Kazetariaren sinesgarritasuna

Otegiren askatzeak eragin du lurrikaratxoa. Ez bakarrik euskal politikagintzan, zeina ez ote zegoen azkenaldian lokartu samar —ez prezisamente Nafarroa Garaian, non aldaketaren gobernuak martxa pixka bat jartzen duen egunerokoan—. Eta lurrikara eragin du halaber euskal telebistan, zeina, kasu honetan, nekez libratzen baita tartean behineko kalapitaz —azkena, Eneko Olasagastik: «Ezin al dugu guk geure telebista eredua zalantzan jarri eta beste modu batean egin daitekeela pentsatu? Ni baiezkoan nago»—.

Espetxetik atera eta hirugarren egunean, lehenengo telebista entrebista. Non eta ETBn. Esklusiban. Errazio bikoitza: lehenik euskarazkoan, gero gaztelaniazkoan. Baina zapore berdintsuarekin. Ez denentzat, halere. Xabier Usabiagak lehen katean egin ziona batere nabarmendu gabe pasa den bitartean, Africa Baetak bigarrenean egindakoak hautsak harrotu ditu. Tonua izan da gustatu ez dena, kazetariaren jarrera. Baina niri ez zait iruditu hainbesterakoa. Galderak berdin-berdinak ziren bietan —Belodromoan esan zuen Otegik berak: «Beti galdera berdinak egiten dizkidate euskal telebista publikoan»—. Adibidez, izotza haustekoa, autokritikaz, zer egin duen gaizki ezker abertzaleak. Ados, Baetak moztu zuen Otegi, «hitz egidazu zehaztasun handiagoarekin, ez hainbeste anbiguotasunekin». Baina atera zion: «Lehenago jakin behar izan genuen irakurtzen herritarrek ziklo armatuaren amai-era eskatzen zutela». Primeran —nahiz gero arratseko albistegietan nabarmendu zuten Otegik pendiente duela autokritika—. Mozketa gorabehera, ez zitzaidan hain gaizki iruditu kazetariaren lana. Eskatuko niokeen bakarra da politikari elkarrizketatu guztiekin egitea gauza bera. Ez agertzea batzuen aurrean, Euzko-lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, apal-apalik.

Bigarren lurrikaratxoa itsuskeria izan da, El Correo berripaperak ETBko kazetari bati egin diona. Otegiren askatzean dantza egiteagatik. Niri ondo iruditzen zait kazetariek bizitza bat izatea ETBtik kanpo —eta, osasun ikuspuntu batetik, ezinbestekoa—. Eta ez dakit horrek kazetariaren lanari sinesgarritasuna kentzen dion. Jendeari eskatuko niokeen bakarra da gero ez eskandalizatzea, TVEko albistegietako aurkezle batek Rajoyren ekitaldi bat aurkezten badu. Kazetariaren sinesgarritasuna gorabehera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude