Zubiak eraiki

Ikusi ondoren Palacios eta konpainiaren Refugiados: camino a ninguna parte dokumental txukuna —txukuna, bai, eta ez bakarrik zuzena; zergatik esan beharko nuke zuzena esan nahi badut txukuna?—, gorputzak eskatzen zidan dokumental gehiago —akaso erreparatzeko, halaber, 21 días. De Lesbos a Colonia haren itsuskeria—. Asetu nuen apeta Discovery Maxen, existitzen zela ere ez nekien kate batean —bilatu behar izan nuen etxeko telebistan—. Ikusiz Al otro lado, Pablo Irabururen eta Migueltxo Molinaren dokumental sailaren lehen bi atalak.

Zortzi herrialdetan, lau mugatan, harresien bi aldeetan dauden pertsona batzuen istorioak jaso dituzte bertan. Pertsona horien eguneroko bizimodua. Datu, zifra, hitz handietan zentratu baino, pertsonalizatu, istorio txikia bilatu dute, drama erraldoia bere baitan daramana. Mexiko-AEB, Maroko-Espainia, Zimbabwe-Hegoafrika, Bangladesh-India. Lau dira, baina Berlingoa eraitsi zenetik, historian sekula aurretik ez da izan hainbeste murru, harresi, horma. Pertsonak banatzeko diseinatutakoak. Eta guztiok gaude hesiaren alde batean edo bestean. Lehen mugan, bikote mexikar bat, AEBetan dauden seme-alabengana iritsi nahi dutenak. Eta bestaldean, yanki bat, han-hemenka ur botilak uzten dituena. Baina salbuespena da, ehunka boluntario armatu baitago migrariak atxilo hartzeko. Eta irakaspena: «Hesia ez da erantzuna, arazoak sortzen ditu existitzen ez diren lekuan; gu haien kontra jartzen gaitu, eta alde bateko eta besteko pertsonak berdinak gara». Melillan, bestela, besteak beste, guardia zibil bat, legearekin ahoa betetzen duena, bihotzñoa ere baduela erakutsi nahian: «Pena ematen digute pertsona hauek», «ez litzateke mugarik existitu behar», «hesiaren kontra gaude erabat», «denok gara berdinak» —nahiz batzuk beste batzuk baino berdinagoak—. Azkenerako eskapatu zitzaion: «Inori ez zaio gustatzen immigrazioa».

Arrazoi zuen Pablo Iraburuk berripaper honi eskainitako elkarrizketan: «Erabaki politikoak aldatu egin daitezke ezagutzen bada nolakoak diren harresian jauzi egin behar duten pertsonak: zu eta ni bezalakoak». Denak jaio ginen nomada. Denok gara gizaki eta gatoz lekuren batetik. Are, mugimendu horrek biziarazten gaitu. Eta hobeto zubiak eraikiko bagenitu, murruak, harresiak, hormak eraiki beharrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude