Elizarekin topo egin

Madre Maria Purisima de la Cruz. Igandera arte erabat ezezaguna. Igandetik aurrera aldare propioan leku pribilegiatua duen santua. Eta dena 13TVko adiskideei esker. Zuzenean eskaini ziguten haren kanonizazioa, Erromatik, Frantzisko aita santuak gidatutako zeremonia erlijiosoa. Santu egin dute beata egin eta bost urtera, gauza arraroa —hori esan zuten, behintzat, eliza kontuez ez baitakit ezer; baina espiritu irekia izatea da kontua, ikasteko gogoa. Merituak bildu zituen horretarako: koman hamabi egun eman zituen gizon bat sendatu zuen, bihotzeko eritasun bat zuen hamahiru hilabeteko neskato bat sendatu zuen —ospitaleak santuz beteta daudela bururatu zait hartara—. Baina ze telebista ikuskizun ederra. Dena espiritualtasun, dena azken modako sotana, dena letaniaz mozorrotutako pop melodia. Dena supermodernoa, alegia. Etxetik ere usaintzen zen abangoardia urrina. Santu berri bat daukagu albumerako orain. Esan zuen esatariak: «Oso fuertea da».

Eta sinestuna naiz ni. Santujalea ere bai, esango nuke, baten bat aurrean jartzen bazait. Baina ulertzen dut kanonizazio bat ez izatea zuen interesekoa. Ez nuke hona ekarriko ez balego eztabaidaren erdian ekitaldi erlijiosoak telebistaz ematea. Josu Goikoetxeak abiatu zuen: «Erdibituta ETBk meza ematearekin. Gure amak ikusten du, eta berdintsu elizara joan ezin duten milaka lagunek. Hori ez da zerbitzu publikoa?». Um, interesantea. Ikus dezagun, besterik ezean, RTVEko estilo liburuak horri buruz esaten duena: «Ekitaldi erlijiosoek interesa dute soilik espainiarren ondare kultural baldin badira, gehiengoarena edo gutxiengoena, inoiz ez motibo konfesionalengatik». Horrela ulertuta, meza katolikoren bat ETBn ematea erabat legoke justifikatuta, erabat justifikatuta legokeen bezala Euskal Herriko bertsolari txapelketaren finala ematea. Baina eta igandero bertso saio bat, igandero ordu berean, igandero plaza diferenteren batekoa? Ez ote luke horrek, ondare publikotik baino, motibo konfesionaletik gehiago? Elizarekin topo egin dugu, badakit, kontu labaina da. Ez hainbeste elizarena, baizik eta zerbitzu publikoarena. Baina, gauzak horrela, barka probokaziotxoa: ez ote dagoen, iganderoko meza santua baino, Madre Maria Purisima de la Cruz horren kanonizatze emanaldia justifikatuagoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude