Zamarik handiena

Abenduak 20ko hauteskundeak zuzen-zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskaini zigun Euskal Telebistak. Horixe iragartzen zuen EITBk bidalitako prentsa-oharrak, eta halaxe izan zen. ETB1en, esate batera, 20:00etan hasi zen gaua, programa berezi batekin: Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak gidatuta, Pilar Kaltzada kazetariarekin batera, Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak ikusi ahal izan genituen. Zuzeneko konexioak ere egin zituzten alderdi politikoetako egoitzekin. ETB2n, bestalde, 19:15etik aurrera, Estibaliz Ruiz de Azuak, Africa Baetak eta Xabier Lapitzek aurkeztu zuten saio berezia. Eta bi solasaldi mahai izan zituen: horietako batean, Alfredo Retortillo, Juanjo Dominguez eta Felix Arrieta politologoek eta Ana Garbati kazetariak parte hartu zuten; bestean, berriz, EAJko Jokin Bildarratzek, EH Bilduko Iker Casanovak, PSE-EEko Natalia Rojok, PPko Cristina Ruizek, Podemoseko Juantxo Iturriak eta Ciudadanoseko Nicolas de Miguelek. Laburbilduz: ETB1en bi kazetari eta hiru gonbidatu. Hasi 20:00etan. 45 minutu beranduago, alegia. ETB2n, aldiz, hiru kazetari eta lau gonbidatu, gehi politikarien solasaldi bat.

Eta hauteskunde gauaren jarraipen ona egin zuen ETB1k, noski, ez zen egon aitzakiarik ez ikusteko. Baten batek esan dezake, gainera, tira, hain garrantzitsua ere ez dela, adibidez, ETB1en bi aurkezle izatea eta ETB2n hiru —are aurkezle horietako bat Lapitz bada—; adibidez, ETB1en hiru gonbidatu izatea eta ETB2n lau -are euskarazkoan Asier Blas eta Eider Alkortaz disfruta badaiteke-; adibidez, ETB2n politikarien mahai bat egotea eta ETB1en ez —politikarien mahai bat? Nork nahi du halakorik?—; adibidez, ETB1eko saio berezia 45 minutu beranduago hastea —are inkestak ezagutu eta benetako emaitzak eskuratzen hasi arteko tartea zinez asperramorragarria izanik—. Txikikeriak direla guztiak? Baliteke. Ez dut kontrakoa esango. Baina zer arraroa txikikeriak beti alde berera erortzea, ezta? Zergatik ez dira inoiz erortzen beste aldera, zergatik ez da diskriminazio positibo pixka bat egiten, eta lehenesten da euskarazko katea, ahulena, hain txikikeria badira?

Josu Goikoetxeak esana du: «ETB1ek dituen zametako batek badu izena: ETB2». Astea joan, astea etorri, zametako bat zena, ez ote den zamarik handiena bilakatzen ari.

Zifra eskandalagarriak

Ederki asko aletu zuen atzo Rajoy eta Sanchezen aurrez aurrekoa Gotzon Hermosillak. Entrenatzaile famatu hark esan bezala, beraz, es dago eserr gehiago esan beharrrik. Tira, bai, harritu nauela eztabaidaren arrakastak: orotara, 9.700.000 lagunek ikusi zuten, Espainiako lau alderdi nagusietako hautagaiena baino 500.000 gehiagok. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %42,6ko ikusle kuota erdietsi zuen —Espainian baino zortzi puntu txikiagoa—. Eta Nafarroan, %39,4. Gaur egungo audientzia dantzarako, zifra eskandalagarriak.

Astearte gauarekin, aldiz, gure telebista eztabaida propioa izan genuen, debate politiko autoktonoa, euskaraz, ETB1en. Azpimarra eta gehiago saioan, hain zuzen, eta Maddalen Iriarteren gidaritzapean. EITBko administrazio kontseiluaren erabakiz, aurreko Gorteetarako hauteskundeetan EAEn ordezkaritza gehien lortu zuten alderdiak zeuden: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP. Eta Hauteskunde Batzorde Zentralaren irizpidearen arabera, alderdi esanguratsutzat jotzen duten Podemos-Ahal dugu. Bost ordezkari politiko, hartara, lau hautagai: Joseba Agirretxea —giputz—, Marian Beitialarrangoitia —giputz—, Nagua Alba —giputz—, Laura Garrido —ez-giputz bakarra—; eta hautagai euskalduna lortzeko kapaz izan ez zen PSEko Eneko Andueza —giputz halaber—. Denak, bost gairen inguruan: ekonomia, autogobernua, bakea, elkarbizitza, gobernagarritasuna. Eta dena, ez «gezurtia», ez «zintzotasunik gabea», ez eta «doilor», «zital» eta «miserable» ere: eztabaida osoa nahikoa adeitsu, garai bateko desadostasun, ezinikusi, herrak bazter utzita. Ondo laburbildu zuen Anduezak: «Marianekin lagunak izatea, ez borrokatzea, hori da bakea». Eta akaso aspergarria, baina tira.

A, baina ahaztu baino lehen: ETB1eko eztabaidak %0,8ko ikusle kuota erdietsi zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 4.000 ikusle. Baten batek esan dezake Rajoy eta Sanchezena, ez bakarrik La1n, Antena3 eta LaSextan ere eman zutela, aldi berean. Euskarazkoa ere eman izan balute ETB1en, ETB2n azpidatzita, ETB3n Doraemonek aurkeztuta, Hamaika telebistan, Nafar TBn Julian Iantzirekin eta Lekunberri TVn, akaso, iritsiko zen %1era. Errealitatea, ordea, hauxe da: %0,8. Eta egun osokoa, ETB1ekoa, %0,7. Eta, beste zentzu batean orain, baina horiek ere badira zifra eskandalagarriak.

Lehenengo baldintza

Euskal Telebistak 2015-2016ko ikasturterako egin duen apustu garrantzitsuenak ez du arrakastarik lortu. Urtzi Urkizuk azaldu digu: Aitaren etxea telesaila urtarrilean bukatuko da. Ez bakarrik lehen denboraldia bukatuko delako, denboraldi berririk izango ez delako baizik. Ikusleek ez dute erantzun. Horixe da denboraldi berririk ez egoteko argudio nagusia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste 15.000 ikus-entzule, %2ko ikusle kuota —ETB1en kuota %1,7koa izan den bitartean, azkeneko hiru hilabeteetan—. Baina galdera izan daiteke ea ikusleek erantzuteko moduko proposamen baten aurrean geunden.

Palaciosek eta biok, lehen kapitulua eman eta gero, balorazio bat egin genuen: bainak baina, gustura ikusi genuela. Halere, eta niri dagokidanez behintzat, hortxe bukatu zen telesailaren ibilbidea. Esan nahi dut, ez nuela kapitulu gehiago ikusi —eta ez dakit horrek zerbait esan nahi duen—, Iban Zalduaren galdera jaso genuen arte: «Benetan ikusten duzue gustura Aitaren etxea?». Falta zitzaizkidan hamar kapituluak ikusi ditut gerora, hamaika guztira, eta esan dezaket nahikoa ados nagoela Zalduak orduko hartan zioenarekin: nahiko sinesgaitza egiten zitzaiola telesaila, ikuspuntu guztietatik; girotze historikoa, adibidez, ez zegoela lortua. Errelato jakin bati lerratuegia, manikeo xamarra eta, oro har, gatz handirik gabea egin zait neroni. Eta maitasun erromantikoaren kontua, enfin —kapitulu askoan zehar tramari eusten zion elementu bakarra ia—. Batez ere maitasun erromantikoaren kontua. «Folletin bat iruditzen zait, hitzaren zentzu txarrenean». Uste dut Saizarbitoria izan zela homologazioa behetik bilatzearen arriskuez ohartarazi ziguna.

Horiek horrela, egokia da Marijo Deograciasek galdetzen duena: nola lortu ETB1en fikziozko saioak bizirauteko audientzia? Ez dut orakulu izateko batere bokaziorik, deabruak guarda, baina lehen kapituluari eskainitako zutabe hartan eman nuen nire iritzia: zergatik ez bilatu, ez xehetasuna, baizik eta benetako bide propioa? Zergatik ez saiatu kontatzen inork kontatu ez duena? Atzetik, kopiatzen, eta gaizki kopiatzen, berandu ibiltzea baino, puskaz arrazoizkoagoa iruditzen zait. Eta pellokeria da, noski, baina, ikusleek erantzun dezaten, ikusleek erantzuteko moduko produktu bat ematea da lehenengo baldintza.

Soluzio txarra

Ez bakarrik Durangoko Azokan egoteko pagotxa, Durangoko Azokaz idazteko tartea ere hartu du Palaciosek. Momentu batez desio izan nuen: astelehen gaueko eztabaida politikoa ikusi izana, eta kentzea niri ikusi behar izateko fardela. Zer, aukera posible bat zen: disko eta liburuz mukuru betetako paradisuaren erdian egonik ere, auskalo pantaila erraldoi batean, adibidez Kulturaren Plazan. Horretarako prestatuta zegoen ikuskizuna: aurretikoak, eztabaida, gerokoak. Kirol emankizun baten traza zuen denak, bereziki, futbolarena. Nahiz gero partida bera, Txapeldunen Ligakoa baino, iruditu hirugarren mailakoa.

Eta emaitza, bada, jantzita daramagun kamisetaren araberakoa. Pertsonalki, irabazlea iruditu zitzaidan Pablo Iglesias, ideiak garbi —besapeak ez hainbeste—, diskurtsoa besteengandik bereizien, egoeraren gaineko kontrola. Albert Rivera ohikoan baino traketsago ikusi nuen, nahasiago, iaioa baita ezer esan ez baina zerbait esaten ari denaren itxurak egiten. Soraya Saenz de Santamaria ez hain gaizki, nahiz uste baino okerrago: Rajoyren alternatibarik onena bada, leku ederrean daude —presidentearen erridikulua ekidin bazuen behintzat, gaitz erdi—. Eta Pedro Sanchez, zer nahi duzue esatea, bere ordez enbor bat jarri izan balute, berdin —edo hobeto, hartara ez genukeen ikusi beharko, eta entzun, bere barre behartua—. Baina, esandakoa: emaitza, norbere gustukoa. Pentsa, Pedro Sanchezek irabazletzat hartu zuen bere burua.

Baina, azken buruan, eztabaidak boto emaileen iritzian, hauteskundeen emaitzan zer eragin izan dezakeen ez dakit. Segur aski, pentsa dezakeguna baino txikiagoa. Ez dakit, esate batera, eztabaida irabazi izanak lagunduko dion gora egiten Iglesiasi —hainbatean aipatu zuen remontada hitza; beste behin, kirol lexikoa—. Neronek aspaldi galdu nuen gisa horretako saioekiko fedea. Saiatzen diren arren, gauza txikiak moldatzen, berrikuntzaren bat sartzen, ia ezinezkoa da erakargarri egitea, pasta kartoikoak diren politikariekin. Asteleheneko eztabaidaren kasuan, graziarik ez zidan egin Twitter bidez jarraitzeak ere. Eta gauza bat da eztabaida politiko baten gauzarik interesgarriena izatea eztabaida horren gaineko iruzkin umoretsua. Baina horrek ere funtzionatzen ez badu, uste dut soluzio txarra duela gauzak.

Gainerakoon gatz

Noski, dagoeneko ahaztuta izango dugu, abenduak 3, Euskararen eguna. Ahaztuen, segur aski, Euskaraz bizi nahi dut eta halako leloak erabili izan dituztenek. Bai, hori da, berriz buelta gaitezke erdaretara, zer lasaitua. Eta dagoeneko ahaztuago izango dugu, abenduak 3, Nafarroaren eguna. Gainerako euskal herritarrok. Zer esanik ez anai-arreba nafarrek, gaur bukatzen baita megazubi forala —eta oso serio ari naiz pentsatzen, datorren urteari begira, foru erkidegoan erroldatzea—.

Baina, Euskararen Egunaren aitzakian eman zirenak baino —Euskara besteen ahotan, esate baterako—, aukeratu dugu Juan Kruz Lakastaren dokumentala, Nafarroaren Garaia —nahiz zehatzagoa litzatekeen Nafarroa Garaiaren garaia—. Hasteko, gauza sinple bategatik. Orain hilabete pasa, ETB2n Lakastaren Navarra, 100 días de cambio eman zutelarik, halakoxe zerbait eskatu genuelako: «Atal gehiago irits daitezkeela esan dute. Kontxo, baina irits daitezela euskaraz, behingoagatik». Eta gero, bat natorrelako Iñigo Aranbarrik, azken-aurreko zutabean, esan zuenarekin: «Euskal Erdi onbera-ustekoak gainerakoak txepeldu gaituen bezala bihurtu ditu eguneroko errotak outsider hango idazleak. Biziago, libreago, muturrekoago mamian eta azalean». Hango, noski, da Nafarroako. Eta idazleen aipamenak ez bagaitu konbentzitzen, dokumentalean esan zuen Floren Aoizek: «Egun, esanguratsuki, esperimentu politikoak Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan gertatzen ari dira, eta beharbada Araban ere bai; periferian gertatzen ari dira zentroan baino fenomeno interesgarriagoak» —eta ze arraroa Aoizekin bat egitea—.

Luzatzen ari naiz eta: dokumentala zen foru erkidegoko aldaketaz eta hizkuntza politikaz -ño, abenduaren 3an biak, ze abilak—. Elkarrizketatuak, batetik, Nafarroa berriko agintari gorenak, Uxue Barkos, Ainhoa Aznarez —eta konstatazio bat: ze trakets hitz egiten duten euskaraz, oro har, Nafarroako autoritateek; Nafarroaren egunak ez ote lukeen behar, hartara, Euskara hobetzearen eguna—. Bestetik, agintari guapoenak, Eneko Larrarte —txiklea jaten, lastima—. Eta azkenik gizarte eragile garrantzitsuak. Tartean bi aizkolari, aipatutako Aoiz eta Aingeru Epaltza. Aizkorak kamustuta, egia. Eta, halere, Aranbarrik esan bezala, gainerakoon gatz guztiak ere.

Bide zuzenago bat

Jada ez da bakarrik telebista eztabaida, tertulia, tarte politikoetan. Orain dagoeneko da dantzan, sukaldatzen, gitarra jotzen, edozein gisatako show modutan. Edozein telebista saiotan, nonahi, agertzen dira orain Espainia aldeko politikariak. Kolore guztietakoak. Denak —tira, ahal duenak: Alberto Garzon gaixoa—. Esan dezagun alderantziz: bakanak dira orain politikariak agertzen ez diren programak —pare baten izena esaten badizkit inork, hamar euro emango dizkiot—. En tu casa o en la mía, El hormiguero, ¡Qué tiempo tan feliz!; Sálvame horretara ere deitu zuen oposizio buruak. Lehen beste zerbaiterako ziren saioak —ez galdetu badaezpada zertarako—, gaur egun dira politikarien promoziorako eskaparateak. Ematen du pentsatu dutela —kasu, ematen du—: tira, teleikusleek ez dituztenez ikusten politikari buruzko programak, sar gaitezen politikariok teleikusleek ikusten dituzten programetan. Ondorioa: bestela gustura asko ikusiko nituzkeen saioak, Maria Teresa Camposena esaterako, sekula gehiago ez ditudala ikusiko. Ez behintzat politika berri hori aldatu arte.

Galdera da orduan: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak datorren urtean izango dira, eta, marketin modu horri jarraiki, paseatuko ote dira euskal erdiko hautagaiak ETBko saioetan? Ez, noski, orain artean bezala Egun on Euskadi edota Azpimarra bezalakoetan. Edo En jake eta Minuto a minuto berriagoetan —a ze martxa daramaten, bide batez: Miguel Angel Revilla bera harrapatu dute; ez dut atal bakar bat ikusi, ez eta, politika hori aldatu arte, ikusiko ere—. Galdera da orduan: ikusiko ote dugu Urkullu Gu ta gutarrak saioan, kultura musulmanaren eraginez, Asim gainontzeko gutarretatik asko urruntzen ari den eztabaidatzen? Joango ote da Arnaldo Otegi Zuek hor saiora, Jo ta ke abestia kantatzera, Urdangarin eta Uriberen estiloan? —Rafa Larreina balitz hautagai, sekzio finkoa luke Egi bidean saioan—. Egingo ote du bultaño bat Aitaren etxea telesailean PPko hautagaiak? —beste gauza bat da jakitea zer bandotan, zelaiatarren edo egañatarren aldean—. Zer egiteko prest dago Gorka Maneiro, zer gehiago, esan nahi dut, eserlekuari eusteko? Politika reality bilakatzeko prozesu horretan, halere, bide zuzenago bat bururatzen zait: sar daitezela hautagai guztiak El conquis saioko hurrengo aldian. Irabazlea, lehendakari.

Orain dugu aukera

Egunak zeramatzaten iragartzen: iritsi da azkenean Siberia. Eta ez bakarrik tenperatura jaitsiera zakarragatik. Hemen da sareko telebista saio satiriko berria, aktualitate sozial, politiko eta kulturala umorez aztertuko duena, erreportaje, esketx eta beste hainbat atal konbinatuz egungo panorama soziopolitiko eta kulturaleko protagonistei egindako elkarrizketekin —ño, ze instituzional geratu zaidan dena—. Lehen emanaldia hasi zuten guardia zibilen protesta batean. Marea zuria, marea berdea eta orain trikornio marea. Ondo ekin zioten, batarekin eta bestearekin sartzen. Baina gero Podemoseko agintari bat harrapatu zuten: «Beren eskubideen alde borrokatzen diren guztiekin gaude, eta guardia zibilek ere murrizketak jasan dituzte» —beste kontu bat da ea izan diren behar bezain beste, baina tira—. Eta, labur esateko, M-15 inguruko jendeagandik etorritako saio bat izanik, iruditu zitzaidan Podemosen jarrera zuritzeko ahalegina. Pertsonalki irensten zaila egiten baitzait alderdi horrek oro har segurtasun indarrekiko agertu duen gertutasuna.

Baina atal gehiago ere badaude. El parte izenekoa, zeinean notizia irrigarriak ikus-entzuten dituen ustezko familia modu batek -adibidez, Nacho Canok disko benefiko bat aterako duela bere musikak utzitako biktimak laguntzeko-. Edo Plaza palabra, non oinezko jendeari krisia, konstituzioa, zorra, modan dauden hitzen definizioa eskatzen zaion. Azkenerako utzi zuten, serioxeago jarrita, plater nagusia, hizketaldia: Rita Maestre eta Xulio Ferreiro —batez ere Xulio Ferreiro, ze ona—. Madrilgo Udaleko bozeramailea lehena eta Coruñako alkatea bigarrena. Urteak gauzak aldatu behar direla esanaz, eta orain dugula egiteko aukera. Baina zapatisten hura egin behar dela, obedituz gobernatu; herritarren esanari, noski. Aviador Dro musika taldearen aipu batekin bukatzeko: telebista nutritiboa da.

Orain, horrela, Siberia-ren lehen atalaren errepaso azkar bat eginda, kontxo, zenbat gogorarazi didan Beranduegi. Eta zenbat sumatzen dudan faltan —bai, badakit paperean berpiztu dutela, baina, snif, ez da gauza bera—. «Nekatuta nago gauza beti berdinak ikusteaz telebistan», bota zuen ustezko familia modu horretako amonak. Horrexegatik, eta guk halakorik egin artean, zenbat eskertzen diren Siberia bezalako asmazioak.