ETB, txorizoa eta ‘Robin Food’

Haragi prozesatuak minbizia eragiten duten gaien artean sartu ditu OMEk, hain justu Robin Food-ek ETBra buelta egin zuen egunean. Haragi prozesatua, Robin Food eta ETBra buelta egitea, tontakeria pertsonalek abiatuta, nahiko kuriosoa egiten zaidan hirutasuna da.

Batetik, Iruñerrian ETBko lau kateak ikusteko aukera daukate, gure telebistako langile ohia den Uxue Barkosen gobernuak UPNk egin nahi ez zuena egin duelako —ieup!—. Beraz, ETBra buelta egin dute eta Nafarroan txorizo propioa dute: Pamplona txorizoa. Bestetik, hainbat urte atzera, Robin Food-ek ETBn denboraldi berria aurkeztu behar zuela eta, gure telebistako albistegietarako berri ematea egokitu zitzaidan, eta David de Jorgek porroia eta txorizoa oparitu zizkidan. Eta bai, konturatu naiz Palacios dela nire abizena, txorizo marka bezala, eta hementxe ari natzaizuela ETBri buruz hitz egiten. Beraz, haragi prozesatuak, Robin Food eta ETBra itzultzea errazki lotu ditzaket.

Robin Food-en guarrindongada klasiko eta kuttunetako bat txokolate-txorizo tandema da. Indarrak berritzeko formula gastronomiko arriskatua da hori, zalantzarik gabe, baina zer da David de Jorge, ez bada kuriositatea sorrarazten duen ohiz kanpoko artista gastronomiko bat? Hain zuzen, marka propioaren zigilu da kuriositate eragite hori, alegia, komunikaziorako duen ahalmena. Espainiako telebista batean ibili ondoren, zalantza egiten dut ez ote den modu euskaldunegia duena; hau da, itxurakeriari jaramonik egiten ez dion zintzotasun alaia. Bere esentziari fidel baina arras gustatu zaizkidan aldaketekin bueltatu da Robin Food; orain grabazio eremua garbiagoa da, argitsuagoa, eta kolore apalagoak dira nagusi, irudian janariari are protagonismo handiagoa ematen dioten ezaugarriak. Bestalde, kamera mugimendu eta planoak oso dinamikoak dira —hanka sartzeak badira tarteko errazki integratzen dira dinamika bisualean eta koherentzia naturaltasunak ematen du— eta askotarikoak: kontrapikatuak, plano itxiak —aurrez aurre zein aldeetatik—, ertainak eta orokorrak. Grafismoa beti bezain deigarri, zaindu eta txukuna. Atalak gastronomi entsalada dira: janaria ez ezik haren ingurukoak jorratzen dituzte. Ikusle datu apala izan du saioak; aurrerantzean zintzoki espero dut zerbait zigortzekotan gure praken botoiak izan daitezela.

Tximinoari arbolan nola

Bestelako gauza alegerago batzuez nahi nuen gaurkoa —adibidez, Mariano Rajoyren elkarrizketaz—. Baina inori ez zaio gustatzen bere hitzak gezurtatzea. Are gutxiago niri gezurtatu dizkidaten zentzuan egitea: astearteko zutabean poza agertu nuen Barrura begiratzeko leihoak normaltasunez eman zutelako ETBn, eta normaltasunez ikusi zuelako jendeak. Argitaratu eta hiru ordura ez zuen ezertarako balio zutabeak: PPk eta PSE-EEk azalpenak eskatu zizkioten Urkulluri filma emategatik; Covitek Maite Iturberen dimisioa eskatu zuen. Labur, ez dela normaltasunez eman eta ikusi ahal izan. Gauzak ez direla hainbeste aldatu, kamarada.

Lehen xehetasuna: gauza jakina zen filma ETBn emango zutena, duela egun batzuetatik; zalaparta, ordea, ez da hasi telebistatik eman eta bi egun pasa diren arte. Inor ez da filma eman ez dadin saiatu: nahiago izan dute telebistan eman ondorengo kalapita. Eta kalapita baino purrustada: PPren arabera, «saio hori emateak ETAren historia kriminala zuritzeko estrategia laguntzen du». Nire zalantzak ditut, ez emateak, saioak berak ETAren historia kriminala zuritzeko estrategia laguntzen duenik ere. PSE-EEk gaitzetsi zuen protagonistak aurkeztu izana «egin zituzten atentatuak aipatu gabe». Zer atentatu egin zuen Irati Tobar Segiko militanteak? Zer atentatu Jexuxmari Zalakain Egin egunkariko administrazio kontseiluko kideak? —EITBk ere esan zuen: «Indarkeriagatik zigortuak izan zirela guztiak»—. UPD kexatu zen «beste behin ETAko kideen zerbitzura jartzeagatik eta ikuspuntu gizatiar batean aurkezteagatik». Kontxo, gizakiak badira zer egin? Covite haserre, «ETAko presoak biktimatzat aurkezteagatik». Gauza oinarrizko bat: ETAko preso batzuk ere biktimak ere izan dira.

Eta beste bi kontu: ze tema preso politiko deitzen dituztelako. Ez dute jada zigortu nahi adibidez guardia zibila torturatzailea dela esatea. Zigortu nahi dute gauza bat ez esatea, filmeko bost protagonistei ez deitzea haiek nahi duten modura. Bigarrena: zergatik jotzen dute mezulariaren kontra? Esan nahi dut, zutabe hauengatik norbait epaitu beharko balute, utz dezatela bakean BERRIA, epaitu nazatela neroni —baina izan dadila azkar, mesedez, seietan padel partida daukat eta—. Bestela, ageriegi geratzen baitzaie, tximinoari arbolan nola, atzealdea.

Mugitzen dela mastodontea

Gaur justu aste biko zutabean aipatu genuen: nabarmendu egin behar zaiola ETBri azkenaldian dokumentalekin egiten ari den esfortzua. Aipatzen genituen, oso tarte laburrean, gutxi batzuk eman dituela, hiru gainera estreinaldiak. Igande gauarekin eman zuten momentuz azkena izan dena, Ventanas al interior filma, euskaraz eta originalki, Barrura begiratzeko leihoak. Bost euskal presoren erretratuak, bost euskal zinegileren eskutik egindakoak. Dokumentu garrantzitsua, herri honetan gertatu dena osoki ulertzeko bidean. Estreinatu zutenetik hiru urte eta erdi pasatu ondoren eman dute, egia da, «apur bat berandu», segur aski, Josu Martinez zuzendarietako batek esan bezala. Baina egin dezagun irakurketa positiboa: euskarazko bertsioa eman zuten, gaztelaniaz azpidatzita, prime time-an eta igandearekin. Estreinatu zuteneko boikot eta jazarpenik gabe, oraingoan. Edu Lartzangurenek zerrendatu zituen joan den ostiralean: Donostiako Udalak filma diruz lagunduko zuela erabaki eta ordu gutxira, hori Bildu legez kanpo uzteko arrazoia zela esan zuen Espainiako barne ministro Jorge Fernandezek. Donostiako Zinemaldiak ez ematea erabaki zuen urte hartako jaialdian, eta zuzendariei kopia bat eskatu zien Madrilgo Auzitegi Nazionalak. Hiru urte eta erdira, ordea, ezer ez, normaltasun administratiboa.

Horixe zen Martinezek eskatzen zuena: «Espero dezagun normaltasunez ematea dokumentala igandean, eta jendeak normaltasunez ikustea». Eta normaltasunez eman zuten, normaltasunez ikusi zuen jendeak. Ez orain hiru urteko zalapartarekin. Txio solteren bat, bai, ETBk bigarren katea eta prime time-a baliatzen dituela beste behin terrorismoa legitimatzeko. Baina ezer gutxi. Gauzak zenbat aldatu diren azken hiru urte hauetan, kamarada. Orain dela ez hainbeste iskanbilarako baliatzen zena, ez nekerik gabe baina aski normal ikusten da orain. Eta hori oso berri ona dela iruditzen zait. Sarri ematen du gauzak ez doazela inolaz ere aurrera, baina gero halako kontu itxuraz ezdeusekin konturatzen zara baietz, mugitzen dela mastodontea, ziur aski bide onean. Eta telebistara berriz bueltatuta, Martinez: «ETBn Euskal Herriaren historia politikoaren inguruko dokumentalak ematen ari dira». Esan dugu jada: atzerapenak atzerapen, nabarmendu egin behar da esfortzua.

Beldurrik gabe

Poz txikien eztia dastatzearekin amets egiteak indartsu, gogotsu, baikor mantentzen gaitu. Azkenik, eztia ahoratzear gaudela, sarri askotan, zalantza sortzen digu ekintzak, eta akatsaren bilaketari ekiten diogu. Perfekzioa inperfektua denez, beti da zerbait.

Ba hori, luzaroan zain egon ostean, urriaren 20an heldu zela Netflix. Euskal Herriko hegoaldera, ondo azal dezagun kontua; izan ere, Iparraldean aurreko urtetik daukate plataforma digitalak biltzen dituen ikus-entzunezko edukiez gozatzeko aukera. Haatik, iaz ez, baina aurten Gaizka Izagirrek ondo azalduta Change.org kanpaina abian dago, nola ez, edukiak euskaraz gozatzeko aukera izan dezagun. Berriz ere euskara ahaztu dute. Bada, euskaldunok ere Netflix ahatz dezakegu, eta orain arte bizi izan garen modu bertsuan jarraitu. Ez duzuela gure hizkuntza errespetatzen? Ba, ez gara zuen bezeroak izango. Hortxe aukera pasibo bat.

Laster urtebete beteko da ikus-entzunezko euskarazko edukien alde Eusko Jaurlaritzak Canal+ ekin hitzarmena sinatu zuenetik. Oraingoan ere zerbait egin dezala eskatzen zaio. Zerbait egin dezala, edo, tira, behintzat defenda gaitzala. Erabateko ezjakintasunetik loratuta datorkit zalantza burura; gure kulturarentzat onuragarria dena komenigarria al da gure poltsikoentzat? Alegia, 1982an Euskal Telebista helburu jakin batekin jaio zen —gaur egun indarrean ote dirauen eztabaidagarria dena—. ETBk eman ditzakeen edukiak beste bide batzuetatik kontsumitzeko aukera izan dezagula, garaipen handia da normalizazio bidean —normalizazioaz behin eta berriz hitz egitea normalizazioan atzera egitea den bezala—. Baina, audientziak ETBtik beste kate batzuetara joatea ekonomikoki onuragarria al da Eusko Jaurlaritzarentzat? Kontu honen inguruan solastatzen ari ginela, Galarragak azaldu dit guk sinadurak biltzen ditugun bitartean Kataluniako lagunek pare bat egun behar izan dituztela kontuari buelta emateko. Katalanaren alde egiten duen Plataforma per la Llenguak Netflixi edukiak katalanez emititzeko eskatu dio, eta Reed Hastingek, plataformaren sortzaileak, epeltasunez aukera horretara irekiak daudela erantzun du. Horretan ere badugu katalanengandik zer ikasi; utz diezaiogun baimena eskatzeari eta has gaitezen gurea dena zuzenean eta beldurrik gabe exijitzen. Beldurrik gabe.

Elizarekin topo egin

Madre Maria Purisima de la Cruz. Igandera arte erabat ezezaguna. Igandetik aurrera aldare propioan leku pribilegiatua duen santua. Eta dena 13TVko adiskideei esker. Zuzenean eskaini ziguten haren kanonizazioa, Erromatik, Frantzisko aita santuak gidatutako zeremonia erlijiosoa. Santu egin dute beata egin eta bost urtera, gauza arraroa —hori esan zuten, behintzat, eliza kontuez ez baitakit ezer; baina espiritu irekia izatea da kontua, ikasteko gogoa. Merituak bildu zituen horretarako: koman hamabi egun eman zituen gizon bat sendatu zuen, bihotzeko eritasun bat zuen hamahiru hilabeteko neskato bat sendatu zuen —ospitaleak santuz beteta daudela bururatu zait hartara—. Baina ze telebista ikuskizun ederra. Dena espiritualtasun, dena azken modako sotana, dena letaniaz mozorrotutako pop melodia. Dena supermodernoa, alegia. Etxetik ere usaintzen zen abangoardia urrina. Santu berri bat daukagu albumerako orain. Esan zuen esatariak: «Oso fuertea da».

Eta sinestuna naiz ni. Santujalea ere bai, esango nuke, baten bat aurrean jartzen bazait. Baina ulertzen dut kanonizazio bat ez izatea zuen interesekoa. Ez nuke hona ekarriko ez balego eztabaidaren erdian ekitaldi erlijiosoak telebistaz ematea. Josu Goikoetxeak abiatu zuen: «Erdibituta ETBk meza ematearekin. Gure amak ikusten du, eta berdintsu elizara joan ezin duten milaka lagunek. Hori ez da zerbitzu publikoa?». Um, interesantea. Ikus dezagun, besterik ezean, RTVEko estilo liburuak horri buruz esaten duena: «Ekitaldi erlijiosoek interesa dute soilik espainiarren ondare kultural baldin badira, gehiengoarena edo gutxiengoena, inoiz ez motibo konfesionalengatik». Horrela ulertuta, meza katolikoren bat ETBn ematea erabat legoke justifikatuta, erabat justifikatuta legokeen bezala Euskal Herriko bertsolari txapelketaren finala ematea. Baina eta igandero bertso saio bat, igandero ordu berean, igandero plaza diferenteren batekoa? Ez ote luke horrek, ondare publikotik baino, motibo konfesionaletik gehiago? Elizarekin topo egin dugu, badakit, kontu labaina da. Ez hainbeste elizarena, baizik eta zerbitzu publikoarena. Baina, gauzak horrela, barka probokaziotxoa: ez ote dagoen, iganderoko meza santua baino, Madre Maria Purisima de la Cruz horren kanonizatze emanaldia justifikatuagoa.

Sinpatikoak

Auskalo zergatik Jordi Evolek ez duen oraindik programa oso bat egin kalean topatzen dituen espontaneoekin. Agidanean, Evolek guardia zibilen hiru adarrekoaren tankerako efektua sortzen du: kamera atzean duela aurkezlearekin kalean topo egiten duen oinezkoari malaostia loratzen zaio supituki. Ez nuke esango amorruz betetako jendea nahita jartzen dutenik kameraren aurrean. Batez ere sinetsita nagoelako gaur egun ez duela lantegi erraza izan behar, arrazoi bat edo beste dela medio, izorratuta ez dagoen pertsona bat topatzea.

Beraz, oralekutik hitz egiteko aukera minimoa topatzen dutenean, zazt! Zalantza barik, Salvados salbatuta dago gure miseriekin. Miseriak salatuz salbatu nahi gaituzte? Iritzia sortuz? Jakin behar omen ditugunak azalduz? Bon, zer gertatzen da egoera batek gizartea nazkatzen duenean? Aldaketa eskatzen duela. Eta zer gertatzen da aldaketa hori bideratzen denean? Mugitzen direnean argi jainkotiarra buru gainean daramaten lider berriak agertzen direla. Oinez egiten dutenean musika klasikoak jarraitzen ditu lider horiek. Salbatzaileen istorioei men eginez, oso biblikoa suertatzen da dena. Eta zer gertatzen da amaieran? Gizartearen esperantzekin batera itotzen direla. Hara non zer gertatzen den gizateriaren historiaren zikloak marko garaikidean teknologiarekin nahasten direnean: Salvados.

Oro har, sare sozialetan agertutako jarioari erreparatuta, aspergarria izan zen Albert Rivera eta Pablo Iglesiasen arteko solasaldia. Hala ere, ikusle datu onak lortu zituen. Beraz, posibleki jendea telebista aurrean paratuko zen eskuekin begiak estalita. Alegia, zerbait ikusi nahi ez, baina azken batean nahita begiratzen zaionean bezala. Ez zen ezer gertatu: Evolek galdera bat egin, eta Riverak bere alderdiak proposatutako neurriak azaltzen saiatzen zen bitartean, Iglesiasek neurri horien kontrako argudioak azaltzen zituen. Behin eta berriz. Ondo lotuta zeramatzaten guztia, hasieran azaldu legez, bakoitza hiru pertsonarekin lagunduta heldu zen elkarrizketara. Rivera, hiru gizonekin; Iglesias, hiru emakumerekin. Hark dioenez, asko gustatzen zaiolako nola lan egiten dugun. Sinpatiko, emakumeak kolektiboki multzokatuta, dohainak nabarmentzeko bada ere, berdintasunaren alde egin beharrean bereizketa egiten ari zarela ea ulertzen duzun.

Ez gara osorik atera

Bertin Osbornerenganako pasioa jakinarazi ondotik, gaurkoan beste amodio adierazpen bat. Beste pertsonaia handi batenganakoa. Gero eta handiagoa, egia esan: Gerard Depardieu. Arte kateko À pleines dents! saioan gidari dabil orain, han-hemengo zera gastronomikoak erakusten dituen erreportaje sorta. Eta zer inporta zaigu guri?, galdetuko du, arrazoi osoz, zuetako batek baino gehiagok. Bada, ezer gutxi, baldin eta ez balu bisitatu gure etxe maitea, Euskal Herri doloretakoa. Eta Euskal Herria diodanean diot bat, handia eta librea. Hara: «Euskal Herria bitan moztua da, iparraldea Frantzian, hegoaldea Espainian, beren izaera zalantzagabea erakusten dute aukerarik txikiena dutenean»; edota «euskal hizkuntza, frantsesa baino lehenago jaio zen, espainola baino, inork ez dio ezagutzen jatorria». Eta erakutsi zuten mapa, zazpi probintzietakoa, terrorismoaren apologia ia.

Saioaren hasieran aurkezleak bere buruaz egin zuen aurkezpena da ez galtzekoa: «Gerard Depardieu nauzue» —eskerrak esaten duen, Obelix zela pentsatuko genuke bestela—, «munduko hiritarra» —Errusiako pasaportearekin orain, hori bai—, «biziduna» —nahiz uste dut esan nahi zuela bizizalea—, «maite dut barre egitea, edatea, jatea» —kontxo, inork ez luke esango—. Eta Euskal Herrian gaindiko bidaia izan zen Bankatik Hendaiara. Bankan, bost kiloko amuarraina arrantzatuta agertzen da tipoa. Piszifaktorian arrantzatutakoa, noski. Alduden, euskal arrazako zerriak bisitatzen dituzte. Saioak izan zuen katarsi unerik handiena. Aurkezlearen eta gonbidatuen artean, esan nahi baita. «Zerrietako zein pasatuko duzu lapikora?», galdetu zion zerri hazleari. Une batez, Depardieu bera pasatuko zutela iruditu zitzaidan. Itsasun, gereziak ez, Ezpeletako piperrak dastatzen dituzte. «Kolesterola, piperrek baino gehiago, zenbait pertsonak eragiten didate». Farmazian neurtu nuen nik, saioa ikusi ondoren: 200dik gora neukan. Hendaian, txipiroiak arrantzatzeko saio bat egiten dute —emaitza eskasekin, dena esan behar bada—. Halako batean, uretara eroriko zela zirudien. Baina, ez, bakarrik erakutsi ziguten kareletik pixa egiten. Oso hezitzailea dena, bai horixe. Eta saioa ixteko, bi perla: «Jatunkeriarik ez da falta izan bidaia honetan», esan beharrik balego bezala; eta «ez gara osorik atera». Bada, jakingo bazenu teleikuslea.

Zaldiak

Argia da gero gure Galarraga maitea. Ea Bertin Osborneri buruz noiz idatzi behar nuen zain zegoela, eta marroia berari utzi diodala idatzi zuen atzo. Alegia, nahi dudana egiten dudala, eta gero berari tokatzen zaiola serio jartzea. Ezin zuen hobeto esan, hain zuzen horiexek baitira Osborne burura datorkidanean lotzen ditudan kontzeptuak; marroia eta askatasuna, zaldiak datozkidalako burura. Hainbatetan ikusi dugunez jauntxo andaluz baten tankerarekin objektiboaren aurrean jarrita, Osborne jauna burura etorri eta zaldietan pentsatzen dut. Janarian ere pentsa nezake, Paul Newman bezala, entsaladetan botatzeko saltsetako botilen etiketan agertu baita. Baina ez. Eta, egia esan, nahiago jatekoa nola irabazi duen gogora ekartzen ez badut, sufrikario galanta baita emakumeontzat —Galarraga, zuk beste saio batzuk ikusi nahi ez dituzun bezala, utzidazu Lorcaren zaldiarena egiten Osborneren saioekin, mesedez, arren, otoi—.

Lluvia de estrellas da gogoan daukadan Osborneren lehenengo saioa. Operación Triunfo, Factor X eta La Voz formatuen aurrekaria izan zena. Ondoren jaio ziren talent show-en epaimahaietako pertsonaien rola ere ezarri zuen; Lauren Postigo eta Carlos Tena bikotearen unerik garratzenak identitate bakar batean bildu zituen Risto Mejidek. Ordurako, Bertin Osborne espainiar gentleman bat zen: abeslaria zen —sinetsarazi nahi digutenez—, PPren sokakoa eta fisikoki edertasunaren kanonean sartzen zen. Saio arrosa guztiei beita ematen zien. Osborne norekin oheratzen zen eta norekin oheratu nahi zuen publikoki jakina zen. Haatik, kontuz! Harekin txortan egiten zuten emakumeei telebistak ez baitzien hari bezainbesteko estimu handia. Berdintasunaren kontrako eredu zahar eta zatar horren elikatzaile aktiboa izan da Osborne, Galarragak ondo adierazi legez, «ia Erdi Arotik datorren pertsonaia». Horregatik, agian, lortzen du ikusle datu ona Erdi Aroan daudenen artean. Ez da sekretu bat, Marilo Montero —umoregilearen— fana naizela. Alta, ezin dut jasan saioan bion artean sortutako erdi-ligoteo rollo hori. Platoan botere rol sexual estereotipatuen banaketa jasangaitza zait. Kazetaria eta emakumea naizenez, borroka bestaldetik bizi dudalako izango da. Beraz, ez daukat inolako asmorik Osborne jaunaren elikaduran laguntzeko.

Arrakasta eta alkandorak

alentuak edota gaitasunak ez dute zertan arrakastarekin bat egin. Beraz, txikitan gezurra esan ziguten, eta errealitatea da batak ez duela bestea bermatzen. Arrakasta, hona ekarri nahi dudanari aplikatuta, ez da soilik lotu behar bankuan gordeta daukagun diruaren zenbatekoarekin. Arrakasta uler daiteke ingurukoek norbera estimutan izatearekin ere, edota zentzu baikorrean pertsona askoren ahoko zuloan etengabeki egotearekin. Bada, horrek ez du zerikusirik soilik lan jakin bat egiteko gaitasun edo talentuarekin. Nahiz eta gaitasun eta talentuarekin lotura duen, bai, baina zure burua saltzeko abilidadearekin. Marketinean esaten zaion bezala, marka propioa saltzearekin lotuta dago.

Hori hala izanik, ikus-entzunezkoetara eraman daiteke estrategia, eta horregatik egiten dira sektoreko azokak. Ideiak merkantilizatu, langileak sarean ehundu eta ikus-entzunezkoen makineriak funtzionamenduan jarrai dezan beharrezkoak diren topaguneak. Horrelako batean, etxerako lanak ondo egin omen ditu Allí abajo telesailak. Cannesko Mipcom-en, hain zuzen. Jamaika ikusteko jaioak gara, lagunak, eta Ipar eta Hegoaldearen arteko fenomenoak arrakasta dauka. Ukrainak erosi du, eta, agian, Ameriketako Estatu Batuetan ere ekoitziko dute. Noski, zentzuzkoagoa izango da herrialde bereko parte diren hegoaldea eta iparraldea nahasten dituztenean. Eta ez —hainbat herrialdek ondo ezagutzen dugun bezala— umorea baliatzen dutenean inposatutako errealitate politiko bat normaltzat har dezagun.

Ez gara igualak, litekeena da horregatik ere Robin Food-ek etxera buelta egitea. ETBra —ostras!, orain hartu diot neurria etxean zaude esloganari—, espainiarrek ez baitute jakin haren dohainak hautematen. Baina guk bai, David, guk badakigu. Guk ikusi nahi zaitugu guarrindongadak probatzen, eta saltsa marabilloso horiek etxetik usaintzen ditugula pentsatu nahi dugu. Eta berdinak ez garelako ikusi nahi ditugu infernua txatxia dela erakusten dizkiguten Herri Txiki-koen abenturak ere. Denboraldi hasiera denez gero, alkandorak neurrikoak dituzte. Hala ere, aurreko denboraldian bezala, ekainean botoiak ezin itxita ibiliko ote diren ikusi nahi dut. Diotenez, ez da txantxa, ETBk garbigailuetan sartzeaz txikitzen ziren. Gogotsu argituko dut misterioa.

Osborneren erakarmena

Bertin Osbornek Franco diktadorearen bilobisima elkarrizketatu eta biharamunean denok eskandalizatu ginen. Baina seguru elkarrizketa bera ez zuela inork ikusi —tira, ia inork ez: EAEko saiorik ikusiena izan zen: %23,1—. Edo seguru behintzat Ekografia-n zer esango zain zeundetela. Ni ere zain nengoen ea Palaciosek noiz idazten zuen elkarrizketari buruzko zerbait. Baina ematen du niri utziko didala marroia. Tira, marroia, ea orain eskertu ere egin beharko diodan. Bai, ze, azkenerako, zuriketa ariketa ezin interesgarriagoa izan zen saioa, propaganda higieniko ezin jakingarriagoa, erakutsi ziguna diktadore hiltzaile bat nola bihur daitekeen oinezko guztiok eduki nahi genukeen aitonatxo abegikorra. A ze irakaspena.

Baina, zer nahi duzue esatea, estreinatu zenetik piztu dit Osborneren programak atentzioa. En la tuya o en la mía, Jesulin de Ubrique toreroa izan zen lehen gonbidatua, beste hiltzaile bat. Lehen lerroko bi intelektual buruz buru, beraz, Noam Chomsky eta Michel Foucaulten debate mitiko hartan bezala. Edo ia. Bertatik pasatu dira Espainiako gizarteko beste pertsonaia ilustre batzuk: Lolita eta Pablo Motos. Atzo gauean, luze gabe, Marilo Montero. Gogo biziz itxaroten dut Arevalori elkarrizketa egingo dion eguna. Dena den, Bertin Osborneren figurak eragiten dit bereziki erakarmena. Betidanik eragin izan dit tilin. Abeslari soila zen garaitik. Robles eta Olmos guardia zibilek entzuten dute patrolean, kasu benetan labainen bat argitzera doazenean. Neronek ere bai, Buenas noches señorarecuerdos a su señor»—, Caballero de verdad, amatxo maitea, ze kanta puskak. Neska ontziratua balada sortan esaten diren gauza berberak esaten dituztenak. Konparatu hitzak. Hartara, ia Erdi Arotik datorren pertsonaia dugu Bertin Osborne; zoritxarrez esan behar nuen, baina ez, zorionez gure artean oraindik ere bizi-bizirik dagoena. Antropologoren batek ikertu nahiko balu. Orain asteazkenero daukagu Espainiako telebistan. Ez esan zerbitzu publikoa ez denik.

Eta, barka atrebentzia, baina Euskal Herriko gazte erakunde abertzale eta ezkertiarrentzako proposamena: ondo dago Osborne zezenak eraistea eta hori, baina ea zein ausartzen den Osborne benetakoarekin. Ia Erdi Arotik datorren Espainia horrekin apurtzeko bide egokiagoa iruditzen zait niri.