Beharrak

Enpresa ikasketak hasten dituzunean, irakasle guztiek errepikatzen dizute gauza bera. Eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka beharrak sortzen duela. Hor dago koxka, eta tranpa ere bai. Hau da, enpresa batek zerbait saldu nahi badu, eta saldu nahi duen horrek oinarrizko beharrak asetzeko ez badu balio, enpresak gizartean beharra sortu behar duela. Kontsumitzaileen desioak piztea sistema kapitalistaren zutabeetako bat da. Eta sistema kapitalistak porrot egin duela argi dago. Zergatik? Desiatzen dena lortzeko, oinarrizko beharrak alde batera utzi direlako. Alegia, diru publikoa bankuak erreskatatzeko inbertitu da, osasun sistema edo kultur sistema duin baten alde egin beharrean.

Eszenario horren erdian, ezinezkoa zirudien arren, ikus-entzunezkoek loraldia bizi dute. Hainbat plataforma jaio dira: Hamaika Telebista, MU Telebista, Topatu.info, Ttalaka, webserieak eta abar. Txanponaren bi aldeen erakusgarria da fenomenoa. Batetik, langileok sektoreak jasan duen inoizko egoera prekarizatuenean lan egiten dugunez, irtenbide bila buruari eragiten diogu etengabe. Bi arrazoirengatik: egunero jan ahal izateko, eta jarrera politikoagatik, hau da, ikusezin bihurtu nahi dutena ikusarazteko. Bestetik, zenbat telebista kate eta proiektu berri jaio diren ikusita, eztabaidaezina da ikus-entzunezkoak beharrezkoak direla. Beharra erreala dela. Ahaztu gabe informazioa jasotzea oinarrizko eskubide bat dela, ez pribilegio bat.

Prekarizazioak denbora librearen murrizketa dakar, eta horrek zuzenki eragiten du informazioa kontsumitzeko moduetan. Hori dela eta, geroz eta gehiago dira audientzia mantendu ahal izateko multimedia atala indartu duten hedabideak: informazioa azkar jaso nahi dugu, eta modu deigarrian bereganatu behar gaitu. Beraz, ez gara soilik ari irudian oinarritutako hedabide berriak sortzeaz, baizik eta dagoeneko martxan diren hedabideen ildo estrategikoa ekoizpen multimediara lerratzen ari dela.

Haatik, orain arte ikus-entzunezkoen ispilu nagusia izan den telebista klasikoak gainbehera bizi du. Nola da posible? Gehiegizko eskaintzari leporatu izan zaio audientzia gainbehera, baina baliteke erantzuna mutur aurrean egotea. Edo telebistak desioa pizteko bere burua berrasmatzen du, edo beharrak markatuko dio zein den bere tokia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude