Gaur egungo munduak

Momentu historiko bat zuzenean bizi izanaren sentsazioa. Non zeunden gizona —ezen ez emakumea— Ilargira iritsi zenean, Dorre bikiak eraitsi zituztenean —etxean eta galtzontzilotan, uste dut hemen esan izan dudala—, Goenkale-ko Maria Luisa hil zenean? —gugan bego, bide batez, Kontxu Odriozola—. Zuzenean bizi izan genuen Arnaldo Otegiren akastasuna. ETBtik ere bai, zer demonio, gauzak ondo egiten direnean esan egin behar da. Ez, noski, ETB2tik, partida inportanteak jokatzen diren katetik —El Conquis ari ziren ematen—; baina bai euskarazkotik, Estepan Aldamiz-Etxebarriaren konpainian —«eta egin gendun hegan», abesti sonatuak esango lukeen moduan—. Albistegietan esan ziguten gero gaur egungo munduak ez duela zerikusirik orain sei urte Otegik kalean utzi zuenarekin —hori da ez nautelako ikusi neroni: berdin-berdin jarraitzen dut dozena erdi urteren buruan—.

En fin. Berri ona da Otegiren kaleratzea, berri ona den bezala telebista publiko katalanak Nit i dia telesaila abian jarri izana. Orain ematen du hitz beste egiten ari naizela, baina, itxaron, aguantatu mesedez bukaeraraino. Nit i dia da telesail katalan bat, behar den moduko thriller bat, aspaldi handian ikusi dudan onena. Eta ni ez banauzue sinesten, honatx Monica Planas telebista kritikari ez bereziki onberak dioena: «De les millors produccions pròpies de TV3. O fins i tot la millor». Labur: yankia balitz, ibiliko ginela denok deskargatzen berehala. Eta guri dagokigunez, pertsonaia batzuk euskaldunak dira, Aitor eta Miren aita-alabak, baina ez genekien zehatz nondik nora, zergatik, iritsi ziren Kataluniara. Bosgarren kapitulua iritsi den arte —spoiler alert—: ETAk emazte-ama hil zien. Kontxo, eta ikusten duzu biolentzia politikoaren gaia, ETArena, modu aski naturalean landua, ez batere manikeo, bigarren lerroko korapilo batean, biktima baten zalantza logikoak azaleratuz, eskaintzen diotelarik bere emaztearen hiltzaileekin elkarrizketa erreparatzaile horietako bat.

ETAren bukaeran lagundu duen Otegik telesail bat ikusi ahal izango du orain, zeinean ETAren biolentzia agertzen den modu natural, ez manikeo, are bigarren mailako batean. Definitiboki, gaur egungo munduak ez du zerikusirik orain sei urte Otegik kalean utzi zuenarekin. Eta ez da dena okerrerako izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude