Zortzi kirol euskal-nafar

Esan dugu frantsesak ari direla guri begira azkenaldian, eta zer injustuak garen, gaixo lagun espainiarrak, ari dira-eta halaber guri kasu egiten. Are orain, katalanen aldean, seme-alaba txintxoak bilakatu garen honetan. Kirolzalea izanik gainera, kirola telebistaz ikusi zalea, alegia, bereziki poztu nauen programa batean: Espainia aldeko telebista publikoko bigarren katean, Conexión vintage —irakur bedi vintash—. Ocho deportes vascos izenburu ezin originalagoarekin, un programa de deporte vasco-navarro —momentu batean País Vasco, Navarra y País Vasco francés ere erabili zuten—.

Bada, bai, askorako ematen baitute kirol euskal-nafar horiek —uler bedi harri jasotzea, ahari talka, sega jokoa, artzain probak, korrikalariak, aizkolariak, sokatira, estropadak eta pilota, eskuz nahiz erremintaz. Bederatzi ateratzen zaizkit guztira, baina tira—. Adibidez, Jose Antonio Lopetegiren istorioa ezagutzeko, Agerre II.arena, harri-jasotzaile gipuzkoar oso-oso ezaguna, Julen Lopetegiren aita, egun batean Francori ezetz esan ziona, ez zuela izan nahi bere boxeolaria. Ifrentzua ere agertu ziguten, Jose Manuel Ibar, Urtain, Francori kasu honetan baietz esan ziona. Garaikideago, Iñaki Perurena, levantador y bertsolari, harriaren aurreko indarra sentsibilitatearekin eta poesiarekin eta artearekin bateragarria dela erakusten diguna. Harri jasotzea omen, saioko adituaren arabera, euskal kirolik gogorrena. Perurenak, aldiz, kirol horretako ikur baina eskultore, aktore, poeta, erakusten digu izan zaitezkeela harri-jasotzaile eta ez horregatik harri kozkor: «Izerditan, izerdiz, izerditsu/izerdi blaia, izerdi putzua/izerdia, izerdia, izerdia». Baina ez gaitezen tronpa: saioa ez zen izan indarrari egindako gorazarrea, ez bada zortzi kirol euskal-nafar horien —niri bederatzi ateratzen zaizkit, baina tira— jatorri, historia eta edertasunari eskainitako kantua.

Eta hori guztiori Orson Wellesen dokumental dagoeneko famatu hartako irudiekin, No-doak 1960an eta 1970ean eman zituen dokumental pare bateko irudiekin —azken horretan, cuatro provincias vascongadas aipatzen ziren—. Hori guztiori Itoiz, Sorotan Bele eta besteren musikarekin —eta horiek bai vintash—. Hori guztiori ordu eta erdiko dokumental zentzu askotan, ez soilik kirol arloan, nahikoa interesgarrian.

Artea telebistan

Galarraga ondorengo Galarragarekin lehenengo urtean jarri gara Galarraga eta biok Arte kateari begira. Zergatik? Bada, Telebista kate alemaniar frantziarrak, gaztelaniazko hiztunak bereganatzeko hizkuntz horretako azpidatziak gehitzea erabaki duelako. Gauzak zer diren, elkarrekin ezer ez adostuta, programa ezberdinei erreparatu diogu.—Zer uste zenuten? Hemen ez da tranparik, Ekografiak errealitatea da, ez telebista bezala, telebistaz hitz egiten badugu ere—. Atsegina da euren saioak hainbat hizkuntzetan emateko prestutasuna dutela jakitea. Prestutasunarekin esan nahi dut, hizkuntz aniztasuna errentagarria izango zaiela uste dutela. Haatik, poz mingotsa eman dit albisteak. Jakin, badakigu espainola Espainian ezezik munduko hainbat herrialdeetan hitz egiten dela eta bla, bla, bla. Goazen mamira: Frantziatik Espainiarako saltoan, gu ahaztea, onartezina da. Nire herrialdeko hizkuntzan, alegia, euskaraz ikusi nahi dut Arte katea. Aski da pazientzia izateaz, aski da baimena eskatzeaz, aski da barkamena erregutzeaz. Arte kateak Euskal Herrian ikusleak ditu —potentzialak izango balira ere, arrazoi aski eta sobera litzateke—, eta horregatik ere Arte euskaraz ikusi nahi dut. Makinaria martxan jartzeko tenorea da. —Zer moduz doa Netflixeko change.org-a? Hasiko al dugu beste bat?—.

Artek �‘ letra duen hizkuntzaren edukiak biltzeko webgune berria abiatu du. Hau da, sareko espazio berria ez da aurretiaz egindako programen hemeroteka bat, baizik eta aldaketaren ondoren ikusiko ditugun saioen biltegia. Aukera pobrea suertatu daitekeen arren, bada abiapuntu bat da. Gela birtual horretan maitemindu naiz frantsesez eta alemanieraz hitz egiten duen Tracks saioarekin. Telebistak plazerraren gailurrera inor eramateko gaitasuna balu —ondoren, katez aldatu bezain pronto, amildegitik behera botatzeko— zentzumenen gozamenean lagun diren plazer horien segida topatuko du ikusleak. Betiere, besteak beste, politika eta pop kultura zalea bada. Bazter guztietakoak ageri diren arren, Tracks ez da bazterreko eremuetan gordetako kultur satorren existentzia grisa argituko duen saioa. Ez da kritikarako esparrua, mundu osoko sorkuntza entsaladaren plaza baizik. Gure Euskal Herriko plazan gustura ikusiko nukeena, euskaraz eta pop ezaugarriz betea.

Gauza konplikatuagoa da

Parisa begira aritu gara azken egunotan, Frantzia aldera, noski, nora bestela, ez baita egon gauza askoz gehiagorik telebistan. Gerran da Frantzia —nahiz Hendaiara begiratu eta ez den mugimendu handirik nabaritzen, baina tira—; eta ikusi ditugu gerra horren lehen zantzuak nola jaso dituzten gure telebistako kateek, gurean nola bizi izan ditugun une horiek. Gerran izanik ere, ordea, zer eskuzabaltasuna, jabetu naiz kolpetik nola frantsesak ari zaizkigun guri begira azkenaldian, espainiarrak baino areago, eta begira bestalde manera nahiko eskuzabalean. Esan nahi baita, ez gatazkarekin lotuta, ez biolentziarekin, ez terrorismoarekin. Terroristak beste batzuk dira. Orain.

Depardieu handia —gero eta handiagoa— izan zen lehena, tour gastronomiko batekin. Larrutu genuen hemen —xuabe, badaezpada, ez ote zaigun itzuliko—. Orain izan da France3ko Des racines et des ailes. Berriz ere Euskal Herria aintzat hartuz, Frantzia eta Espainia artean den lurralde gisa. Ez bakarrik erakutsiz Baiona, Izturitze edo Ilbarritzeko gaztelua. Erakutsiz, halaber, Orreaga mugakidea, eta Rolanden kantuaren faltsutasuna: jakin dezatela frantsesek baskoiek hil zutela. Baina, areago, erakutsiz foru erkidegoko Artaxoa, hitz egiteko kasu honetan Errekonkistaz —eta ez dakit egokiena den kristau eta musulmanen arteko egoera delikatuarekin—. Noski, dena estilo honetan: munduko badiarik ederrenetakoa duela Donostiak, etc. Baina, tira, hori zen normaltasuna, ezta?

Eta izan da, beste behin, Arte katea, L’Europe des écrivains saioa. Palacios Aurreko lehenengo urtean aipatu genuen, Espainiari eskainitako atalean, atera zituztela Juan Goytisolo, Manuel Rivas galegoa, eta gure Bernardo Atxaga —ondo gogoratzen badut, flamenkoari buruz disertatzen, gainera—. Frantziari eskainitakoan orain, beste euskal herritar bat, Marie Darrieussecq. Ez dela kapaz euskaraz idazteko, ama-amatxiek hitz egiten zutela, beretzat hizkuntza frantsesaren atzeko hizkuntza zela. Hasieratik jakin zuela frantsesa hizkuntza bat dela beste hizkuntzen artean. Eskolak lotu zuela Frantziara. Baina independentista izan zitekeela. Eta dagoen lekuari buruz galdetuta: «Hau ez da Frantzia, gauza konplikatuagoa da: Euskal Herria». Zeinen eskergarriak diren, hartara, gauza konplikatuago hori ulertzeko halako saiakerak.

Trantsizioak

Larunbata telebistaren nazioarteko eguna izango da. Irudipena eta errealitatea uztartzen dituen atearen asmakizuna ospatzeko azaroaren 21a aukeratzea hamaika konturengatik izan daiteke. — Zaleak liluratzen dituen telebistaren esentzia marabillosoa errespetatuz, asma dezagun aukeraketa horren errealitatea—. Adibidez, duela 40 urte etxeko pantaila txikiaren bitartez, sekulako albistetzarra eman zutela gogoratzeko. Zenbaitek azaltzen dutenez, arbasoei entzunda segur aski, xanpainarekin topa egiteko tenorea izan omen zen hura. Akaso, xanpaina erosteko adina diru zutenek altxatuko zituzten edalontziak; haatik, ez zutenek ere nolabait bizi izango zuten alaitasun horren goxotasuna. Harrezkero, ez dakit ba telebista horrenbesteko poza emateko kapaza izan ote den. Alta, kuriosoa da paralelismoa, izan ere, Arias Navarro pantailan agertu eta aurrerantzean Espainiak Trantsizioa egiten jakin ez duen bezala —jakin baino gehiago, nahi edo behar izan—, telebista ere ez dabil oso fin moldaketa prozesu horretan. Digitalizazioak kontsumo askatasuna —edo askeagoa kontsumitzea esan genezake baita ere— baliatzen duen bitartean, hedabideen merkatua kontrolatzen dutenek, ikusleak molde jakin batzuen barruan jardutera mugatzen dituzte. Askatasun mugatuan oinarritutako audientzia joeraren kontrol neurtua da telebistaren sistema klasikoak ezartzen duena.

Gure artean Bertin Osbornek audientzien goia jotzen jarraitzen du, agian, nostalgiko asko Stockholmgo sindromeak jota izango direlako. Era berean, ikusle kuotari erreparatuta deigarria egin zaidana: ETB2ko albistegien audientzia jaitsi da, eta eguerdikoak gauekoak baino datu hobeak egiten ditu, noizbehinka bada ere. Zer gertatzen ari da gure telebistak horren datu kaskarrak emateko? Informatiboek jarraitzen dute datuen euskarri izaten, bai, baina noiz arte? Egia da, Gu ta gutarrak apustu indartsua izan dela, baina eustea kostatzen ari zaio. Herri Txiki-k datu oso onak egin arren, tamalez, ez dira hainbat urte atzera tankerako saio batek egin zitzakeenak bezalakoak.

Sistemak estutu egiten duenean, alegia baliagarria ez denean, herriak aldaketa eskatzen du. Garrantzitsua da hori entzuten jakitea, eta ulertzea, aldaketak goitik behera inposatutakoak direla, eta behetik gorakoak, eraikitakoak.

Amildegiaren begiei so

Galarragak egun batzuez telebista itzaltzeko gonbita ia egin digutela azaldu zuen atzo. Erabat ados nago, eta irudipena daukat telebistari greba egiteko gogoa areagotu digutela. Areagotu, bai, gogo hori aspalditik piztuta baitaukagu. Agerikoa izan da, Pariskoa eta antzeko muturreko egoeretan telebistaren espektakuluak noraino gogait dezakeen edozein sentsibilitate. Baina gurea den telebistari, zein inposatu dizkiguten mugen alde batean zein bestean egoteagatik ikus ditzakegun kateei, horiei guztiei, zer eskatzen diegu? Berdina al da kasu guztietan? Zergatik huts egiten dute?

Nola kudeatu behar da, gatazka baten aurrean, alde bateko zein besteko informazioa? Alegia, bestelako garrantzia al dute gertakariek gertatutako inguru geografikoaren arabera? Zerk definitzen du garrantzia?

Argitasunez azal ditzagun egungo egoerara ekarri gaituzten gorabehera historikoak; Ameriketako Estatu Batuen eta Europaren muga inposaketek indar sarraskitzailea eduki dutela, eta errefuxiatuak gure artean hartzeak ez duela minik pairatuko. Akaso, litekeena da min hori intentsuago bilakatzea. Ekografiak ez da nazioarteko historiaz aritzeko zutabe bat. Baina iraganean gertatutako zantzu bat edo beste izateak baliteke zerbait ulertzeko aukera ematea.

Nazkatu naiz garai batean zentzuz beteriko mezuak islatzen zituzten komuneko paretetan mundua maitasunak mugitzen duela irakurtzeaz. Esan ozenki, idatzi letra larriz mundua diruarekiko maitasunak mugitzen duela. Sumatzen ari gara zer mundu egoera dugun. Gerra deitzera oraindik animatu ez diren egoera horretan. Nortzuk ez diote izena jarri? Boteretsuek, adibidez: politikariek, enpresa handiek, hedabideek. Terrorismoa legez praktikatzen duten horiek guztiek: Ana Rosa Quintana Parisen isilune minutu batean zuzeneko konexio bat egitera eraman dutenak, esate baterako. Edo gaur egun kazetaritza iritzi sortzailetasunarekin bat egin dezala tematzen ari diren putre horiek. Herenegun, gaueko Teleberri-k %16ko ikusle kuota izan zuen, eta informazioaren irakurketa egiten duen El Intermedio-k %18,1ekoa. Zer kazetaritza mota nahi dugu? Zer kazetaritza mota errespetatzen dugu? Telebista nahi dugu?

Bada, hortxe gaude: merkantilizatutako informazio amildegiaren begiei so.

Gertatu bitartean

ETBk Iparraldearen orena kendu du programaziotik. Horixe idatzi nuen tarte honetan, 2013ko irailaren 27an, hau da, Palacios Aurreko (P.A.) lehenengo urtean. 21 urteren buruan, egun batetik bestera desagerrarazi zuten esklusiboki Ipar Euskal Herriko berriei eskainitako albistegia, bakarra ETBn. Egia da igandeetako Iparraldearen orena astekaria mantendu zutela, eta Ipar Euskal Herriko albisteak Euskal Herria zuzenean saio berrian emango zituztela esan zutela. Bi hilabeteren buruan konfirmatu ziren usterik makurrenak. 2013ko azaroaren 29koa da zutabea: Euskal Herria zuzenean saioak ez du eskaintzen, inondik inora ere, Iparraldearen orena-k eskaintzen zuen informazio berdina; egun batzuetan Euskal Telebistak ez du Ipar Euskal Herriko berririk ematen. Azkenaldiko panorama are makurragoa zen: Euskal Herria zuzenean saioa desagertuta, Iparraldearen orena astekaria baino ez zitzaigun geratzen, astean 25 minutu inguruko pilula. Hegoaldetarron kontzientziak baretzeko edo.

Berri ona, ordea, aste honekin batera iritsi da: ETB1era itzuli da eguneroko Iparraldearen orena. Iragarri zuten hamar minutukoa, baina, oraingoz, izan da bostekoa. Astelehenekoa, noski, osoki Pariseko atentatuei buruzkoa: Miarritze, Baiona, Donibane Lohizuneko elkarretaratzeekin, atentatuak bertatik bertara bizi izan zituen luhusoar gazte baten testigantzarekin, herritarren adierazpenekin. Ahaztu gabe, nola ez, aroaren iragarpena. Baina asteartearekin hasi ziren erakusten asmo berriak: Franck Dolosorrek harritu gintuen gaskoiez hitz egiten, eta asteartero Baionaldeko gaskoiek programan beren tokia izango dutela esanaz. Bestela, ohiko albisteak landu zituzten, lurraldekoak: Herrikoa arrisku kapitaleko sozietateari buruzkoa bat, Hazparneko Zinegin festibalari buruzkoa beste bat.

Eta esango nuke nire iritzia ez dela askorik aldatu 2013 urrun hartatik: iruditzen zait Ipar Euskal Herriko berriak ETBren osotasunari atxikitzea litzatekeela egin beharrekoa, euskal telebista bati dagokion bezala. ETBk egin beharko lukeena dela Ipar Euskal Herriko gauzak bere baitan hartzea, modu integralean, ez soilik saio bat emanez. Baina hori gertatu bitartean, orain dela bi urte arterako jakin-min berberarekin jarraituko dugu ikusten egunero, 18:20an, Iparraldearen orena.

Egun batzuez

Frantzia-Alemania futbol partida ikusten ariko bagina, jakingo genuke Parisko atentatuen berri zuzenean, entzun baitzen bonba baten eztanda, 16. minutuan, pilota arriskurik gabe zelai erdian zegoela, Patrice Evrak atzera pasea, boom, eta jarraian Saint-Denis estadioa betetzen zuen jendearen orroa, erdi txantxa, erdi sustoa. Baina ikusten ari ginen Espainia-Inglaterra, eta bakarrik entzun ahal izan genituen Gerard Pique jokalari katalanaren kontrako txistuak, ez bakarrik 16. minutuan, pilota ukitzen zuen bakoitzean —gaixoa Pique, espainiar askok katalanekiko duten herraren jomuga bilakatu baita—.

Ikusten ariko bagina jarraian Kataluniako telebista publikoa, jakingo genuke Parisko atentatuen azken ordua, eman baitzuten zuzeneko bat nahiko duina, bitarteko gutxi batzuk mobilizatuta, kazetariren bat estudioan, berriemaileren bat Parisetik telefonoan, ahal bezain pronto adituren bat; nahikoa ostiral gaueko teleikuslearen jakin-mina asetzeko momentuan berean. Ikusten ari ginen ETB1, ordea, eta pilota, eskuz binaka, auskalo dagoeneko nor noren kontra. Kontsolamendu gisa balio badu, Espainiako telebistan ez ziren abilago ibili: Tu cara me suena, Hermano mayor, Sálvame, Equipo investigación. Eta publikoan pelikula, La gran revancha.

Ikusten ariko bagina biharamunean, nik zer dakit, edozein herrialdetako edozein telebista kate normal, baina ikusten ari ginen La1, eta zehatzago Informe semanal. Gerria erakutsi zuten, eta sartu ziguten bideo ezin arloteago bat, atentatuen irudiekin, uneka musika arabiar moduko batekin, esaldi gutxirekin, baina ondo aukeratutakoekin: «Handia da Allah!», oihukatuz hasi zirela hiltzaileak tiroka. Edota gaur guztiok garela frantsesak. Bale. Eta frantsesak oso frantsesak, eta asko frantsesak. Baina asteko notizia garrantzitsuena beste bat zen: katalanen hordago separatista, zeina, zorionez, zuzenbide estatuak, Auzitegi Konstituzionalak eta demokraten batasunak geldiarazi duten. Eta jarraian gonbidatu eskukada bat pasatu zen pantailatik, guztiak ere prozesu subiranistaren oso kontrakoak, tartean Alfonso Guerra bezalako jendilajea, esanaz Kataluniakoa estatu kolpe zibil bat dela.

Hortik aurrerakoa hain izan da etsigarria dena, hain nahasgarria, egun batzuez telebista itzaltzeko gonbidapena izan dela ia.

Erresistentzia

Telebista kontuetan sare sozialek aparteko garrantzirik ez duten arren, audientzia termometro bat dira. Aparteko garrantzirik ez dutela diot, ez baitute oraindik asmatu horiei esker telebistari lotuta dirua sistematikoki nola lor daitekeen —eta ez, ez ditut ahaztu hainbat produkturen txio-iragarki babestuak, kalaxnikov batekin tiroak airera botatzeko gogoa pizten dizuten horiek—. Sinplea da, transakzio gune bilaka ezin daitekeena, ez dauka interes enpresarialik. Etxean audientzia neurgailua dutenei ordaintzen zaien legez, hainbaten txioak ekonomikoki errentagarriak balira, a zer negozio puska!

Traolen erabilera kopuruak Youtuben erreprodukzioek bezala dirua emango balute —ideia gehiegi ematen ari naiz—, Ocho apellidos vascos filmak poltsikoak are gehiago beteko lituzke. Asteazken gauean, trending topic izan zen. Normala deritzot, hein batean, filma ikustera bortxatu baitzuten ikuslea. Nola? Cuatro eta Telecinco kateetan aldi berean emanda. %48,1eko ikusle kuota lortu zuten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban —lortu edo lapurtu?—. Hala ere, bi kateetan film bera eman arren, Telecinco 257.000 ikuslerekin nagusitu zen, eta Cuatrok 133.000 ikusle izan zituen.

Elkartasun astea dudanez, besarkada handia bidali nahi diet oraindik ere filma ikusi ez dutenei. Badakit memoria historikoaren bonbardaketa sarraskitzaile eta anestesikotik aldentzea gogorra dela. Baina, lasai, laster batean kalera askatasun osoarekin atera ahalko garelako; umorea horren ondo lantzen duen filmak —zinez uste baitut gidoilari paregabeak izan dituela, eta bide batez, publikoki batere ondo tratatu ez dituztenak—, dirudienez, ez baitu gure hizkuntzan errotuta geratuko den esaldirik ez eta hitzik ere sortzea lortu. Ezingo gaituzte garaitu, V telesailean bezala. Izan ere, ondo antolatutako erresistentzia talde bat gara.

Badakit Galarragak bere aurreneko despedidan telebistak bizitza kendu diola esan zuela, baina, telebistan ikusi dudanez, telebista ikustea ez da txarra —salbatuta gaude Galarraga—. Gertutik ere ez: gurasoek gezurra zioten pantailara gerturatuz gero itsu geratuko ginela ziotenean. Hori eta beste irakatsi zizkigun Orbita Laika zoragarriak asteazkenean. Eurak ere trending topic izan ziren, baina osteguneko egunkariek ez dute txintik esan hortaz.

Besterik ez genuen behar

Palaciosen elkartasun mezuak hunkitu egin nau —nahiz, bestela bezala, Chita deitu didan aurpegira, baina tira—. Noski, orain ez dugu abiatuko infernuan barrenako lasterketa bat, topa daitezkeen saiorik anti moloienak nork ikusiko. Kontrakoa proposatzen dut. Palacios eta bion osasun mentalagatik, baina baita zuenagatik ere, irakurle estimatuok —geratzen bada oraindik baten bat—. Eta kontrakoa, praktikatik: gaurko zutabea ez da izango telebista saio bati buruzkoa, liburu baten gainekoa baizik. Hori bai, liburua, gutxi-asko, gure telebista saio anti moloiek irauten duten ordu, ordu eta erdian irakur daitekeena. Baina ez dut esango ze titulu irakurri dudan, ez eta ze idazlerena den ere. Pentsa, idazle bat aipatzea telebistari buruzko zutabe batean, ze desohorea. Eta, gainera, nire gustu musikalak erabat prebisibleak badira, imajinatu gustu literarioak —Chimamanda Ngozi Adichie, bai; Mario Vargas Llosa, ez; eta dena horrela—.

Eta esan beharra dizuet liburua lasai eta gustura asko irakurtzen ari nintzela, iritsi nintzen arte 56. orrialdera. Zer gai agertuko bertan, eta, jainko potzoloa, gure telebista maitea. Liburua erretzea izan zen lehenengo ideia, baina trukean ordaindu nituen euroak gogoan, irakurketarekin jarraitzea erabaki nuen. «Ez genuke itsutu behar homologazioa lortzeko afanean. Bai baitirudi behar horrek, kultura handietan ikusten dugun oro imitatzera garamatzala; txarrena barne, askotan, txarrena batez ere —begi-bistakoa gertatzen da hori telebistan—». Kontxo, ez dago batere gaizki, neronek ere sinatuko nuke hausnarketa. Baina halako batean hasten da pentsu lehorra ematen. Ez, pentsa daitekeen bezala, telebistari; literaturari baizik: «Egun edozein irakurketa jotzen da ontzat, kulturalki, edozer gauza kontsideratzen delako telebista ikustea baino aberasgarriago». Eta erabat lur jota utzi ninduen sententzia: «Ez dut uste hobea denik irakurtzea, edozer gauza irakurtzea, eta azken finean, gauza txar bat irakurtzea, telezaborra ikustea baino».

Orain literatura bidez sendatzeko terapia abiatua nuela. Orain desintoxikazio plana martxan zegoela. Orain telezaborra nire bizitzatik aldentzeko erabakia fermua zela. Orain dator idazle prestigiotsu bat halakoak esatera. Besterik ez genuen behar. Telezaborra berriz ikusten hasteko, diot.

Haur izateko adabakiak

Tarzanek Chitaren garrasiak entzun eta lianaren bila begirada altxatzen zuenean bezala egin dut nik. —Ez zaude bakarrik, banoa!—. Elkartasun sentimenduak piztu dizkidate Galarragaren kexuek. Telebistak kaka putza baino okerrago tratatu duen Celebrities hartako Manu Chao bezala, laguntzeko prest altxatu naiz ohetik —Solidaria!— Galarragak dio nik saio moloiagoak ikustea ez dela bidezkoa, eta berdin kobratzen dugula. Bada, arrazoi du eta emankizunen zerrendan topatu ahal izan dudan anti moloiena ikusi dut. Tonu dramatikoan neure burua zurituko dut esanez beragatik egin dudala, gugatik. Telebista, oraindik, maite dugunon alde egiteko. Auzo lotsa eman didana lerro hauetara ekartzeko.

Espero dut sufritzen dugun bakarrak gu biok ez izatea. Izan ere, gero eta jende gehiagok aitortzen dit ez duela telebista ikusten, edo are gehiago telebista aparaturik ez daukala etxean. Nik neuk, aparatua badudan arren, behin baino gehiagotan aitortu dut Nahieran zaleagoa naizela. Hau da, zer, non eta noiz ikusi nahi dudan aukeratzearen aldekoa naizela. Non geratu dira gurasoen «Son Goku 21:00etan hasiko da, aurretik afaldu eta ondoren ohera joango zara» horiek guztiak?

Tankerako esaldiak geratu ziren haur izateko ohorea izan genuenon memorian. Bai, Telecinco ikusi dut berriz. Cámbiame saio horretan, oraingoan, helduak ez ezik haurrak ere itxuraldatu dituzte, eta gogaikarria iruditu zait. Hamasei urte inguruko hiru gazte izan ziren protagonistak: dantzariak diren bi neska eta mutil bat. Haien gidari, Espainiako blogger famatuenen kofradiakoa den estilista, Londresen ikasitakoa —hau da, Galarragak eta biok kobratzen dugunarekin bizi dela, noski—. Saioan zuritzen saiatzen diren arren, hasierako karetatik amaierako kredituak arte, itxura heteroarautua izatea ezinbestekoa dela sustatzen dute. Makillajearen maskararen atzean gordetzeko beharra azaltzen digute. Heldu ahaldundu gabeekin egiteak delitua du, baina umeak doktrinatzeak Goebbels deabrukumearen herentzia dirudi.

Sistema lehertzeko modurik eraginkorrena barrutik eragitea denez, aurrerantzean adabakiak erabil ditzagun aldarrikatuko dut. Gazteenek arropa apurtzeko beldurra izan ez dezaten. Alegia, eurek izan behar omen duten hori apurtzeko beldurrik izan ez dezaten.