Ofizial, onbera, zalantzazkoa

Ez dakizue zenbat poztu naizen. Aspaldian ikusi gabeko lagun bat berriz ikustean bezainbat. Hain zuzen, aspaldian ikusi gabea bainintzen Juan Carlos I.a Espainiako errege ohia. Gure Juancar. France3 katean izan da, Moi, Juan Carlos, roi d’Espagne dokumentalean. Eta beti bezala ikusi dut, ez da ezer aldatu, jubilazioak ez dio batere kalterik egin: ez behintzat aurretik ez zuenik. A, baina frantsesak, ze diplomatikoak diren: Errege gutxik egin du hainbeste bere herriagatik. Askok ezdeustzat hartu izan dute, baina bere herriaren geroa jokoan egon den bakoitzean, kuraia ezusteko bat erakutsi izan du. Espainiako orrialderik ederrenetako bat idatziz, birjaiotzearena.

Tonua hori izan baita, etengabe. Edo arinagoa: ikastea kosta egiten zitzaion; ofizialki, dislexikoa zelako. Beste mota bateko inteligentzia garatu zuen hala; hortik datorkio intuizio handia. Ezin eutsizko arrakasta zuen, guapoa zen, sinpatikoa, dantzari ona. Gizon gazte, moderno, irekia finean, Espainiaren aurpegi berria. Ildo hori sakontzen du Alfonso Guerrak: «Uste genuen Francoren oinordeko soila zela, gaitasun intelektual handirik ez zuela; broma dezente egiten genuen, deitzen genion mozolo». Baina begira mozoloa: Francok, egun batean, esan zion: «Nire oinordeko egingo zaitut, errege tituluarekin». «Eta onartu nuen. Besterik gabe». Agindu bat utzi zion, gainera: «Hil aurreko egunean, eskutik heldu, eta esan zidan: maiestate, eskatzen diodan gauza bakarra da Espainiaren batasuna zaintzea». Oinordekotza, gerora egin duena egin ahal izateko, ezinbestekoa zen. Frankistak asko ziren, baina lortu zuen guztiak iritziz aldatzea. Errege gutxik gidatu dute bere herria demokraziara. Eta orain artekoak aski ez balira: 1981eko estatu kolpean, demokrazia salbatu zuen; koroa irabazi zuen definitiboki. Anaiaren heriotza, infideltasunak, diru kontuak, suhi-alaben ustelkeria kasuak, abdikazioaren motiboak. Hobe eserita itxarotea.

Anjel Lertxundik zioen atzo: «Juan Carlos I.a errege ohiari buruzko dokumental bat eman du Frantziako telebista batek; dokumentala ekoitzi duen telebista espainiarrak, denok ordaintzen dugun TVE1 publikoak, ez du eman nahi. Zergatik, ez dakigu». Nik ere ez dakit. Zentimetro bakar bat ere ez baita aldentzen inposatu diguten Erregearen kontakizun ofizial, onbera, zalantzazkotik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude