Tximinoari arbolan nola

Bestelako gauza alegerago batzuez nahi nuen gaurkoa —adibidez, Mariano Rajoyren elkarrizketaz—. Baina inori ez zaio gustatzen bere hitzak gezurtatzea. Are gutxiago niri gezurtatu dizkidaten zentzuan egitea: astearteko zutabean poza agertu nuen Barrura begiratzeko leihoak normaltasunez eman zutelako ETBn, eta normaltasunez ikusi zuelako jendeak. Argitaratu eta hiru ordura ez zuen ezertarako balio zutabeak: PPk eta PSE-EEk azalpenak eskatu zizkioten Urkulluri filma emategatik; Covitek Maite Iturberen dimisioa eskatu zuen. Labur, ez dela normaltasunez eman eta ikusi ahal izan. Gauzak ez direla hainbeste aldatu, kamarada.

Lehen xehetasuna: gauza jakina zen filma ETBn emango zutena, duela egun batzuetatik; zalaparta, ordea, ez da hasi telebistatik eman eta bi egun pasa diren arte. Inor ez da filma eman ez dadin saiatu: nahiago izan dute telebistan eman ondorengo kalapita. Eta kalapita baino purrustada: PPren arabera, «saio hori emateak ETAren historia kriminala zuritzeko estrategia laguntzen du». Nire zalantzak ditut, ez emateak, saioak berak ETAren historia kriminala zuritzeko estrategia laguntzen duenik ere. PSE-EEk gaitzetsi zuen protagonistak aurkeztu izana «egin zituzten atentatuak aipatu gabe». Zer atentatu egin zuen Irati Tobar Segiko militanteak? Zer atentatu Jexuxmari Zalakain Egin egunkariko administrazio kontseiluko kideak? —EITBk ere esan zuen: «Indarkeriagatik zigortuak izan zirela guztiak»—. UPD kexatu zen «beste behin ETAko kideen zerbitzura jartzeagatik eta ikuspuntu gizatiar batean aurkezteagatik». Kontxo, gizakiak badira zer egin? Covite haserre, «ETAko presoak biktimatzat aurkezteagatik». Gauza oinarrizko bat: ETAko preso batzuk ere biktimak ere izan dira.

Eta beste bi kontu: ze tema preso politiko deitzen dituztelako. Ez dute jada zigortu nahi adibidez guardia zibila torturatzailea dela esatea. Zigortu nahi dute gauza bat ez esatea, filmeko bost protagonistei ez deitzea haiek nahi duten modura. Bigarrena: zergatik jotzen dute mezulariaren kontra? Esan nahi dut, zutabe hauengatik norbait epaitu beharko balute, utz dezatela bakean BERRIA, epaitu nazatela neroni —baina izan dadila azkar, mesedez, seietan padel partida daukat eta—. Bestela, ageriegi geratzen baitzaie, tximinoari arbolan nola, atzealdea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude