Akabua

Hainbeste dokumental, azken egunotako telebista notizia garrantzitsuena ahaztu zaigula: Yann Barthes aurkezleak ez du jarraituko Le Petit Journal saioaren buru. 2004an hasi —lehenik Le Grand Journal-en baitako tarte bezala; saio propio gisa azken bost sasoitan—, eta ekainaren 23an izango du hondar emanaldia. Aurkezleak: aktualitateko magazin bat gidatuko baitu TMC katean datorren denboraldian, eta asteroko inkontru bat TF1en. Programak jarraituko omen du, ordea, Barthes gabe, formula berritu batekin. Baina ez da gauza bera izango. Ezin. Les Inrockuptibles aldizkariko zuzendari Pierre Siankowski urrunago joan da: «Yann Barthesen irteera Canal+en akabua da. Canal+ bukatu da».

Izan ere, pagamenduzko katearen saio ireki arrakastatsuena da Le Petit Journal, milioitik gora jarraitzalerekin. Umorea eta informazioa nahasten ditu, infotainment tarte bat da. Gazteentzat, bereziki, 30 urtetik beherakoak ditu publiko. Eta estilo markatu bat, ez gutxik imitatu nahi izan dutena. Ugari izan dira utzi dizkigun momentu historikoak: erakutsi dizkigute adatsa askatzen duten politikariak —Manuel Valls txispatuta, adibidez, nekazaritza azoka batean—; ikusi dugu Nicolas Sarkozy diskurtsoak birziklatzen, edo, hobeto, kopiatu-itsasten; Jacques Chiraci emazteak errieta nola egin zion beste emakume batekin dragatzeagatik. Baina besteren gainetik gogoangarriak izan dira Front Nationalarekiko ika-mikak —Notre belle famille deitu izan dituzte Le Pendarrak, telesail bat balitz bezala—.

Kritikak ere ez ditu urrun izan, noski. Beti bezala, Arrêts sur images webak eman dio fuerteen. Klase politikoaren gaineko begirada eztenkari bat dela, ados, baina muntaia arte bat ere bai, tarteka manipulazioaren mugetara iristen dena. Eta informazioaren eta dibertimenduaren arteko intereferentzia etengabeko bat. Sarkozy platoan elkarrizketatu zutenean, esaterako: haren politiken legitimazio ikuskizun bat izan zela, bufoiaren eskutik. Gehiago, posizio anbibalente bat duela: hainbeste desdramatizatzen du, hainbeste gauza ez serios erakusten, azkenerako ezer ez dela larria bukatzen dugula pentsatzen. Eta bai, akaso bai, auskalo. Baina behin Biriatuko plazako etxe batean ikusi nuen Le Petit Journal ari zirela so egiten. Eta pentsatu nuen ez zela leku txarra izan behar bertan bizitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude