Lehenengo baldintza

Euskal Telebistak 2015-2016ko ikasturterako egin duen apustu garrantzitsuenak ez du arrakastarik lortu. Urtzi Urkizuk azaldu digu: Aitaren etxea telesaila urtarrilean bukatuko da. Ez bakarrik lehen denboraldia bukatuko delako, denboraldi berririk izango ez delako baizik. Ikusleek ez dute erantzun. Horixe da denboraldi berririk ez egoteko argudio nagusia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste 15.000 ikus-entzule, %2ko ikusle kuota —ETB1en kuota %1,7koa izan den bitartean, azkeneko hiru hilabeteetan—. Baina galdera izan daiteke ea ikusleek erantzuteko moduko proposamen baten aurrean geunden.

Palaciosek eta biok, lehen kapitulua eman eta gero, balorazio bat egin genuen: bainak baina, gustura ikusi genuela. Halere, eta niri dagokidanez behintzat, hortxe bukatu zen telesailaren ibilbidea. Esan nahi dut, ez nuela kapitulu gehiago ikusi —eta ez dakit horrek zerbait esan nahi duen—, Iban Zalduaren galdera jaso genuen arte: «Benetan ikusten duzue gustura Aitaren etxea?». Falta zitzaizkidan hamar kapituluak ikusi ditut gerora, hamaika guztira, eta esan dezaket nahikoa ados nagoela Zalduak orduko hartan zioenarekin: nahiko sinesgaitza egiten zitzaiola telesaila, ikuspuntu guztietatik; girotze historikoa, adibidez, ez zegoela lortua. Errelato jakin bati lerratuegia, manikeo xamarra eta, oro har, gatz handirik gabea egin zait neroni. Eta maitasun erromantikoaren kontua, enfin —kapitulu askoan zehar tramari eusten zion elementu bakarra ia—. Batez ere maitasun erromantikoaren kontua. «Folletin bat iruditzen zait, hitzaren zentzu txarrenean». Uste dut Saizarbitoria izan zela homologazioa behetik bilatzearen arriskuez ohartarazi ziguna.

Horiek horrela, egokia da Marijo Deograciasek galdetzen duena: nola lortu ETB1en fikziozko saioak bizirauteko audientzia? Ez dut orakulu izateko batere bokaziorik, deabruak guarda, baina lehen kapituluari eskainitako zutabe hartan eman nuen nire iritzia: zergatik ez bilatu, ez xehetasuna, baizik eta benetako bide propioa? Zergatik ez saiatu kontatzen inork kontatu ez duena? Atzetik, kopiatzen, eta gaizki kopiatzen, berandu ibiltzea baino, puskaz arrazoizkoagoa iruditzen zait. Eta pellokeria da, noski, baina, ikusleek erantzun dezaten, ikusleek erantzuteko moduko produktu bat ematea da lehenengo baldintza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude