Poligrafoak VS Boligrafoak

Dokumentala hasi eta irudia janzten duen bateria hotsak eman diezaiguke narratzailearen identitatea asmatzeko pista. Ia ordu batez poetikoki gidatuko gaituen ahotsa Galder Izagirrerena da: Dut, Kuraia eta Berri Txarrak taldeetako bateria-jotzailea eta Gaztezulo aldizkariko argazkilaria. Denboraz ari zaigu, hori omen da poligrafo bakarra.

Berri Txarrak-en dokumentala aitortza ariketa da: taldearen inguruan zalantzaren karga jartzeko aukerarik balego, neutralizatuta. Beste hamaika taldek bezala, badu musikaz gain beste zerbait. Ez naiz ari haren inguruko kritikez, iritziez eta irakurketez. Bai, ordea, kontzertu batean alboan dituzun lagunen presentzia igarri, eta konplizitate isilarekin elkarri esatea: «Gogoratzen duzu nortzuk ginen kanta honek zeharkatu gintuenean?». Hori da musikaren esentziaren osagaietako bat: musikak gorputza zeharkatzean uzten duen arrastoa.

1980-90eko hamarkadetako seme-alabok musika telebisatuarekin hazi gara. Asteburu goizetan Fernandiscorekin, del 40 al 1. Ondoren etorri zen erretinetatik erraz borratu genezakeen La1 kateko Música Sí saioa. Eskerrak Los conciertos de Radio3programari; gorabeherekin baina ildo koherenteari eusteko gai izan delako. Atzerritik jaso genituen musika gosea asetzeko ezinbesteko saioak, adibidez, MTVk izkirimiriak kontatzen zizkigun Pop Up Videos, eta arratsaldero gazteak pantailara lotzen zituen audientziaren eskariekin hornitutako Select tartea. Unplugged kontzertuak ezin ahaztu. Eta nire gustukoena; VH1 katea. Gogoan gordetzeko bi formato puska: Behind the music, eta, batez ere, Storytellers. Bigarrena musikazaleontzat goxoki hutsa da; sortzaileek kontzertua eskaini bitartean euren sormen prozesuaz hitz egiteko tartea hartzen dute, baina ez hori bakarrik, bertaratutako audientziak galderak zuzenean egiteko parada dauka.

Eklipsea eta Tumatxak datozkit gogora. Hamaika telebistako bideoklipak eta Elkar sesioak. Kanaldudeko Hertzetan. Hala ere, sormen prozesuaren islan gehiago behar dugu. Musikari izatea ez baita soilik diskoak ateratzea. Egurketa kronifikatua bizkarrean daramagun kazetariok espazioak letrekin okupa ditzakegu. Gaztetxetan eta tabernetan eurekin egon, hori baita industriak musikarien artisau esentzia erail ez dezan egin dezakegun borroka.

Liskarbidearen zubia

Hainbeste hitz egin da Donostia 2016 kultur hiriburutzaren hasiera ekitaldiko ikuskizunaz, eta hain gaizki, ezen, kontxo, integratzeko, nik ere ikustea beste erremediorik ez dudala izan. Noski, ikustaldia kasu honetan hasieratik zen tranpatia, banekielako dagoeneko ikusiko nuena ez zitzaidala gustatuko, edo ez zitzaidala gustatu behar behintzat, hain izan da ikuskizunaren inguruko iritzia kontrakoa. Perspektiba horretatik, «inaugurazio ekitaldi handia», «ekitaldi bakar eta paregabea», «ikusgarria izango den zeremonia» eta antzerako oharrak, ETB2ko iruzkinlariek egindakoak —ze, noski, emankizuna ETB2n pasa zuten, partida inportanteak jokatzen diren lekuan—, bada, irrigarri xamarrak suertatzen dira gaurko egunetik. Gauza batean asmatu zuten: «Donostiarren oroimenean geratuko da». Ez, agian, espero zuten bezala, baina tira, geratuko da.

Gauza da pribilegiatuak izan garela, gainera, telebistaz ikusi omen baitzen ikuskizuna ondoen. Pentsa, Tabakalerako VIP terrazako autoritate askok, ETBko kazetariaren arabera, telebista bitartez jarraitu zuten, terrazak eskaintzen omen zuen ikusmira paregabea gutxietsita —imajinatu orain lur arrasean zeuden oinezko gaixoek zer demontre ikusiko zuten; zenbat sufritu nuen haiengatik—. Eta ikuskizunarekin asko-asko gozatu ez bagenuen ere, autoritateen adierazpenak jaso ahal izan genituen behintzat: Urkullu lehendakariarenak, adibidez, gaztelaniaz eta Basque Country etengabe aipatzen; edota Espainiako Kultura ministroarenak, zeinak hitz egin zuen euskaraz beste inork —aurkezle, elkarrizketatu, Urkullu berak— baino gehiago. Halaxe pasa genuen Bizikidetzaren zubia ikuskizunaren telebista emanaldia. Bukatu eta liskarbidearena bilakatu zena.

Gaurko egunetik, irrigarri xamarrak suertatzen dira halaber, azkenerako, halako ikuskizun baten aurrean, elkarbizitza, aniztasuna, elkarrizketa, multikulturalitatea, pluraltasuna, errespetua, tolerantzia eta emankizunean errepikatu ziren hitz horiek guztiak. Eta galdera bat plantea dezakegu, larunbateko ikuskizunaren inguruan pertinentea izan daitekeena, baina baita orokorrago ere, Donostia 2016 edo auskalo kultura beraren inguruan: hau dena zertarako? Galdera hori ikustea iruditu zitzaidan ikuskizunaren aurrean zegoen jendearen aurpegietan.

Infernua besteak dira

Berandu baino lehen ailegatu nintzen, Berandu baino lehen saioa ikustera —badakizue, Fermin Etxegoienek Risto Mejide eta Bertin Osborne gurutzatzen diren lekuan egiten duen saioa—: Alex Txikon kirolaria despedituta, Etxegoien Toti Martinez de Lezeari liburu bat sina diezaion eskatzera zihoan unean hain zuzen ere. Ferminek eskuan zeraman liburua gorabehera, Totik gu bere literaturarekin aztoratu baino, bere konplexuekin libertitu nahiago izan zuen; ziurrenik horregatik esplikatu zigun bere euskaltasuna ez dela baso bat, oihan tropikala baizik, hain da sarria: berak dena egiten du euskaraz —tira, dena, liburuak idatzi izan ezik—, eta bere inguruan ere denek egiten dute dena euskaraz, seme-alabek, auzokideek, lankideek; jainko potzoloa, norbaitek eman diezaiola lehenbailehen EGA —Euskaltasun Gorenaren Agiria— emakume honi.

Halere, infernua, hori ere haren ahotik ikasi genuen, besteak dira —euskal gramatika, oso zaila delako; euskal idazleak, beren artean onartzen ez dutelako; euskaldunzaharrak, euskaldunberriekin erdaraz egiten dutelako—. Toti, nolanahi ere, gure letren martiria dugu: Espainiako argitaletxe handiek eskainitako dirutzari uko egin dio Euskal Herriari dion maitasunagatik; are gehiago, Planeta sariaren kantuari berari egin zion ez adituarena — «baina horrek esan nahi du Planeta aldez aurretik enkargatzen dela», Etxegoienek, harritu planta eginez; esker mila, Fermin, scoop-agatik—. Elkarrizketatzailearen lana, argi gera bedi, ez dugu sekula behar beste laudatuko: egoaren hedatze mugagabearen saio hartan, Martinez de Lezearen ahotik ateratzen zen oro irentsi zuen komentario sarkastikorik eta espanturik egin gabe —a zer momentua, Totik bere burua Homero, Shakespeare eta Tolstoiren pare jarri zuenekoa!—; Mejidek eta Osbornek —hara detektibe serie baterako izen paregabea— ez zuten inoiz hain profesional jokatuko.

Aste honetan Pako Aristi izanen dugu Ferminekin —horrek ere eramankortasuna eskatuko du, tonaka—. Hurrengoan denok dakigun idazle bat gonbidatuko balute —izenik eman gabe, badaezpada: kirmena esan ohi da, baina inoiz ez asasinoa—, saioan ildo bat ikusten hasiko nintzateke, zeren hark ere segur aski azalduko baitigu —eta honek dudarik gabe azalduko bailiguke— infernua, nola ez, besteak direla.

ETA horrela

Asteon lantalde teknikoen jarduna goresteaz gain, Galarragak —irakurleen hobe beharrez beti sufritzeko prest dagoena— Franco diktadore kakanarruak idatzitako Raza ikusi du. Hain justu telebistan ematea aukeratu dute, Mein Kampf liburua edonork irakur dezan berrargitaratu duten garaian. Naziez beranduago arduratuko gara. Izan ere, Iker Jimenezek azter zezakeen fenomenoa utzi digu gaurkotasunak, eta apetatsua den patuak osagai horiek muturrean nahastu ditu: informazioa faltsutzeaz eta edizioaz ari garen astean, Antena3ek biak bateratu ditu, kateak audientzia altuena lortzen duen saio informatiboan. Esklusiba zuten: Podemos, CUP, Venezuela eta ETA, Felipe Gonzalezek esango lukeen bezala «kaka berdina» direla kontatu nahi ziguten. Etxean ez hanka ez bururik zuen bideoa ikusten genuen bitartean, Periscope tresnari esker, platoko giroa erakusten zuen streaming emanaldiak Internet bidez jarraitzen zuen. Hor entzun ahal izan genuen aurkezleetako bat esanez, dagoeneko xelebre egin den Nos van a poner pero bienhura.

Lege eponimo inozoen gordailuan bada bat Godwin izena duena. Horren arabera, eztabaida bat geroz eta gehiago luzatzen bada, orduan eta aukera gehiago dago iritzi trukean parte hartzen duen batek bestea nazi deitu dezan. ETArekin harremantzeko joera ustelak ere horrelako lege bat beharko luke izan. Dagoeneko zerbait ETA dela esaten dugu maltzurkeria ironikoarekin txarra dela definitzeko. Kontziente egiten dugun lotura bat da, baina horrez gain, ETA konbertsorea edonon topatu daiteke: kontuz Lejarreta edota Mendieta abizenen tankerakoak dituzuenak zein Abaltzisketako lagunak. Are gehiago, aurrerantzean saiatu beharko dugu «eta» partikula ordez, «zein, edota, are gehiago» bezalako formulak erabiltzen, eta horrela terrorismoarekin lotu ez gaitzaten. Kaka, orain ni ere ETA naiz.

Ez du interbide errazik Antena3eko lagunen «hanka sartzeak». Barkamena eskatuta ez da nahikoa izango irudia garbitzeko: ezingo dute Erregearena egin. Lotsagarri geratu dira euren esentzia eta oinarri izan beharko lukeen informazio kudeaketari dagokionez. Podemos, CUP, Venezuela eta ETA gezurrekin lotzen saiatu eta lortu ez duten arren, zerbait lotzea lortu dute: Antena3 Espainiako eskuinaren sokakoa dela argi eta garbi dugu.

Gora teknika!

Ezin naiz adosago egon Galarragarekin, dioenean Cuatro katean bikotea aurkitzeko egiten dituzten saioak barrez lehertzeko modukoak direla. Ikuspegi kritiko batekin jarraitzekoak dira, noski, besteak beste, betaurreko moreak kendu gabe —biolentzia sinbolikoa besterik ez da ageri—. Baina, gorputza barrutik astintzen duten kontu hegemoniko horiez gain, molatzen dute. Eta zergatik barkatzen diegu formatu horiei tankerako beste hamaika saiori baimentzen ez dieguna?

Fenomeno marabillosoak loratu dituztelako. Adibidez, Galarragak esan bezala, printze eta printzesen saioetara doazenek aski ondo dakite ikusleok lepo eta euren lepo egingo dugula barre. Hortaz, ikusleak sentitzen du telebistan ageri dena baino inteligenteagoa dela. Alegia, ikuslearen autoestimurako osasungarriak dira.

Bestetik, kolektiboan ikusteko saioak dira. Ohituta gaude bakardadea sustatzen duten saioak ikustera, hau da, telebista piztuta utzi eta konpainia egiten diguten horietara. Esate baterako, goizean zein bazkalostean ematen dituzten magazine guztiak. Garai batean irratiak zuen funtzioa betetzen hasi da aspalditik telebista. Cuatroko saioek, sofan alboan ez dituzun lagunei ere mezuak helarazteko gogoa pizten dizute; sare sozialak eta Whatsappa sutan jartzen dute. Memoriak kale egiten ez badit, tankerako lehen saioa abian jarri zutenean horrek harritu zituen kateko agintariak; Salvados-ekin gertatu bezala, sareko oihartzunak. Gogoratu Nacho Vigalondok asmatu zuen hijos tróspidos etiketa hura.

Eta azkenik eta garrantzitsuena: kamera atzekoen lanaren prestigioa kamera aurrean daudenen pare jartzea lortu dute —merituaren kontua telebistan erabat desorekatua da, baina beste ekografia baterako utziko dugu hori—. Ikusleak ulertzen du erlojuaren kontra eta normalean kontratu erdeinagarriekin lan egiten duen talde teknikoaren lana ezinbestekoa dela. Umore esketx klasiko eta onomatopeiez betetako komikien nahasketa da, noski, telerrealitatearen markoan. Saiatu ziren ETBn. Mingarri izateagatik laster batean kendu behar izan zuten antzeko saio bat, —bai, joe, Reyes Pradosek aurkeztu zuen hura. Nezakaritza turismo batetan neskak mutilekin alderatuta abereen tankera tratatu zituzten hori—. Eta horretan ere, onena talde teknikoaren lana izan zen: edizio estiloa.

Hiru koroen erresuma

Buf, eskerrak hasi diren behingoagatik umorezko telebista saio berriak, hain maitagarriak egiten zaizkidanak. Etsiak jota nengoen honezkero. Palaciosek aipatu zituen bi: Casados a primera vista eta Mejor llama a Pilar. Nik gehituko nuke nire maiteena, umorezko telebista saioen artean erregea. Edo erregina. Edo zuzenean printzesa: Un principe para tres princesas. Joan den astean estreinatua, Cuatro katean, Un principe para Corina/Laura haien bariante bat da, Granjero busca esposa, ¿Quién quiere casarse con mi hijo? eta gainerakoen sokakoa. Ezer berririk ez, beraz, betiko gauza bera, baina oraindik ere ondo asko funtzionatzen duena. Gakoa: edizio lana eta bertan agertzen diren pertsonaiez barre egiteko aukera. Pertsonaiez, bai, ez pertsonaiekin. Kontziente dira haiek ere honezkero —edo beharko lukete—.

Baten lekuan hiru printzesa, hartara, elegante, diskretu, lañoak. Bata da blonda eta tradizionala —«liburuak irakurtzen ditut, eta horrek asko hunkitzen nau»—, bestea ilegorria eta exotikoa —«musulman-coola naiz: urdaiazpikoa jaten dut, xanpaina edan»—, eta hirugarrena beltzarana eta salbaia —«bizitzak lehertzeko zaletasuna daukat, bai»—. Eta hogeita lau dira konkistatzaileak —ez, zorionez, munduaren bukaerakoak—, adoretsu, kultu, umilak. Bere buruaz maiteminduta dagoen tipo bat: «Ez naiz nartzisista, baina nire burua maite dut». Suhiltzaile bat, piromano izandakoa. Argentinako bilbotar bat, Barsazalea, baina euskaraz hitz egiten dakiena: adibidez, «kaina bat» esaten. Eta akaso guztien artean maitagarriena, Tuterakoa: «Jatorrizko izendapena daukat: asko gustatzen zait Nafarroa, eta nire ametsetako neskak Tutera non dagoen jakin behar du, besterik ez». Gainera, Foru polizia izan nahi zuen, baina oposaketak atera ez, eta B plana jarri du martxan. Eneko Larrartek fitxatu beharko luke bere udal gobernurako. Denak maiteagatik edozer egiteko prest daudenak. Pasioz, sentiberatasunez eta artez betetako ipuin batean. Baina baita oztopo, traizio, sentimendu basatiz betetakoan ere. Kupidok berak eskuak garbituko ditu maitasun istorio honen aurrean. Jarri diote izena: hiru koroen erresuma.

Eskerrak hasi diren behingoagatik umorezko telebista saio berriak, hain maitagarriak egiten zaizkidanak. Etsiak jota nengoen honezkero.

Borobilduta

Bueltan da berriz Tumatxak. Segur aski, euskal teleikusleen artean pasio gehien pizten dituen saioa. Nahiz gero astearteko emanaldiak 13.000 ikusle izan zituen, audientziaren %1,4. Baina Tumatxak gosea zegoen, ez alferrik, aurreko atala urtebete lehenagokoa baita, euskarari buruzko kantuak biltzen zituen hura. Izan du saioak garapen bat: hasieran musika talde edo musikari pare bati eskainitako emanaldiak zirenak, gero bihurtu ziren gai bati buruzkoak, adibidez, gabon edo maitasun kantak. Azken emanaldi hori da pauso berri bat, musikari jakin bati eskaini baitiote emanaldi osoa. Normala: katalanek egin zuten, No me la puc treure del cap lehenik, kantu bat ataleko, eta gero No me les puc treure del cap, tematikoagoa. Eraberritu ala hil, koinatuak esango lukeen bezala.

Asteartekoa, beraz, zegoen Fermin Muguruzari eskainia. Tira, musikariari egindako elkarrizketa izan zen basikoki, gehi musikariaren ibilbidean zeresana izan duen jendeari —haur garaiko akordeoi irakasleari, adibidez, zeinak Fermintxo deitzen zion—, gehi, noski, nola ez, saioaren unerik gorena, eta teleikusle guztiak jartzen dituena: musikariaren kantuen bertsioak —Joseba Irazokik Sarri, sarri abestiarena errepikatu zuen, meh—. Eta uste dut bertsio horiek egiten dutela saioa euskal teleikusleen artean pasio gehien pizten dituena izatea. Oro har, saioko abestiek, gure biografia sentimentala hunkitzen dutelako bete-betean. Azken batean, gertatzen zaiguna txosnetan, edozein herriko jaietan. Ohiturazko animaliak gara, eta gustatzen zaigu ezagun dena, eroso zaiguna. Ez da derrigor kritika bat, ezpada konstatazioa. Ze, pertsonalki, oso iradokikorra egiten zait Tumatxak formatua, oso iradokikorra Petti edo Irazokiren bertsioak entzutea —nahiz bigarren aldiz—, oso iradokikorra Dut, Harkaitz Cano, Muguruza bera, bistan da, hitz egiten aditzea.

Hori bai, emanaldi gehiago egongo ez bada, ez zait ondo iruditzen bat, osorik, Fermin Muguruzari eskaintzea. Ez Muguruza delako: berdin, edo are motibo gehiagorekin esango nuke, adibidez, Benito Lertxundi balitz. Horrexegatik asko-asko egon daitezela desio dut, merezi duen musikari bakoitzari eskainitako bat, gutxienez. Horrela, eta arrisku gehixeago hartuta, borobilduta, pasio gehien pizten dituen saioa izateaz gainera, saio erreferentziazkoa bilakatuko baita.

Maitasunaz eta heriotzaz

Astearteko zutabean oinarrizko pultsioek elikatzen duten telebista arrakastatsuaren inguruan bat edo beste esatea aukeratu nuen, eta harrezkero burutik kendu ezin dudan bateria deskoordinatuaren zarata dut bidaide. Hortaz, eta horri lotuta, azken egunetan gorputza zeharkatu nauten oinarrizko emozioetatik loratutako hitzak oka egitera noa, ez daukat beste aukerarik: maitasunaz eta heriotzaz.

Asteartean estreinatu zuten Casados a primera vista saioaren bigarren denboraldia, eta asteazkenean bikote harremanen terapiaz arduratuko den Mejor llama a Pilar coaching formatua. Maitasunaren izenean botere harremanen zilegitasuna, eta pertsonen arteko dependentzia gaixotia elikatzen duten tankerako saioak, gizartearen harremantzeko moduan eragina dute. Izan ere, harremanak eraikitzeko moduaren eredu dira; beste pertsonekiko desioa nola eraiki behar dugun irakasten digute, eta hegemoniari izkin egiten badiogu, txarto sentiarazteko presio kolektiboaren eta administratiboaren ahalmena dute. Azaltzen digute bikotean, noski, heterosexualetan, generoaren arabera zer botere posizio egokitzen zaigun —berdintasunik ez duelako ulertzen hegemoniak, eta heterosexualitate ez hegemonikoa oraindik erronka bat delako—. Kontrolerako baliagarriak diren ereduak dira, eta horien berrindartzeari dagokionez, ikus-entzunezkoen eta gizartearen arteko elikatzea sorgin-gurpil hutsa dira. Horrela bada, edertasun normatiboaren jabe den gorputz femenino batek Facebook mezuak zabaldu, eta bere zakilaren argazkiak bidaltzen dizkion gizon baten mezuak jasotzea asaldagarri bezain posiblea da. Tokatu zait horrelakorik, eraikuntza horren ondorioz, tipoak bere sexu gosea nahi bezala asetzeko eskubidea duela argi duelako. Heziketa kontua da, eta egiteke dugun deseraikitze prozesuaren isla da erasoa.

Berba egin dezagun heriotzaz. Plastikozko zorion printzak bustitako aulki hutsen garaia izan diren Gabonez. Urte berriak, eta oro har neguak, estatistikoki dakarren heriotza tasaren gorakada sekretuan bizi da. Telebistak zoriona —berriz ere lehen azaldutako maitasun ereduak edota familia bezala ulertuta— baino ez digu islatu asteotan. Etxeetan, ordea, aulki hutsak izan ditugu. Maitasuna ere bada heriotza; heriotza maitasunez bizitzen ikastea.

Bila eta bila

Bai, Palacios: 2015aren balantze baikorra egin du EITBko zuzendari Maite Iturbek —eta akaso ari zaigu baikor adjektiboaren definizio berri bat proposatzen, ez orain arteko positibo, onuragarri, aldeko horien sinonimo litzatekeena, ezpada justu kontrakoa; ez dezagun hain azkar baztertu, aurreiritzi txatxu batzuengatik, Iturbek euskarazko hiztegigintzari egin diezaiokeen ekarpena—. Iturbek esan du, halaber, hazkunde eredua alde batera utzi behar izan duela EITBk —eta zoriontzeko modukoa iruditzen zait, egungo sistema ekonomikoaren nora ezaz jabetu, eta azkenean deshazkundearen teoria besarkatu baitu Euskal Irrati Telebistak—. Eta esan du, halaber, Bilbon eta Baionan egindako manifestazioak ez dituztela zuzenean eman ez daukatelako «interes hain handia» zuzenean emateko. Interes hain handia duten ekitaldiak, eta manifestazioen ordu berean ETB1en eman zituztenak izan ziren, batetik, Bigarren B Mailako Gernika-Arenas futbol partida, eta jarraian pilota jaialdia: Victor-Apraiz eta Arteaga II-Imaz lehenik, Bengoetxea VI-Untoria eta Ezkurdia-Barriola partida nagusian. Hori bai, hilaren 23an, ETBk Donostia 2016ren hasiera ekitaldia zuzenean emango duela aurreratu digute. Eta Tabakaleran balitz, agian, txintxin. Lehentasunak argi dituzte behintzat. Edu Barinaga ETBko zuzendariak, bestalde, ezin da ukatu oinak lurrean kokatuago dituela. Esan du ETBk Txanpions-en jokatzen jarraitzen duela. Injustizia handia iruditzen zait Txapeldunen Ligan jokatzen duen telebista batek Bigarren B Mailako futbol partidak bakarrik eman ahal izatea. Baina, tira.

Baina, ze demonio, gero daukagu Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak —uf, ze titulu luzea—, hau da, Mikel Irizarrek esandakoa: «Asko aipatu da egunotan ETBren gainbehera. Nik azpimarratu nahi dut ETB1en ahalegina». Justiziazkoa iruditzen zaio aitortzea toki bat aurkitzeko ETB1 egiten ari den esfortzua. Ordoki moduko bat iruditzen zaio euskarazko katearen azken urteetako %2ko ikusle kuota. Eta telebista hurbilaren eta herritarraren adibide bezala jartzen ditu hainbat saio, tartean Gu ta gutarrak. Nik, ordea, bila eta bila, eta benetan pena handiarekin, kontrakoa nahi nuke-eta, ez dut esperantzarako aurkitzen fundamentuzko motiborik.

Zinema telebistan

Zinema izan ohi da Gabonetako telebista programazioaren izarretako bat. Kontxo, baina ze garai egokiagorik, sofan etzan, mantatxoa sudurreraino igo, eta film luze bat behar den moduan ikusteko. Atzo Palaciosek aletu zigun hemen amaitu berri diren Gabon hauetako filmik aipagarrienetakoa, Lasa eta Zabala, ez hainbeste bere balio artistikoagatik, baina bai segur aski balio osasungarriagatik —bide batez, bat nator eskaerarekin: ondo legoke emanaldien ordutegiak errespetatuko balira—. Neronek ere, bestela bezala, eta ez pedantekeria gutxirekin, aipatu nituen orain egun batzuk Arte kateak emandako Jacques Tatiren hiru film —guztira izan dira bost, eta dokumental inedito bat, eta bihar ikusi ahal izango den Court-circuit programaren emanaldi berezi bat—. Gabonak garai egokia direla zinema telebistan emateko, alegia.

Baina gauza bat da garai egokia izatea pelikulak telebistan emateko, eta beste bat telebista bitarteko egokia izatea pelikulak ikusteko. Esan nahi dut, gaur egunean, zinema aretoak maldan behera eta balaztarik gabe doazen honetan, sarean pelikulak ikustea gero eta errazagoa, gero eta eskuragarriagoa, gero eta erosoagoa den honetan, zertan geratzen da telebistaren eta zinemaren arteko harremana? Pelikulek telebistan funtzionatzen dute oraindik? Ez dute funtzionatzen? Bada, segun eta. Ez da zehatz fikzioko filma, dokumentala baizik, baina berdin balio digu esan nahi duguna ilustratzeko. Fermin Muguruzaren No More Tour eman zuten ETB1en, abenduaren 30ean. Ondo. Baina jendea kexu agertu zen, adibidez, gehiegizko publizitateagatik. Muguruza berak atera zituen kontuak: dokumentalak iraun zuen ordu eta berrogei minutuetan, hogei izan ziren publizitate minutuak. Dokumentala hasi eta hirugarren minuturako, esaterako, publizitatera joan ziren, zazpi minutuz iragarki eta iragarki artean egoteko. 35.000 ikuslek ikusi zuten uneren batean dokumentala, egia da, baina batez beste 2.000 ikusle izan zituen. «Hau arrakasta», esan zuen ironikoki Muguruzak.

Ondo eman izan balute No More Tour, prime time-an, hainbesteko publizitaterik gabe, zer, hobeto funtzionatuko ote zuen? Funtzionatzen ote du oraindik zinemak telebistan? Dei nazazue nahi duzuena, baina Mon oncle emango dute berriz gaur telebistan. Nola ez, Arte katean.