Urte berriari

Tira, niri tokatu zait urteko azken Ekografia idazteko marro, zera, ohorea. Eta oraindik ez dakit zeri buruz idatzi. Imajinatu, oraindik ez dakit nola pasatuko dudan urtezahar gaua ere: Anne Igartiburu eta Ramontxu Garciarekin, edo Barbara Goenaga eta Klaudio Landarekin —zuek zer aukeratuko zenukete heriotzako itxarongelan, gillotina edo aulki elektrikoa?—. Dakidan bakarra da pasatuko dudala etxean, familiarekin —koinatuarekin ere bai, noski—, ardo botila bat ahalik eta gertuen.

Horrelakoetan egin ohi da —urteko azken egunean zer idatzi ez dakizunean—, telebista urtearen errepasoa; eta, ideia originalagorik ezean, hara 2015ak hondarrean utzi diguna. ETBn, herenegun esan genuen, aro berri batean sartu gara, Goenkale-ren amaiera izan da urteko ebentoa —eta gaur Goenkale Osteko hirugarren eguna—. Gu ta gutarrak izan dugu goi-argi, gidari, espirituarentzako bazka; gaurko afarian seguru berriz bukatuko dugula, kultura musulmanaren eraginez, Asim gainontzeko gutarretatik asko urruntzen ari den eztabaidatzen. Espainia aldeko telebistan, Bertin Osborneren elkarrizketak izan dira deskubrimendurik aipagarriena —nahiz Bertin bera pikatzen den hori esaten dioten bakoitzean, berak telebistan egindako zerbaitek funtzionatzeak harridura eragiten duelako—. Hasi ziren herabe xamar, Francoren bilobarekin, baina goia jo zuten hauteskunde kanpainan eragiten, Pdr Snchz eta Sé fuerte Mariano gonbidatuta, kate publikoaren inpartzialtasuna agerian utziz. Pikoleto gauak ere gogoangarriak izan dira asteartekoak, Olmos y Robles La1n, Mar de plástico Antena3n, azken hori astelehen gauera pasatu zuten arte —auskalo audientzia txarrengatik, edo pikoleto gehiegi zirelako gau bakarrerako—. Frantziako telebistetatik harritu nauena izan da zenbat kasu egin diguten azkenaldian guri, euskaldun gaixooi. Des racines et des ailes programak, adibidez, edo L’Europe des écrivains ezin interesgarriagoak. Pentsa, Gerard Depardieuk ere kasu egin digu, egunean zehar edaten dituen hamahiru ardo botilek utzitako tarteren batean —datu erreala da, hamahiru botilena—. Bada esperantzarik, beraz; ez dago dena galduta.

Urtezahar gaua nola pasatuko dudan oraindik ez dakit. Urte berriari zer eskatuko diodan, ordea, eta telebistari dagokionez, uste dut aspaldidanik daukadala argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude