Liskarbidearen zubia

Hainbeste hitz egin da Donostia 2016 kultur hiriburutzaren hasiera ekitaldiko ikuskizunaz, eta hain gaizki, ezen, kontxo, integratzeko, nik ere ikustea beste erremediorik ez dudala izan. Noski, ikustaldia kasu honetan hasieratik zen tranpatia, banekielako dagoeneko ikusiko nuena ez zitzaidala gustatuko, edo ez zitzaidala gustatu behar behintzat, hain izan da ikuskizunaren inguruko iritzia kontrakoa. Perspektiba horretatik, «inaugurazio ekitaldi handia», «ekitaldi bakar eta paregabea», «ikusgarria izango den zeremonia» eta antzerako oharrak, ETB2ko iruzkinlariek egindakoak —ze, noski, emankizuna ETB2n pasa zuten, partida inportanteak jokatzen diren lekuan—, bada, irrigarri xamarrak suertatzen dira gaurko egunetik. Gauza batean asmatu zuten: «Donostiarren oroimenean geratuko da». Ez, agian, espero zuten bezala, baina tira, geratuko da.

Gauza da pribilegiatuak izan garela, gainera, telebistaz ikusi omen baitzen ikuskizuna ondoen. Pentsa, Tabakalerako VIP terrazako autoritate askok, ETBko kazetariaren arabera, telebista bitartez jarraitu zuten, terrazak eskaintzen omen zuen ikusmira paregabea gutxietsita —imajinatu orain lur arrasean zeuden oinezko gaixoek zer demontre ikusiko zuten; zenbat sufritu nuen haiengatik—. Eta ikuskizunarekin asko-asko gozatu ez bagenuen ere, autoritateen adierazpenak jaso ahal izan genituen behintzat: Urkullu lehendakariarenak, adibidez, gaztelaniaz eta Basque Country etengabe aipatzen; edota Espainiako Kultura ministroarenak, zeinak hitz egin zuen euskaraz beste inork —aurkezle, elkarrizketatu, Urkullu berak— baino gehiago. Halaxe pasa genuen Bizikidetzaren zubia ikuskizunaren telebista emanaldia. Bukatu eta liskarbidearena bilakatu zena.

Gaurko egunetik, irrigarri xamarrak suertatzen dira halaber, azkenerako, halako ikuskizun baten aurrean, elkarbizitza, aniztasuna, elkarrizketa, multikulturalitatea, pluraltasuna, errespetua, tolerantzia eta emankizunean errepikatu ziren hitz horiek guztiak. Eta galdera bat plantea dezakegu, larunbateko ikuskizunaren inguruan pertinentea izan daitekeena, baina baita orokorrago ere, Donostia 2016 edo auskalo kultura beraren inguruan: hau dena zertarako? Galdera hori ikustea iruditu zitzaidan ikuskizunaren aurrean zegoen jendearen aurpegietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude