Alemanian en español

Leku bateko pentsamolde komun oinarrizkoa ezagutu nahi baduzu, piztu telebista. Ez dago herri baten idiosinkrasiaren deskribapen zehatzagorik. Hor dago, mundu guztiaren bistan, nazioaren sekretu inplizitua, normaltzat hartuko den guztia, tokiko oinarrizko biziraupen kit kulturala. Oso gauza praktikoa da zurea ez den herri batean bizi zarenean —APM? eta Polònia gabe ea nondik atera behar nituen nik familia-bileretan beti funtzionatzen duten txisteak—.

Gero daude nazioak eta nazioak. Eta, jainko potzoloa, batzuetan bai zaila dela ondoan —tira, gainean— daukagun nazio horren normaltasuna jasatea. Aste batzuk daramatza Antena3en Buscando el norte telesailak —izan zezakeen lasai asko Vente p’Alemania Pepe titulu salerosoagoa—. Berlinen bizibide bila dabiltzan españolitoen ibilerak kontatzen ditu, nobedade handirik ez: lanik ez dagoela, baldin badago protagonistei formazioa falta zaiela, pisurik ez dietela alokatu nahi… eta —hemen dator pentsamolde komun espainiarraren parte lakarra— alemanez hitz egiten dutela denek. Marka da gero, alemanak alemanez hizketan, non eta Alemanian. Hori errespetu falta intentzio onenekin beren burua esplotatzen uztera joan diren etorkin espainiar gaixoentzat — hain justu, «etorkin» hitza ez duzu telesailean inoiz entzungo—.

Inkonpetentzia linguistikoa erabat barneratuta daukan nazio bat, horixe erakusten digu Buscando el norte-k. Eta inkonpetentzia hori dezenteko problema narratiboa bihurtzen da Berlinen girotutako telesail batean. Ezin dituzu alemanez ondo moldatzen diren pertsonaiak pantailaratu, ikusleari gutxiagotasun konplexurik ez eragiteko. Eta ezin duzu Berlinen istorio bat kontatu han beste hizkuntza bat hitz egiten dela kontuan hartu gabe. Beraz, etengabe espainolez dakiten pertsonaiak azaltzen dira deus ex machina: orain ospitalean dagoen jatorri espainiarreko emakumea, gero aita espainola duen Ulrike izenekoa, atzetik Burgoseko norbaitek bezain ondo —esateko modu bat da— ahoskatzen duen turkiarra.

Alemanian alemanez ez hitz egiteko tema ikusita, hobeto ulertzen dut Pablo Iglesiasek proposatutako Plurinazionalitate Ministerioak —a ze inbentoa— eragin zituen erreakzioak. Erakundearen buruak XXXL tailako galtzak beharko lituzke egin beharreko lan guztia kabitzekotan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude