Amua

Gozatu dut ETB1eko Eskamak kentzen telesail berria ikusten. Zergatik? Aspaldian ETB1ek fikzioan egin duen apusturik sendoenetakoa iruditu zaidalako. Horrekin batera, noski, emozio eta erreakzioren bat eragin didalako. Gertatu zitzaidan Aitaren etxea telesailaren estreinako atala ikusi nuenean ere; beraz, hazia sendoa izateak ez du zertan esan nahi atalen segidak bide bera egingo duenik. Haatik, baikor jarraitzen dut.

Tragikomedia edo drama ukitua duen komediaren eskema teorikoa bikain errespetatzen du gidoiak. Alegia, pertsonaiak ikuslearentzat ezagunak diren estereotipoen gainean eraikita daude. Ikusleari pertsonaien inguruko datuak eman, eta hasierako egoera ulertzeko adina informazio ematen dio. Ondoren, arazoa azaldu behar da. Kasu honetan eskabetxeren fabrika egoera ekonomiko latza pairatzen ari dela kontatu ziguten, eta horren erdian egoera desegonkor bihurtuko duen elementua gehitu. Hori da Itsaso pertsonaiaren (Barbara Goenaga) esentzia: herria presentziarekin eta sekretuekin astintzera dator. Gainera, Euskal Herrian ezaguna zaigun errealitatearen markoan gertatzen da, itsasoarekin harremana duten emakume eta gizonen lana krisi ekonomikoaren menpe azaltzen zaigu.

Gerta daiteke motela suertatzea, edota ETBko fikzio ekoizpenetan gertatu ohi den bezala, raccord arazoak, hau da, lapsusak topatzea. Arrazoiak azalpen sinplea izan dezake: ohitu gara nazioarteko telesailak ikustera, non sekuentzia baten hamaika plano azaltzen diren. Horrek erritmoa ematen dio. Gurean aurrekontua murritzagoa izaten da; beraz, plano-kontraplano ariketak ekintzaren ikuspuntu batetik eta, ondoren, bestetik grabatzen dira.

Plazer bat da aktoreen lana ikustea. Lehen atalean primeran ari dira, eta hori hala da. Pena da, ordea, ahalduntzen ari diren emakumeak potroei erreferentzia egiten entzutea. Potroak aipatzea, erabaki bat defendatzeko. Gizonen menpe eraikitako errealitatea da ikusi duguna, baina errealitate hori eraldatu ahal izateko, gidoiak, elementu literarioa den heinean, baditu talka bizia pizteko tresnak. Horretan datza telebistaren botere transformatzailea. Beraz, oraingoz, horixe eskatuko nieke: betaurreko moreak jantz ditzatela.

Amua ondo bota digute; ea audientzia arrantzatzen duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude