Ulergaitzak direnak

Panorama nabar samarra Euskal Telebistak astelehen gauerako lotu ziguna. Informatiboak amaitu eta errealitatearen zartakoak jasatzeagatik —txikiak azukre dosiekin saritzen diren legez—, anestesikoa jarri ziguten ondoren. Tú al norte y yo al sur bigarren katean, eta Gu ta gutarrak lehenengoan. Egia esan, informatiboek pildora leunak utzi zizkiguten; adibidez, Arantza Quirogak Kataluniako aferan ardura guztia Rajoyrengan ez jartzeko eskatu zuen. «Ez da justua». Amatasunez aritu zen, nagusiaren gaitasuna nahi gabe mespretxatuz —baina nork daki—. Espero dut Quirogari inork kasurik ez egitea, Rajoyren balio umoristikoa gal ez dezagun —Espainiako maila politiko ustelaren erakusgarri, bide batez—.

Auzo lotsaren hariari jarraiki, Gu ta gutarrak saioa. Eta hori, haiekin adiskidetzen ari nintzela. Barre eta negar eragin ziguten. Batetik, sofatik ezin eutsitako algarak loratu zitzaizkigun, nominazioetan negar malkotan ikusi genituenean. Lehiaketa batean, lehiakidearearekin lehiatuz, beste parte hartzaile bat nominatzeari eman nahi dioten drama sakon eta espektakularizatutakoaren funtsa ulertzea kostatzen zaigulako. Bestalde, negarra, lehiakide musulmanaren inguruan sortutako eztabaida dela-eta —interesgarria esango nuke—. Plato oso bat kultura bat kolokan jartzen. «Hona etorri bazara, hemengo ohiturak ikasi behar dituzu», eztabaidaezina dirudien argumentuaren menpe. Eusko Irratietako profesionalen kaleratzeak eztabaidaezinak diruditen bezala. Hain zuzen, Gu ta gutarrak-eko surflariari Gazteak tarte baten tokia eman dion bitartean. Ulergaitzak diren kontu horiek.

Eskerrak, ondoren, Xabier Madariagak gidatutako eta Ander Iriartek zuzendutako 40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea dokumentala ikusteko parada eskaini ziguten. Txalo bero bat, lantaldeari eta memoria historikoaren alde aktiboki lan egiten dutenei. Euren buruarekin bada ere. Azpimarrak jarrita, naturaltasunez ertzak erakutsi zizkiguten, ikusi, barneratu eta hausnartzea merezi duen piezan. Amaiera aldera, Etxebarriko Txiki eta Otaegi plazan egin zuten kale inkesta. Hor piztu zitzaidan memoria. Izan ere, gure amamak, plaza hartako Atutxa etxearen azkenengo solairuan bizi zenak, etxeko egongelan obus bat erortzen ikusi zuen. Horrek eztanda egin ez zuelako ari dira lerro hauek jaiotzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude