Irribarre urduria

Hain ondo hitz egin zigun Palaciosek Todos los apellidos vascos saioaz, Esperanza Aguirre gonbidatu zuten emanaldiaz, ezen geratu bainintzen inbidiaz —eta PPra afiliatzeko gogoz—. Eta izenburutik beretik zalantza batzuk sortzen dituen arren —esango nuke urrin etnizista bat askatzen duela, Ocho apellidos vascos fenomenoa nabarmenegi probestu nahi izateaz gainera—, bada, iruditzen zait ikusten uzten den programa bat dela. Formula ez da konplikatuegia, egia: esan nahi dut, ni bezalako tipo zozo batek ere baduela gerran ibilitako arbasorik, jaioberritan umezurztegi batean utzitakorik, bere egunak ur putzu batean itota bukatu duenik. Imajinatu halakoak jende ustez famatuarekin, gure baitako voyeurra zeinen alegera jar daitekeen.

Azken gonbidatua izan da David de Jorge handia —ez garai batean bezainbeste, baina, tira; eta ez dut nik ireki bidea: hasteko galdetu zioten zenbat kilo kendu zituen gainetik; 130—, sukaldari mediatikoa —ona ez zuten esan—, Arzakito gisa ere ezaguna. Pisua galtzeak ez omen du beste pertsona bat bilakatu, baina ematen zuen baietz. Ohikoa baino uzkur, estu, zurrunago, beldurrez bezala zer aterako zioten —ahoz ere adierazi zuen: trankimazin bat hartuta zegoela, ea arbaso ilunen bat ateratzen zioten—. Eta Hilario Arbelaitzen muturrak nola jaten zituen azaldu ondoren, eta Martin Berasategi izatezko bikotea agurtu eta gero, hasi ziren zuhaitz genealogikoa aletzen. Aitona, amaren aita, Irungo alkatea zen, Comunión Tradicionalista alderdikoa, hau da, jainkoa, aberria, foruak, erregea: karlista. Eta Altxamendu Nazionalaren aldekoa. Txintxoak Irunen sartu aurretik, anarkista gaiztoek etxea erre zioten. Eta udalak gauza batzuk eman behar izan zizkien gero, adibidez negozio bat. «Gaixoak, ze gaizki pasatuko zuten». Pentsatzen dut okerrago dena galdu, baina, gerra ere galtzeagatik, autoritateen babesik izan ez zutenek. Berdin dio, ezagutu baikenuen euskal sukaldari ezagun ez gutxiren arbasoak, Argiñano, Arzak, erreketeak zirela. Aingerutxoak errekete horiek, herriko jendea, jende normala, beren lurraren maitaleak, tradizioarenak, familiarenak. Broma gehiago izan zen, aita galiziarraren aldetik, Mariano Rajoy senide duela deskubritu zutenean. Uste dut hor askatu zuela De Jorgek lehen irribarrea, irribarre urduria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude