Mugitzen dela mastodontea

Gaur justu aste biko zutabean aipatu genuen: nabarmendu egin behar zaiola ETBri azkenaldian dokumentalekin egiten ari den esfortzua. Aipatzen genituen, oso tarte laburrean, gutxi batzuk eman dituela, hiru gainera estreinaldiak. Igande gauarekin eman zuten momentuz azkena izan dena, Ventanas al interior filma, euskaraz eta originalki, Barrura begiratzeko leihoak. Bost euskal presoren erretratuak, bost euskal zinegileren eskutik egindakoak. Dokumentu garrantzitsua, herri honetan gertatu dena osoki ulertzeko bidean. Estreinatu zutenetik hiru urte eta erdi pasatu ondoren eman dute, egia da, «apur bat berandu», segur aski, Josu Martinez zuzendarietako batek esan bezala. Baina egin dezagun irakurketa positiboa: euskarazko bertsioa eman zuten, gaztelaniaz azpidatzita, prime time-an eta igandearekin. Estreinatu zuteneko boikot eta jazarpenik gabe, oraingoan. Edu Lartzangurenek zerrendatu zituen joan den ostiralean: Donostiako Udalak filma diruz lagunduko zuela erabaki eta ordu gutxira, hori Bildu legez kanpo uzteko arrazoia zela esan zuen Espainiako barne ministro Jorge Fernandezek. Donostiako Zinemaldiak ez ematea erabaki zuen urte hartako jaialdian, eta zuzendariei kopia bat eskatu zien Madrilgo Auzitegi Nazionalak. Hiru urte eta erdira, ordea, ezer ez, normaltasun administratiboa.

Horixe zen Martinezek eskatzen zuena: «Espero dezagun normaltasunez ematea dokumentala igandean, eta jendeak normaltasunez ikustea». Eta normaltasunez eman zuten, normaltasunez ikusi zuen jendeak. Ez orain hiru urteko zalapartarekin. Txio solteren bat, bai, ETBk bigarren katea eta prime time-a baliatzen dituela beste behin terrorismoa legitimatzeko. Baina ezer gutxi. Gauzak zenbat aldatu diren azken hiru urte hauetan, kamarada. Orain dela ez hainbeste iskanbilarako baliatzen zena, ez nekerik gabe baina aski normal ikusten da orain. Eta hori oso berri ona dela iruditzen zait. Sarri ematen du gauzak ez doazela inolaz ere aurrera, baina gero halako kontu itxuraz ezdeusekin konturatzen zara baietz, mugitzen dela mastodontea, ziur aski bide onean. Eta telebistara berriz bueltatuta, Martinez: «ETBn Euskal Herriaren historia politikoaren inguruko dokumentalak ematen ari dira». Esan dugu jada: atzerapenak atzerapen, nabarmendu egin behar da esfortzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude