Jauzi handiaren zain

Ez da posible, ezin liteke: Palaciosek pasa den astean ikusi zituen telebista saioak nik ikusi nituenak baino arras moloiagoak izan ziren. Ez dago deretxorik. Berdin kobratzen dugu —zenbat ez dut esango, badaezpada—. Beraz, zerbitzu publikoa momentu batez alboratuta, kapritxo txiki bat onartu diot neure buruari, zuk ere onartuko didazulakoan, irakurle maite. El gran salto ikusi dut ETB2n, ekintzaileei zuzendutako dokureality-a. Bai, zer egingo zaio, batzuek independentzia nahi dute, beste batzuk Behobia-Donostiarekin korritzen dira. Nire zaletasuna da koprofagia.

Bost ausart —Maria, Alberto, Maite, Jairo, Alberto—, bost amets —«burmuin artega daukat»—, bost bizitza -«haur bat izatea momentutzar bat da»- eta 12.000 euroko saria jauzi handia eman dezaten —«enpresari hitzak gogora ekartzen dit Miamin dagoena bere yatearekin; ez nago puntu horretan»—. Euskadin badaude pertsonak egunero borrokatzen direnak beren ametsa errealitate bilakatzeko —eta amets hori batzuentzat da egunean bi otordu egitea—, ideia baten alde apustu egin dutenak —armekin orain gutxira arte—, lan egin eta lana sortzen dutenak beren enpresetan —ui, eta prekaritatea ere sortzen dutenak—. Proiektu handidun ekintzaile txikiak —eta proiektu txikidun ekintzaile handiak—. Parte hartzaileek bidea egin nahi dute gurea bezalako herri tradizioz industrial batean —ai, Txomin Agirrek burua altxatuko balu—. Gure ausartek bultzadatxo bat behar dute —kasu, amildegitik behera bota gabe—. Eta guk emango diegu —kasu, benetan!—. Epaimahaia osatzen dute lehen lerroko enpresariek —beren enpresen publizitatea egin bitartean—, adituek —coach eta abarrekoek—, euskal gizarteko figura adierazgarriek —figuratxoek, esango nuke—. Irabazleak Laboral Kutxa saria eramango du —esan dugu, 12.000 euro; diru gutxi iruditzen zait kreditu kooperatibak jasoko duen publizitatearen truke—. Ironman bat bezalakoa baita ekintzailetza: uretara bota, bizikletan oreka mantendu eta gero maratoia. Ahalegin eta dulantziz beteriko froga paregabea. Eta, zer nahi duzue esatea, ni gehiago naiz sofakoa.

Eta Billy Braggena: zure esku hautatzea zu ze taldetan zauden, borrokalaria izan, boterezalea izan, jauzi handiaren zain zaudela; batu hadi ekintzara, lagunak ditun milaka, jauzi handiaren zain.

 

Addenda

Beñat Sarasola ekarri zion euskarari Billy Bragg handiaren Waiting for the Great Leap Forwards. Hemen dago osorik Jauzi handiaren zain.

Eta hemen Ibon Rodriguezen ahotsean, Mursego, Nacho Vegas eta Roberto Herrerosek lagundurik.

Etiketak busti

Erabat ahaztuta neukan gure lanak tarteka goxo tratatzen zaituela. Gure lana testuinguru honetan da, «zer ikasi duzu?» eta «zertan lan egiten duzu?» galderen artean eraikitzen den etiketa hori. Hobeto esanda, kontrol mekanismo bat da, eta are gehiago, zu zer zaren definitzeko ausardia duen hitza. Hein batean, marxismoaren herentzia linguistikoa izan liteke, lana eta pertsona lotzen dituen kontzeptua. Alegia, zer eraldatzen duzun azaldu eta gizarteari singularretik kolektibora doazen zein onura ekar diezaiokezun azaltzen diona.

Bada, hori, batere erdeinagarria ez den pisu horrek poza dakarrela lantzean behin, baita Hertzetan saiora joateko gonbita ere bai. Ez pentsa erosi nahi nautelako denik: emozionatuta nago Kanalduderen uztarekin! Beraz, oraingoan Busti emankizunaz arituko naiz. Eta, aizue, oso zoriontsua naiz Galarragaren aldean, agidanean, aste honetan ikusi ditudan telebista saioak berak ikusi dituenak baino arras moloiagoak izan direlako.

Saioa egiten duten gazteek asko ikasi dute. Hala ere, behin eta berriz errepikatzen dutenez, asko dute ikasteko eta bat nator horrekin. Hauek ere rural posmodern estetika darabilte —Jazzpana jaialdiak erabili arte ezagutzen ez nuen etiketa txatxia, barkatuko didazue zaharrunokeria—. Saioaren epizentroan aurkituko ditugu aurkezleak, teilatu beltz baten azpian, baratzea lantzeko eta etengabeki gris dagoen telebista bat lagun dutela —telebistaren gainbeheraren metafora izango da?—. Euren bueltan Iparraldeko aniztasuna islatzen duten erreportaje, elkarrizketa, esketx edota tarte dibulgatibo forman. Azkenengo honetan busti dira politika instituzionalarekin. Erreportaje eta Kafeñoa elkarrizketa tartean, ekimenak eta ekintzaileak ezagutuko ditugu. Aldarrikapenerako ere bada tarte; umore forman zein kaleko errealitatetik islatutako irudietan. Eta publizitate propioa egiten dute —hauek ez dute marka handien babesik behar ipurdia mugitzen hasteko, redio!—. Irudia eta soinua, aurreko atalen aldean, nabarmenki hobea da.

Busti-rekin bustiko naiz berriz ere, ibilbidea hasi zutenean legez. Urte askotarako, eta harrobia elikatzen jarrai dezala formatuak. Gora edalontziak, topa pasionatuaren indarrarekin sortutako olatuek busti ditzatela —kaka zaharra, etiketa jarri behar diet— etorkizuneko komunikatzaileak!

Amets egiten dut

La Sexta katean bada saio bat, El jefe infiltrado. Aspaldian ikusi dudan makurrena: Espainiako enpresa nagusietako exekutibo nagusiak (sic) jaisten dira lurrera (sic), infiltratzen dira identitate faltsu batekin beren enpresan, lan egiten dute besoz beso beren langileekin (sic) eta betirako aldaraziko dituzten erabakiak hartzen dituzte (sic). Goitikagarria. Eta ez nuke hona ekarriko azken saioan ez balitz agertu Gipuzkoa Basket Club (hemendik aurrera GBC; ze arraio, haiek egiten badute). Beldurrez bizi naiz geroztik, noiz agertuko zaidan Martxelo Otamendi infiltratuta, pastazko betaurrekoak, rastafari ileak, piercing bat sudurrean.

Eutsi gogor: delegatua eta utilleroa; biak batera, bost pertsonaren lana egiten du, ez du arropa guztia garbitzeko gailu bat baino. Eta ausartzen dira gaizki-edo egin duen gauza bat itsustera. Hori bai, bukaeran, oparitzen diote bidaia bat AEBetara, baina jarraituko du bost pertsonaren lana egiten berdin. Las Gipuzkoa dancers, musu truk dantza egiten duten neska gazte batzuk, ez daukate entrenatzeko lekurik, ez ispilurik, ez jantzirik, ez jokalarien agurrik. Eta ausartzen dira klubarekiko kexa asko dutela esatera. Lasai, oparitzen diete koreografia berri bat eta aurrera. Gipu, GBCko maskota —igel bat, kroak—, instalazio elektrikoaren gelan aldatzen da, zirkuitulabur batek noiz emango. Oparitzen diote bidaia bat Eskoziara, baina ez elektrizitaterik gabeko etorkizun bat. Boluntario bat, bihotzekoa eman eta hurrengo egunean klubera deitu zuena, ezin izango zela joan esatera. Zuzendaritzarekin kritiko agertu omen da. Halere, ze jatorrak, oparitzen diote parkineko pase bat. Eta gainontzeko boluntarioak zer? Denek jarraituko dute zentimo bat ikusi gabe.

Zer helbururekin agertzen da GBC bezalako klub bat, ustez serioa, El jefe infiltrado bezalako saio batean? Ez dira konturatzen beren doilorkeria guztiak agerian geratzen direla? Zentimo bakar bat ere ikusten ez duen jendearen lana xurgatzen ari direla. Miserian dauzkatela langileak. Zer uste dute, pare bat oparitxorekin inor engainatuko dutela? Limosna emanez konpontzen dela jende horren egoera prekarioa? Tontoak garela uste dute? Amets egiten dut langile guztiak elkartu eta exekutibo horiek enpresatik airean aterako dituzten egunarekin, telebista sekuentzia gogoangarrian.

// Please enable JavaScript to view the &amp;amp;lt;a href=”http://disqus.com/?ref_noscript”&amp;amp;gt;comments powered by Disqus.&amp;amp;lt;/a&amp;amp;gt;<span id=”mce_marker” data-mce-type=”bookmark”>​</span>

Gitarrak askatu!

Joseba B. Lenoirren gitarra bakarkakorik potenteena jarriko nioke musikan oinarritutako telebista programa berria egingo zutela jakin nuenenean geratu zitzaidan aurpegiari —halako marabillarik entzutea!—. Zorionekoak gara musikazaleak —eta gizadia—. Joan den astetik, Kanaldudeko kide Maialen Duguinek eta Radiokulturako kide Allande Etxeberrik gidatzen dute Hertzetan saioa. Bi hedabideek elkarlanean martxan jarritako proiektua da, eta aurkezleek azaldu legez: «Euskal Herriko musika ekoizpenen aniztasuna islatzea» du helburu. Abiapuntu bikaina deritzot, horixe baita, hain zuzen ere, musika kazetaritzaren ardatzean bueltaka gabiltzanon buruhausteetako bat: aniztasunaren ikusgarritasuna.

Oso inpresio ona utzi dit estreinako saioak. Ordubete pasatxo iraun zuen Orioko Giranice rock instrumental taldeko lagunak protagonista izan zituen emanaldiak. Zuzeneko musika eta elkarrizketak uztartzen dituen formatua ezaguna zaigu. Haatik, telebistak, musikak bezala, ez du zertan ez berritzailea ezta originala izan kalitatezkoa eta aparta izateko. Formatua ezaguna zaigula diot, ez delako aurreneko aldia tankera industriala duen espazio batean musika talde bat jotzen eta ondoren galderak erantzuten ikusten duguna. MTV edo VH1 kateek izan dituzte tankerakoak. Eta guk ere bai.

Bazen garaia Hertzetan bezalakorik agertzeko; hemen inguruan fundamentu apur bat egiteko Arte katera salto egin behar baitugu. Hamaika Telebistak ere badu kulturarako tartea, eta bereziki zuzeneko musikari dedikatutakoa. Aniztasuna kasu honetan, ordea, bestelakoa da, zigilu baten menpekoa delako saioa. ETBk, egia esan, ezarekin uzten gaituzten Eitb kulturako pilulak ematen dizkigu. Ikuspuntu kulturaletik jorratutako musika garaikide kontuetan ez gaitu askorik zaintzen.

Hertzetan ertzetako hertzioak biltzeko izena izan daiteke. Ertzak zaindu zituzten: Oriora joan ziren, eta espero dugu hainbat txokotatik edango dutela. Erabilitako hamaika kamerek ere eroso erakutsi zizkiguten ertzetakoak. Kamera finkoak eta eskuz hartutakoak erabili zituzten. Hertzioak izan ziren protagonista nagusiak; aski ondo landutako soinua, eta ondo hartutakoa.

Kanalduden, gitarrak askatuko dira gure koreografia telebisiboari herdoila kentzeko.

Gaitasun gabeziagatik

Palaciosek bere azken zutabean aurreratu bezala, ostiral gauarekin Navarra, 100 días de cambio. Zer saio aproposagorik ETB LTD bidez Iruñerrian ikusi ahal izango dela ospatzeko, maiatzeko hauteskunde foralek ekarri duten gobernu aldaketari buruzkoa baino. Eta eman zuten ETB2n, noski, partida inportanteak jokatzen diren katean. Eta ez diot hainbeste gaiagatik: egia da Nafarroan gertatu den aldaketa politikoari buruzko erreportaje bat egin nahi baduzu, egin dezakezula osoki euskaraz, eta ostiralekoak besarkatzen zuen espektro guztia besarkatuta; baina berdin da egia elkartu nahi badituzu Nafarroako egunkari garrantzitsuenetako buruak, Diario de Navarrakoa barne, edota elkartu nahi badituzu lehendakari ohi batzuk, Miguel Sanz eta Juan Cruz Alli, Juan Jose Lizarbe eta Patxi Zabaletarekin batera, bada gaztelaniaz egitea derrigorra dela —beste egun baterako utziko dugu azpidatzien errekurtsoa—. Baina bigarren B mailako partidak jokatzen diren katean ere egin ahalko zen, zer demonio, ETB1n, saioaren gidaria nor zen ikusita: Juan Kruz Lakasta.

Urtzi Urkizu uste dut izan zela lehena Lakasta Jordi Evolerekin konparatu zuena: «Juan Kruz Lakasta ETBko Evole izateko bidean». Eta, egia esatera, zaila egin zitzaidan ostiraleko erreportajea Salvados saioaren oihartzunik gabe ikustea. Edizioak, erritmoak, tonuak. Politikariekiko gertutasunak. Kaleko jendeari elkarrizketak. Umorearen erabilpenak: lehen aipatu ditugun lau politikarien bilkurari House of foral cards deitu zion. Edo Santiago Cervera postaria Iruñeko harresietan elkarrizketatu zuen: «Noiz arte jasan beharko duzu harresien txantxa hori?». Akaso goia jo zuen Uxue Barkosekin antzeztu zuen pieza teatralizatuan: «Inork badu kanbiorik?», eta Barkosek, «neronek». Berriz ere, pixka bat berandu, Salvados eredua hain dagoenean finkatua, errepikatua, ikusia. Esan nahi dut, Lakasta betidanik hor egon dela —tira, betidanik, neronek memoria dudanetik behintzat—. Eta, modu ulertezinean, orain arte ez dugula baliatu. Ez dugula baliatzen jakin izan.

Atal gehiago irits daitezkeela esan dute. Kontxo, baina irits daitezela euskaraz, behingoagatik. Eta irits daitezela, Lakasta, ETBko Evole ez, ETBko kazetari erreferentzialetako bat bilakatzeko asmoarekin. Ez baita gaitasun gabeziagatik.

Langak vs iritziak

Gaur gauean Nafarroako aldaketa politikoari buruzko saioa eskainiko du ETB2k. Galarragaren aste honetako Ekografiak zutabeak irakurri ondoren, zer pentsatua ematen duen zalantza datorkit burura. Emanaldiaren aurrean, arazorik sortuko al dute alderdi politikoek? Nork daki, baliteke alde batekoak edo bestekoak lumak tintaz betetzen aritzea, gure telebista publikoan gure herriko errealitatea azaleratzen duten saioak eskaintzeagatik. Alegia, telebista publikoak haren betebehar soziala bermatzeagatik.

Agidanean, langa ez da guztiontzat berdina. Horrekin esan nahi dut, alde bateko edo besteko zipriztin politikoa antzematen zaionean programa bati, agintea dutenen erreakzioak bestelakoak direla. Ondorioz, horrela baldin bada, bide horretatik gure herrian «onak eta txarrak» seinalatzen jarraitzeko mekanismoaren zilegitasuna besterik ez dugu bermatuko. Are gehiago, ikus-entzunezkoei mugak jarrita, sorkuntza bera sustraitik eraldatzeko arriskua dago. Haatik, gizarte batek ezin du aurrera egin, sorkuntza zeharkatuta ez bada.

Gure telebistaren emankizun zerrendan, badira gizartearen errealitatea saioak egiteko aprobetxaten dutenak. Are gehiago, gehienak direla esango nuke; albistegietan albisteak eskaintzen dizkigute, Sin ir más lejos-en aktualitatearen errepasoa egiten dute, Gu ta gutarrak reality-an edade jakin bateko gazteen bizimodua islatu nahi dute, Herri txiki, infernu handi-n gure geografian barrena bidaiatuz hainbat txokotan topatutakoak umorez janzten dituzte… hamaika adibide ditugu eta denek sor dezakete iritzia. Gehienak, ordea, ez dira politikan instuzionalean oinarritzen, baina pertsonalak diren heinean politikoki diskurtsoa ere eraikitzen dute. Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren kasua, dirudienez, ez da iguala. Ez da gauza bera, adibidez, min ematen duelako. Eta min ematen jarraituko du mahai gainean eztabaida jartzea onartzen ez badugu. Onarpena.

Jarraitu nahi dut iritzi aniztasuna gure telebista publikoan ikusten. Agertzen direnak azaltzen didatenarekin ados agertu eta kontra egin nahi diot. Aukera hori izan nahi dut. Telebista aparatuari, nire etxeko bakardadean erantzuten jarraitu nahi diot. Nafarroaz hitz egingo digun gaurko saioaren aurrerapen bideoa ikusita, agidanean, lortuko dut.