Frantziaren gozoa

Hainbatetan gertatu zait niri ere, Palaciosi bezala, telebista ikusten egotea eta irudikatzea zeinen moloia izan behar duen programa jakin batzuetan lan egiteak. Gertatu zait luze gabe orain Douce(s) France(s) erreportaje sortaren berremisioa ikusi dudanean, Arte katean. Etxean bertan pasatzen ari naiz pipa, pentsa zer litzatekeen barrutik dastatzea Frantziaren gozoa. Ikus-entzunezko bilduma ez da berria, 2011n eman zuten estreinakoz; baina bakantza egun hauetan ematen ari dira berriz, gure begien gozamenerako. Eta gure opor asmoen inbidiarako. Lastima da Pazko astea ere aurreratu samar egotea, bestela bidaiatxoren bat egiteko ideiak har genitzake bertatik.

Begira: Proventzan, adibidez, eta esateko Anjel Lertxundiren maneran, izan gara llama hazle Vauclusen, perfume sortzaile Itsas Alpeetan, azafrai landatzaile Camargan. Bretainian gero, izan gara druida Cotes-d’Armorren, alga sukaldari Fisterran, poeta txatarrero Morbihanen. Eta Akitania maitean —«itsaso-mendien erdian, landa-mahastien artean, zapore eta savoir-faire handiko eskualde batean»—, kabiar ekoizle Dordoinan, zezen errekortari Landetan, ardo gozo zuri egile Girondan. Tira, eta pottoka babesle Pirinio Atlantikoetan. Zehatzago, Euskal Herrian. Zehatzago, euskal mendietan: pottokak erdi-askatasunean haztearen tradizioa zaintzen baitu Jean Paulek, Ortzaizen. Bidaia hasten da, beraz, Frantzia eta Espainia arteko mugan, euskal Pirinioetan, Auñamendi eta Baigura tontorren artean: euskal dekorazio hain tipiko eta hain xarmanta, herrialde konkordun larre berde sakonez estalia. Paisaien irudi batzuk, lau haizeetara, helikopterotik, esan nahi dut. Eta, jarraian, pottokak, ia euskaldun jatorraren sinbolo gisa: animaliek eta landareek hitz egiten zekiten garaitik daude hemen —«horren froga da antzekotasun morfologikoa dutela Euskal Herriko haitzuloetan aurkitutako zaldi irudiekin»—, arraza purua dira, babestu beharreko ondarearen parte. Eta, gaur egunean, gaixoak, plazererako baino ez dira erabiltzen. Aipatzen dira egiazkotasuna, tradizioari atxikimendua, pilota, ados; baina nire gusturako gutxitxo, oro har, Euskal Herria. Noski, hain geratzen da txikiagotua Akitaniako handitasunean. Eskerrak herri elkargoa sortzean konponduko diren halako injustizia historikoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude