Soluzio txarra

Ez bakarrik Durangoko Azokan egoteko pagotxa, Durangoko Azokaz idazteko tartea ere hartu du Palaciosek. Momentu batez desio izan nuen: astelehen gaueko eztabaida politikoa ikusi izana, eta kentzea niri ikusi behar izateko fardela. Zer, aukera posible bat zen: disko eta liburuz mukuru betetako paradisuaren erdian egonik ere, auskalo pantaila erraldoi batean, adibidez Kulturaren Plazan. Horretarako prestatuta zegoen ikuskizuna: aurretikoak, eztabaida, gerokoak. Kirol emankizun baten traza zuen denak, bereziki, futbolarena. Nahiz gero partida bera, Txapeldunen Ligakoa baino, iruditu hirugarren mailakoa.

Eta emaitza, bada, jantzita daramagun kamisetaren araberakoa. Pertsonalki, irabazlea iruditu zitzaidan Pablo Iglesias, ideiak garbi —besapeak ez hainbeste—, diskurtsoa besteengandik bereizien, egoeraren gaineko kontrola. Albert Rivera ohikoan baino traketsago ikusi nuen, nahasiago, iaioa baita ezer esan ez baina zerbait esaten ari denaren itxurak egiten. Soraya Saenz de Santamaria ez hain gaizki, nahiz uste baino okerrago: Rajoyren alternatibarik onena bada, leku ederrean daude —presidentearen erridikulua ekidin bazuen behintzat, gaitz erdi—. Eta Pedro Sanchez, zer nahi duzue esatea, bere ordez enbor bat jarri izan balute, berdin —edo hobeto, hartara ez genukeen ikusi beharko, eta entzun, bere barre behartua—. Baina, esandakoa: emaitza, norbere gustukoa. Pentsa, Pedro Sanchezek irabazletzat hartu zuen bere burua.

Baina, azken buruan, eztabaidak boto emaileen iritzian, hauteskundeen emaitzan zer eragin izan dezakeen ez dakit. Segur aski, pentsa dezakeguna baino txikiagoa. Ez dakit, esate batera, eztabaida irabazi izanak lagunduko dion gora egiten Iglesiasi —hainbatean aipatu zuen remontada hitza; beste behin, kirol lexikoa—. Neronek aspaldi galdu nuen gisa horretako saioekiko fedea. Saiatzen diren arren, gauza txikiak moldatzen, berrikuntzaren bat sartzen, ia ezinezkoa da erakargarri egitea, pasta kartoikoak diren politikariekin. Asteleheneko eztabaidaren kasuan, graziarik ez zidan egin Twitter bidez jarraitzeak ere. Eta gauza bat da eztabaida politiko baten gauzarik interesgarriena izatea eztabaida horren gaineko iruzkin umoretsua. Baina horrek ere funtzionatzen ez badu, uste dut soluzio txarra duela gauzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude