Aberriagatik dena

Badakizue astearte gauak orain «pikoleto gauak» direla. Baina, ez, itxoin, epaile jauna, ez aplikatu nigan Mozal legea: Guardia Zibilaren Twitterreko kontu ofizialak eman zuen definizioa. Motiboa: bi telesail, bi, ematen hasi dira orain egun horretan, polizia erakunde horri buruzkoak. Gainera, pikoleto, zeinen hitz ederra. Egin proba: errepikatu hiru aldiz, azkar, pikoleto, pikoleto, pikoleto; hunkigarri bilakatzen zaizu ia. Pikoleto, gehiago esan behar da.

Hasi zen lehenik Olmos y Robles, Espainiako telebista publikoan —bai, bertako langileei Espainiako banderaren zina eginarazi nahi dien horretan—. Kontxo, engantxatzen du. Ezkarai, Errioxan kokatua —pentsa, Donemiliaga Kukula ere agertu zen behin—, herriko guardia zibil kaiku batzuen istorioa da; polizia zientifikorik aurreratuenak ere nekez argituko lituzkeen kasuak argitzen dituena, ordea. CSI moduko bat, baina zoldarekin. Eta maitagarriak dira, hartara, identifikatuta sentitzeraino. Hara Interpoleko polizien arteko elkarrizketa bat: «Ezin diozu kasurik egin pikoleto abarkadun bati»; «Ni ere pikoleto bat naiz, jauna». «Ni ere pikoleto bat naiz, jauna», atera zitzaidan halaber niri, ahots gora. Eskerrak bakarrik nengoen egongelan.

Baina hasi eta bi astera, hots, joan den astean, hasi ziren ematen Mar de plástico, kasu honetan Antena3n. Eta, kontxo, engantxatzen du. Andaluzian, berotegi erraldoi horien bueltan, poliziak argitu beharreko kasuak gertatzen dira. Baina gehitzen ditu kontu sozialak, ingurugirokoak, etorkinenak, langileen esplotazioa, arrazakeria, eskuin muturra. Eta, horiek gutxi balira bezala, pikole, barka, Campoamaroko polizia judizialeko buru berria euskalduna da, Hector Agirre —nahiz izan hamargarren belaunaldikoa—.

Hainbeste denbora umezurtz, hainbeste denbora polizia maitearen saiorik gabe, eta bi batera jarri dituzte. Asteak zazpi egun ditu: guardia zibilei buruzko zazpi telesail ikus genitzake; baina izan dadila bakoitza egun diferente batean. Eta bi telesailen artean bihotza erdibituta, egin dezatela hirugarrena. Ez Errioxan, ez Andaluzian girotua; aukeran Donostiako auzoren batean, intxaurrak ematen dituen zuhaitzaren izena duen horretan. Zalantzarik ez nuke orduan zein ikusi. Aizue, izan dadila, esan ohi den legez, aberriagatik dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude