Kontakizunarena

Kontakizunarena omen da orain gerra. Armarik gabekoa, zorionez, baina gotorra. Eta segur aski irabaziak eta irabazleak utziko dituena. Asmo horri ihes eginez edo, Las huellas perdidas saioa. ETB2n, noski, partida inportanteak jokatzen diren lekuan. Nahiz, harrigarriki, euskara dezente entzun ahal izan zen, katearen batez bestekoa baino askoz gehiago. Eusko Jaurlaritzak eta EITBk Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko izenpetu duten hitzarmenetik sortutako proiektua. Bere hartan ekarriko dut joko-eremua: «Uste bakar bat ere ez dago pertsonaren eta bere duintasunaren balioaren gainetik. Giza eskubideak bortxaezinak dira. Terrorismo eta biolentzia hamarkaden ondotik, ETAren amaierak bake garai bat ireki du. Programa hau saiatuko da gertatutakoa kritikoki gogoratzen eta zerk egin zuen posible ulertzen. Berriz sekula errepikatu beharko ez liratekeen akats eta izugarrikeriak». Bego.

Guztiaren hasierara eraman gintuzten, Jose Pardines eta Txabi Etxebarrieta hil zituzten parajeetara. Jose Felix Azurmendik ñabardura egin zuen: «Gauza askoren hasiera». Barakaldoko Andaluziako etxeko presidentea ezagutu genuen, langile bat, frankismoak bortizki jazarria. Patxi Zabaleta eta Gorka Landaburu entzun genituen. Hiru andereño aitzindari. Mondragon korporazioaren sortzaileetako bat, debozioz hitz egiten Don Jose Mariaz —Arizmendiarreta, noski—. Joxemari Iriondo, Ez dok amairuren ibilerak gogoratzen. Eta Julen Madariaga eta Fede Bergaretxe, ETA eta EGIkoak garai hartan. Nabarmenduko nuke bikoteka jarri zituztenen sintonia. Baina pentsatzen dut hori zela nahi zutena, kontakizun bat ez bakarrik kontsentsuzkoa, baizik eta halaber atsegina, karrankarik gabea. Noski, errazagoa da hori egitea 1960ko hamarkadarekin, lehen atalak hartzen zuen tartea. Esan nahi dut urte haietako errelatoa gutxi gorabehera finkatu samar dagoela. Ikusi beharko dugu garai finkatu gabeagoak iristen direnean mezu atsegin hori nola lortzen duten pasatzea.

Gu izango gara, noski, Amaya Cayerok esan bezala, biolentziarekin baino bakean denbora gehiago biziko den lehen belaunaldia. Horrek ez gaitu eraman behar, ordea, gertatutakoa ahaztera. Kontrara, kontakizunak beharko genituzke guztiak, eta kontsentsua kritikoa. Ez ahantzi gerra hau ere izango dela gotorra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude