrekontua. Gizarte laguntzentzako: gastua. Enpresentzako: inbertsioa. Bankuentzako: estimulua»

Tonbolan kazetari karneta lortu zuen Petra Laszloren ekintza nardargarria dela eta, TVEk informazioa helburu jakin batekin erabiltzearen trikimailuari gorputza jarri dio. Espainiako kateak ez du soilik agerian utzi hizkuntzaren bitartez manipulatu daitekeela. Are gehiago, kazetariak gorputzarekin manipulatu dezakeela ere azaldu dute. Euren aburuz, Laszlok Siriako errefuxiatuei erasotzea albistea lortzeko saiakeraren fruitu izan baitzen. Hau da, Laszloren ekintzari esker, kazetariak albistea nahita sor dezakeela erakutsi zuten modu bikoitzean. Batetik, Laszlo manipulatzeaz akusatu zutelako, eurek manipulatzen ari ziren bitartean.

Informazioa giza eskubidea da. Transmititzeko hizkuntza beharrezkoa du. Horrek boteretsu bilakatzen du kazetaria. Hortaz, kontziente izatea da giltza. Era berean, kazetaria industria baten menpe dagoela barneratzea; zenbaitetan politika menpe duen industriarena eta beste askotan aldrebes. Hots, telebista, publiko zein pribatua negozio bat dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude