Uretan

Mutrikuko uretan murgildu direla-eta, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiren biluziekin Herri Txiki Infernu Handi ikusteko amua botatzen dabil gure telebista. Nork daki, agian Hugh Hefnerrek gure bi Adonisak ikusiz gero, Playboy aldizkariak hartutako erabakia aldatu beharko du, eta biluziak ateratzera animatuko da berriz ere. Igandean deskubrituko dugu, gure telebistan klasiko bilakatzen ari den saioan, noraino busti diren mutilak.

Amuez eta herriez ari garela, itsasoarekin hertsiki lotutako biografia duen Ibon Gaztañazpi kazetariak Itsasoaren alabakizeneko atala gidatu zuen Herri People saioan. Aste honetako aurreko Ekografia-n aurreratu bezala, ez da makala gure telebistako lehenengo katea egiten ari den esfortzua, Eskamak kentzen telesailak ibilbide oparoa izan dezan. Horrekin, ez dadila uler telesailaren gaiaren bueltan ari direla gainontzeko saioak, hain justu, soilik telesailari promozioa egiteko. Agian ikuspegiak bestelakoa beharko luke: lana eta itsasoa ez baita bakarrik gizonezkoen eremua, eta noizbait emakumeei eurena den lana aitortu beharko zaie. Esan nuen, eta badiot: itsasoa eta lana bateratzen dituen gaiak bide emango digu genero irakurketak egiteko. Aurrena fikziotik etorriko zaigu.

Gustura asko jarraitzekoa da Herri People. Batetik, kamera atzean agerikoa den teknikan eta produkzioan egiten duten lan handiagatik. Fina eta txukuna dela esango nuke, testigantzen eta irudiaren mailari erreparatuta. Eta, bestetik, irudietan bertan ageri zaigunagatik. Alegia, Gaztañazpi saioan ez delako aurpegia jartzen duen aurkezlea bakarrik, ekarpena eginez kalitatea gehitzen diolako saioari. Era berean, elkarrizketatzen dituen pertsonak seriotasun gozoarekin biografien testigantza egiteko abilezia izan ohi dutelako. Umoretsua den saio serioa da, eta oreka horretan datza saioaren bereizgarrietako bat. Adibidez, asteazkeneko saioan entzun ahal izan genuen Saly Diene ondarrutarraren hizketaldia. Edota kontserberetan lan egiten dutenen hitzak. Ez hori bakarrik, ofizial lanetan ibilitako Amaia Albizu ere ezagutu genuen. Euskal Herriko kostaldean barna, kalitatezko bidaia eskaini ziguten. Pentsatzeko tartea hartzeko moduko ibilbidea egin genuen. Espero dugu gure telebistan igerian luze jarraitzeko aukera emango dietela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude