Grisak gustuko dituena

Astelehen gauarekin bukatu zen, snif, Nit i dia. Lehen denboraldia. Eta hemendik aurrera askoz ere lasaiago biziko naizen arren, badakidalako —spoiler alert— atsoak seriean hiltzen zituen asasinoaren mehatxua bukatu dela —mehatxu telebisiboa, ez pentsa orain kaletik beldurrez nindoala; ez behintzat horren beldur—, bada, era berean, ezin izan diot tristura poxi bati izkin egin, hain nengoen telesailari katigatuta. Izan ere, aspaldi honetan ikusi dudan onena baita. Telesail adituak zaretenontzat —eta, aparra dezente jaitsi dela iruditzen zaidan arren, esango nuke oraindik bazaretela gutxi batzuk—, inpresio soila baino iritzi arrazoituago bat beharko duzuenez, motiboren bat behintzat telesaila ikusi, ez ikusi erabakitzeko, esan, thriller bat dela, beltza, haatik grisak gustuko dituena. Hasiera-hasieratik dakigu nor den atso hiltzailea, pertsonaiarik gaiztoetan gaiztoena, baina telesailak aurrera egin ahala, gainontzekoak ere pasako dira, gara, pixkanaka alde ilunera. Ez da bakarrik erakusten odola, erakusten da, halaber, haragia, ausartuko nintzateke esatera nobedade dena; eta ez bakarrik autopsia mahaian: berdin hotel batean, piszina ertzean, ez zorionez asasinoaren ekinean. Eta bere garaian aipatu nuen, baina pasaeran bezala: bereziki euskaldunontzako interesgarria den azpitrama bat izan du telesailak, Aitor eta Miren pertsonaiena, zeini hurrenez hurren emaztea eta ama hil baitzien ETAk; eta non besteak beste kontatzen den biktima horiek, zehaztuko dugu Aitorrek, inkontruak dituela emaztea hil zioten komandoko kide batekin kartzelan. Baina, benetan, ahaztu gaiari buruz burura datorkizuen ikus-entzunezko erreferentzia oro: esango nuke lehenengo aldiz eta behingoagatik gerturatzea dela sanoa, sinestekoa, barka pedantekeria baina artistikoa. Ados, baliteke orain arteko guztiak oraindik konbentzitu ez izana. Bada, esan beharra dizuet Itxaro Bordak ere maite izan duela, eta ez bakarrik maite, idatzi ere idatzi diola. Berripaper honetantxe, Xala forever izeneko artikuluan: «Nit i dia telesailak zoratzen nau bai» —eta «Eibarko Astelena ezker-paretan, Xala gureak, hegoaldean eskaini zuen azken pilota partiduaren etengabe berrikusteak». Normal—. ETBk egokitu baino, erosi, bikoiztu —edo azpititulatu, ados, Urtzi Urrutikoetxea jauna— eta lasai asko emateko modukoa.

Pertsona bakar batentzat

Ikusten uzten den programa horietako bat berriz, ETB2koa: Todos los apellidos vascos. Gonbidatua ez baitzen nolanahikoa: Marilo Montero Abarzuza. Ustez, kazetaria. Ziur, 1984ko Maja de Navarra. «Edertasun autoktono bat». Ez gutxitan polemikaren erdigunean dagoena —Anne Igartibururi, gure Anne Igartibururi, ea oxidatuta zegoen galdetu zionean bezala; gauza agerikoa denean—. «Marilo markak asko-asko saltzen du», Marilok berak esana. Baina adore nafarrarekin toreatu (sic) izan ditu guztiak. Nafar izaera azkarra baitu. Jaiotzez Lizarrakoa, karlisten hiriburukoa —Puyko ama birjina bisitatzea gustuko du, «laguna da»—. Eta errebindikazio politiko bezala ondo, vascos horrek Pio Barojarena hartzen baitu, hau da, Euskal Herri osoa. Igarri zitzaion gonbidatuari grazia handirik ez ziola egiten. Baina men egin zien baskoen espansionismo nahiei, familiaren iragan ilunean argi pixka bat jartzearen truke.

Batez ere aitona bat zuen iluna. Itota hil ote zen. Auskalo asasinatuta. Baina Marilok ez du beldurrik, berdin zaio anarkista izan zela esaten badiote ere —anarkista esan zuen, baina uste dut esan nahi zuela deabrua bera—. Halako batean agertzen da Carlos Herrera, ustez kazetaria hori ere, baina batez ere senar ohia, eta seme-alaben aita. Parte hartu nahi izan duela emazte ohiari egiten ari zaizkion omenaldian —eta nik ez nekien omenaldia zenik ere, uste nuen Todos los apellidos vascos zela—. Gauza interesgarri gehiago: aita gaiteroa izan zuela, aita eta haren anaiak: Hermanos Montero, gaiteros de Estella. New Yorken egon zirela, 1965ean, Iruñeko buruhandiekin —ez dakidana da Black is Beltza horretan agertzen ote diren—. Arbaso frantsesen bat duela jakin genuen —«Somos franceses, vive la France!», eta jarraian ereserki frantsesa jarri zuten, luze; Espainiakoarekin berdina egingo lukete?—. Eta, azkenerako, ondorio nagusi bat: ez lukeela ezer aldatuko bere bizitzaz, «Jainkoak hala izatea nahi izan du». Labur: Marilo Montero, la más maja del mundo entero —berak esana berriz ere—. Ez dakit Lizarreriko esaera bat den, baina izan beharko luke. Euskal Herri osokoa.

Iragana argituta, askoz arinago itzuliko da Marilo Madrilera. Esango dute gero ETBk ez duela zerbitzu publikoa ematen. Beste gauza bat da zerbitzu hori, ikusleentzat beharrean, pertsona bakar batentzat izan behar ote den.

Bakoitzak berea galdetuta

Edozein egunetan ekar genezakeen Azpimarra gehiago hona, ez du motibo berezirik behar, bere horretan da astetik astera nabarmengarria —«ETBk aktualitateari eskaintzen dion tarterik serioenetakoa», dela idatzi nuen 2012 dagoeneko urrun hartan; gauzak ez dira gehiegi aldatu—. Eta akaso horrexegatik ez dugu ekarri gehiegitan, hain ondo funtzionatzen duelako, zentratzen garela makurrago dabiltzan gauzetan. Baina Otegiren telebista astea da hau. Igande gaueko Salvados saioko interbentzioa gutxi balitz, astearte gauarekin, oso gauarekin —23:30ean abiatu zen, ni dagoeneko lehen ametsaldiaren atarian egon ohi naizenean—, ETB1en Maddalen Iriartek azpimarratu zizkion azpimarratu beharrekoak. Eta ez nuke Otegiren ekografo ofiziala bilakatu nahi; baina, noblesse oblige, igandekoaz hitz egin ondoren, uste dut asteartekoaz hitz egitera behartuta nagoela.

Hasteko, hainbeste espektatiba ez zuen eragin, egia da, nahiz gero emanaldia hasi zenean animatu zen kontua pixka bat. Eta zalapartarik ez zuen sortu batere, inork ez zuen eskatu elkarrizketa ez ematea ETB1n. Herenegun aipatzen genuen: testuinguruaren garrantzia. Iriartek esfortzua egin zuen, hasieratik nabarmendu nahi izan zuen etorkizunari buruz galdetu nahi ziola —«Euskal Herriaren, Europaren, munduaren etorkizunaz hitz egin nahi dugu berarekin, baita ezker abertzalearen etorkizunaz ere»-. Auskalo Evolerenarekin ez kointziditzeko, eta egin zitzaion kritikan ez erortzeko —Iriarteren elkarrizketa berdina litzateke Evoleren elkarrizketa existitu ez balitz?—. «Sarri errepikatzen dizute zuri salatu behar direla ETAk eragindako biktimak». Iraganaz ere galdetu zion, noski. Baina gauza da etorkizunaz, berriz esan zituela Otegik gauza jakingarriak. Kataluniako estrategia jarraitzearen aldeko dela —EH Bildu «independentista ororen etxe handi» gisa definitu zuen, Artur Masen «Casa gran del catalanisme» haren hain antzekoa—; ezberdinen arteko adostasunetara iristeko Ipar Euskal Herria eredu dela —«asko ikasi behar da»—. Eta «ez da postureoa» espresioa erabili zuen. Iraganaz galdetu ziotenean esan zituen, etorkizunaz galdetu diotenean esan ditu, begira orain ze kontakizun konpletoa dugun. Uste baitut horrela osa daitekeela kontakizun osoago bat: ez denek guk nahiko genukeena, bakoitzak berea galdetuta.

Ulertzeko aukera

Zalantza existentzial handia izan nuen igande gauean: bi aukera, bi pertsonaia garrantzitsu, ezker abertzaleko bi erreferente agertu ziren telebistan ia aldi berean. Arnaldo Otegi, LaSextako Salvados saioan. Eta ETB1en, Asko maite zaitut izenekoan, Porrotx. Azkenik, zalantzak uxatuta, espektatiba gehien sortu zuenaren alde makurtu nintzen. Espektatiba esan dut, baina sortu zuen batez ere zalaparta. Are hasi baino lehen ere: irainak, bereziki Jordi Evole aurkezleari, Otegiren elkarrizketa emateagatik bakarrik. Ezer ikusi aurretik. Horrela dago patioa.

Evolek, beraz, Otegiri kartzelatik atera ondorengo lehen telebista elkarrizketa —lehen telebista elkarrizketa, ETBk egin zizkion bi haien ondotik, baina tira—. Iraganaz, pasatutakoaz, basikoki ETAz galdetu ziola kritikatu diote. Etorkizunaz ez diola ezer galdetu. Baina zer espero zenuten, bada? Testuingurutik hasita: ezin dugu espero elkarrizketa berdina Topatu, ETB, LaSextan. Ez dezagun ahaztu, halaber, debatea Espainia aldean elkarrizketa eman edo ez eman, parametro horietan gertatu zela. Eta inpresioa da Espainia aldeko jende asko ez ematearen aldekoa zela. Otegik berak markatu zuen irakurketa: «Ze tema dagoeneko existitzen ez den zerbaiti buruz hitz egiteko». Evolek eman zion arrapostua: «1936ko gerrako hobi komunez hitz egiteko dagoen tema bera». Ez da gauza bera. Noski ez dela gauza berdina. Baina, titiriteroak atxilotzen dituen Espainia batean, ez duzue uste beharrezkoa zela igandekoa bezalako elkarrizketa bat? Atzera begirakoa izan zen, noski. Eta atzera begira, gauza interesgarriak atera ziren: Otegik esan zuen arduraduna dela herri honek bizi izan duen tragediaren zati batena; eta era berean borroka armatua desagertu izanarena. Hanka sartze batzuk ere agerian geratu ziren: Miguel Angel Blancoren egunean hondartzan zegoela esan zuenean, adibidez. Baina iragana da dena, Miguel Sanchez-Ostizek esan bezala: «Harekin batera bizitzeko onartu beharra dago, pisua izateaz gainera, aringarria ere badela, atzean geratu delako».

Uste dut batzuetan perspektiba pixka batean galtzen dugula. Eztabaida, gure zilborretik harago, ea elkarrizketa eman behar den izan denean, ematea bera, eta eman zen moduan ematea, ezohikoa da, eta inportantea. Eta nahi zuenak, behintzat, izan zuen Otegi ulertzeko aukera.

Ahuleziarik handiena

Azkar asko igarri dio Palaciosek: reality komikoak dira, aspalditik, nire telebista ahulezietako bat, ez badira nire telebista ahuleziarik handiena. Eta ez dut uste reality komikoak atsegin eta telebista ausart, berritzaile, kalitatezko bat desio izatearen artean kontraesanik dagoenik —ez behintzat beste edozein posizio hartzek dakarren kontraesana baino larriagorik—: funtsean umorezko programak dira, egia da. Eta ez dute zerikusirik benazko reality-ekin. Gran Hermano VIP —zergatik deitzen diote VIP, beren etxeetan ere ezagutzen ez dituzten pertsonaiak badira?— eta horrelakoak. Bat nator: ez dute grazia zipitzik. Horrek ez du kentzen balio, ez akaso soziologikoa, baina soziopolitikoa izan dezaketenik. Hara: elkarretaratzeak egin dira Madrilen Gran Hermano VIP-eko finalistak salbatzeko. Ez, ez ditu zelula terrorista batek bahitu. Baina, batek daki: auskalo jendearen politizazioa ekarriko duten.

Gainera, uste dut berrikuntzarako tarte zabala uzten dutela, formatu desberdinak saiatzeko, abangoardia izateko. Begira azkena hemen aipatu duguna, Quiero ser monja. Hurrengoak izan daitezke, zergatik ez, Panama Express edota ¿Quién quiere casarse con mi corrupto?. Edo hortik zehar dabiltzan formatuak gurera ekarrita, proposamenak egin genitzake, ETBrentzat, debalde. Ikusita Katalunian eta Espainia aldean gobernua osatzeko —izan— dituzten zailtasunak, antola liteke reality bat zeinean alderdi diferentetako jendea bizi behar den elkarrekin, 24 ordu, akordioa lortu arte. ETB2n, noski, partida inportanteak jokatzen diren lekuan: Un lehendakari para tres provincias. Egin liteke beste saio bat, gizabanako sasi-erradikal hiper-euskaltzale chic-ena bilatzeko: Galfar Shore —azpititulu bezala jar liteke: Failed Intellectual—. Edo arabiar munduko Million’s poet molda genezake, gurean idatziak duen tradizio eskasa baztertuz eta tradizio askoz ere aberatsagoa duen ahozkoa besarkatuz: Milioiaren bertsolaria. Izan ere, Quiero ser monja horren harira, ibili genituen sarean batzuk. Hona ekarriko ditut, copyleft zirelakoan: Izan nahi dut soziolinguista; Got Ostrakak —saria, karbono 14arekin proba bat—; edo Euskal Herria Got Talent —Xabier Saldias epaile—; Tenporen Ministerioa —Pello Zabalak zuzendua—; eta, azkena, Gizasemeak, Emakumeak & Bi zerbeza. Ez horregatik.

Komentuan egonaldia

Ordaindu beharra dagoenez ikusteko La huida —eta oraingoz ez nago prest telebistagatik ordaintzeko, ez behintzat zerga bidez ordaintzen dudana baino gehiago—, eta medikuak aspaldi debekatu zidanez Gu ta gutarrak —eta medikuari kasu egiten diot beti, telebistari buruz esaten dizkidanekin, behintzat—, Quiero ser monja ikustearekin konformatu behar. Konformatu esan dut, baina, ze demonio, aspaldian ezagutu dudan esperientziarik izpiritualena izan da. Azalduko dizuet zergatik.

Bost mojagai dira guztira, komentuan egonaldia egingo dutenak, ea bokazioa benetakoa duten, edo bidaiaria. Guztiak 20 urteren bueltakoak. Adin nagusi- koak, behintzat; ez da gutxi, kontuan hartuta zer instituzioz ari garen. Baina, akaso, gaur egunerako berdeegi daudenak bizitzaz zer nahi duten jakiteko. «Jainkoaren deia jaso nuen hamabi urterekin», dio batek —tira, deia jaso dute denek; eta ez dakit zergatik ez duten telefonoa itzaltzen—. Nobioarekin iristen da komentu atariraino. Sutsuki jaten dizkio muturrak. Baina bizitzaren alde salbaia probatu nahi du: «Ez baduzu probatzen, ez dakizu». Eta ez zen drogak hartzeari buruz ari, moja sartzeaz baizik. Beste batek, hamahiru anai-arreba, seguru familia erlijioso katoliko integrista batekoa. Edo antisorgailuak ezagutzen ez dituen batekoa, bederen. Barkatu, baina esango nuke emaberekundekoia dela ez onartzeko sartu nahi duela moja: «Argi daukat Kristo dela nire gizona». Bi ahizpa gero, supersakonak, esan nahi dut filosofikoki. Motibatuenak. Komentuan ezin izango direla makillatu jakiten duten arte. Eta azken bat: «Oso askea naiz. Parranda egiteak zoratzen nau. Mutilek zoratzen naute. Baina ez dira ezinbestekoak bizitzeko». Eta horretan arrazoi osoa eman behar diot. Zeren, azken batean, zer da moja bat? Hautagai batek erantzuna: zoriontsu izateko modu bat, kontrakarrean. Izan daitezela zoriontsu, beraz, nahi duten moduan. Ez dakidana da asko iraungo duten barruan. Lehen iraultza saiakera izan baitzen sakelakoa kendu zietenean —mojagai baten aitzakia, bikaina: «Niri gustatzen zait sakelako telefonoarekin errezatzea»—. Eskerrak saiokoak ergelak ez diren, eta jarri dieten apaiz bat, beltza. Eta jaten dioten, ez gaizki pentsa, Kristoren gorputza. Oso gaizki behar du Eliza santuak halako telebista saio baten beharra izateko.

I+G+B

Estreinaldien aurrean ezin dut halako ezinegon bat saihestu. Badakit estreinaldi horietako asko, gero, emanaldiak aurrera egin ahala, ez zaizkidala fitsik ere interesatuko; baina aurretik beti sentitzen dut nolabaiteko irrits, jakin-min, urduritasun kontrolaezina. Lehen aldien lilura izango da, auskalo. Eta gauzak kitzikagarrien gertatu baino lehen, gertatuko direla imajinatzearekin izaten direlako segurantza osoa.

Apirilarekin, datozen egunetan, hainbat telebista estreinaldi emango dira. Ez dakit, udaberria izan daiteke. Bizi berriaren iragarle bla bla bla. Atentzioa eman didan lehena izan da bat, nire erlijio debozioa berpiztear egon dena: Quiero ser monja. Bost neska gazte, saiatuko direnak jakiten ea benetan Jainkoari eskaini nahi dioten beren bizitza eta sartu nahi duten moja. Ez esan ez denik esperantzagarria. Hiru erlijio botoak egin beharko dituzte, pobrezia, kastitatea, obedientzia. Komentuan itxiko dira, galduko dute kanpoarekiko komunikazio guztia. Ohiko arropak baztertuko dituzte, ezin izango dira makillatu, are utzi beharko diote erretzeari —hori balitz bezala grabeena—. Pena bakarra dut: programan parte hartzeko niri deitu ez izana. Tira, egiatan pena bikoitza da: Los Gypsy Kings saioaren tartea hartuko baitu, bukatutzat eman dute eta —eta ez dakit beste aukerarik izango dudan, orain botako dut badaezpada: Mediaset aurrean protesta antolatu dute, Gitanas Feministas por la Diversidad elkarteak deituta, telebista enpresaren «jokaera arrazista eta herri ijitoarekiko laidogarria» salatzeko. Bego—.

Atentzioa eman didan beste estreinaldi bat, La huida. Hamabost gaiztagin, ezkutatu beharko direnak eta harrapatuak ez izan, 28 egunean. Ihes egiteko edozein garraiobide erabili ahal izango dute, baina ezin izango dira erresumatik atera. Noski, Espainiako Polizia eta inteligentzia zerbitzuetako kideak orpoz orpo izango dituzte. Lasai egon daitezke, beraz, nekez harrapatuko dituzte. Eta ez dudana ulertzen da zergatik ez duten saioa egiten egiazko gaiztaginekin, tarteka agertzen diren paper horietan agertzen direnekin. Ez esan ez litzatekeenik iratzargarria.

ETB ez da atzean geratu, noski. Horregatik abiatuko du datorren astean Gu ta gutarrak saioaren 5. aldia. Horri esaten zaio ikerkuntza, garapena, berrikuntza. Edo bertan lozorro egotea.

Nik zu ere ez

Ez naiz ni izango afektuen presentzia kritikatuko duena telebistan —ez telebistan, ez beste inon, noski—. Esan nahi dut, pozten naizela afektuak gure telebistetan presente egoteaz. Are gehiago euskaldunon artean sentimenduak agertzea gauza egiazki estrainioa izan denean. Ez diot nik, Asko maite zaitut ETB1eko saio berriko protagonistetako batek baizik: «Ez dira hitz horiek arraun elkarteetan asko erabiltzen». Eta arraun elkarteetan dioenak, dio edozein elkarte mota, giza talde, pertsona batetik gorako jende elkarketatan —ispiluaren aurrekoa ez da azken multzo horretan sartzen—. Alegia, oso ondo iruditzen zaidala maite dugun jendeari maite dugula esatea telebistan. Besterik da horrek zertarako balio ote duen.

Bi istorio diferente aurkezten zaizkigu emanaldian. Batetik, ama adoretsu bat, mariloka, ditxaratxera, folklorika, bai, baina batez ere seme bat gaixo duena, gaixotasun neuromuskular degeneratibo batekin. Haren alde ekintzailea agertzen saiatzen dira, bai —dirua lortzeko tapoiak biltzen lehena izan omen zen Euskal Herrian; orain badakigu behintzat ez dela legenda urbanoa—, baina oso adi jarri beharko genuke norbaiten gaixotasuna —gehiago haur batena— erabiltzen denean zerbaitetarako, nahiz helburua zintzoa izan. Eta, bestetik, arraun klub bateko bi langile, jator, bihotz handiko, ogi puska, urteak daramatzatenak lan egiten itzalean. Eta oso ondo iruditzen zait langile anonimoaren aldarrikapen hori, merezitakoa, beharrezkoa. Ez zaidana hain ondo iruditzen da, telebista pantaila bati begira, hunkitzeagatik hunkitzea. Zer ondorio, zer irakaspen, zer balio eraldatzaile izan dezake Asko maite zaitut bezalako saio batek? Galdera egiten du, bai: Zergatik kostatzen zaigu hainbeste maite ditugunei maite ditugula esatea? Baina zein da erantzuna? Eta esan dut oso ondo iruditzen zaidala maite dugun jendeari maite dugula esatea. Ez dakidana da zertarako behar den horretarako telebista.

Bihoa hemendik protagonistekiko aitortza, seguru merezi zutela omenaldia —beste milaka lagun ezezagunek mereziko luketen bezala—. Eta saioa egin duen taldeak ere seguru egin duela ahalik eta gauzarik txukunena. Baina ezin dut mozkina erosi, «asko maite zaitut» modu horretan esaten didatenean, Serge Gainsbourgen hura, «nik zu ere ez», ateratzen zait eta.