Nola kendu burutik

Ikusi nuenetik, ez zait burutik kendu. Ezin izan dut burutik kendu. Dokumental bat da, TV3 kate katalanean eman zutena, Sense ficció izeneko tartean: To Kyma. Rescat al mar Egeu. Izenburuak argitzen digun moduan, Egeo itsasoan azken garaiotan errefuxiatuek bizi duten dramaren berri ematen digu, gobernuz kanpoko erakunde bateko kide batzuen bizipenen atzetik —To Kyma ostatu hartzen duten etxearen izena da, detaile garrantzirik gabea—. Badalonako sokorrista batzuk dira, Greziako Lesbos irlara joan direnak, helburu bakarrarekin: bizitzak salbatzea. Boluntarioak, noski, esku hutsik daude, lau trapu, neopreno jantzi bana bakoitzarentzat, aleta pare bat. Egiten ari diren guztia herritarren laguntzari esker egiten ari dira, administrazioaren laguntza txikiena gabe: «Ez gaituzte ordezkatzen ez gure gobernuak, ez Europako gobernuek ere; hemendik aurrera berdin jarraituko dugu ekinean, itsasoaren legeen arabera beti: dena eman behar da arriskuan dagoen jendea laguntzeko».

Baina dokumentalak aurrera egin ahala, boluntario taldeak uzten dio protagonista izateari, gertatzen ari den drama inhumanoa hain da handia. Mota guztietako txalupa, ontzi, barkuak, jendez eta jendez mukuru guztiak, itsaso bare, zakar, berdin ekaitzaren erdian. 8.000 pertsona irits daitezke egun berean. 2015ean, 800.000 errefuxiatu inguruk gurutzatu zuten Turkiatik Egeo itsasoa, erdiak siriarrak. Bigarren Mundu Gerratik gertatu den mugimendu migratzaile inportanteena omen da. «Jendeak hau guztia ikusiko balu», kexu agertzen da Badalonako sokorristetako bat. Bada, ikusi ahal izan dugu, telebista publiko baten ekoizpenari esker, prime time-an eman duelako. Eta detaile horiek ere ezin izan ditut burutik kendu.

Nola kendu burutik, ordea. Egunero, ez badira 43 hildako —tartean 17 haur—, 21 direlako —tartean sei haur—; ez badira hamabi pertsona itsasoan hilak —tartean zortzi adingabe—, 39 baitira —horietako bost, haurrak—. Nola kendu burutik, egun pasa bazoaz itsasertzera eta edozein olaturen mugimenduak pentsarazten baitizu edozein unetan ager daitekeela errefuxiatuz betetako ontzia, edo are hemendik bost minutu barru atera behar dela Greziako kostaldera eramango zaituen plastikozko barkua. Eta bien bitartean Europa, besoak antxumaturik, begira. A, Europa zu eta ni ere bagara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude