Pantailatik atera

ETBk zinema ekoizpenak laguntzea omen du helburuetako bat. Egiten duenik ezin uka: gaur aurre-estreinatuko dute Nekane Amaya: Mi gran boda gitana. Bilboko EITBren egoitzan, 19:30ean. Lasai, ezin baduzue joan, adibidez, Saizarbitoriari bezala, Bilbo urruti geratzen zaizuelako, bihar emango dute ETB2n. Eta arrazoi duzue: itxaron nezakeen bihar arte, pelikula ikusi eta zutabe hau idazteko. Izena mereziko lukeen kritikari batek egingo lukeen moduan. Baina lehenengo aldia balitz. 2013an izan zen Nekane Amaya: la película. Eta idatzi nuen: «Umore txarra balitz bakarrik, tira, baina ijito ez izan arren iraindua ere sentitu nintzen, arras iraindua. Ijitoen gaineko estereotipo, topiko, klixe guztiak eta gehiago biltzen ditu pelikulak, zer eta ijitoez trufa egiteko. Eta ez dut horregatik ulertzen Euskal Herrian bizi diren milaka ijitoak nola ez diren oraino kexatu» —gazteagoak ginen, barka suhartasuna—.

Gaur-biharkoa diferentea izango dela? Ez dut uste: «Urteko gertaerarik handienetako bat, Ziortzaren ezkontza, Nekane Amayaren alabarena», iragarri digu promozio orriak. «Nekane Amaya ijito abertzaleak Ziortza bere alaba ezkonduko du albaitari batekin, zeina, endemas, neurozirujau batzuen semea den. Eta okasio handirako, ezin zen bestela izan, ezkontzarik onena saiatuko da lortzen: Bilboko alkatea zeremonia gidatzeko, Juan Mari Arzaken jatetxea, Kepa Junkeraren musika eta abar» —bakarrik falta zaio Kike Amonarriz, lehiaketa bat aurkezten—. Baina ez pentsa dena izango denik josta eta kanta: zer pentsatuko dute aitaginarrebakideek? Legeztatuko dute, barka, onartuko dute batasuna? Espero dezagun Garzon epaileak baino eskuzabalago jokatzea.

Eta, berriz ere, kontu horiek balira bakarrik, tira. Baina Iñigo Aranbarri izan genuen Sautrela-n. Eta Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuaren harira, gauza pare bat esan zizkigun umore klasistaz. Klasismoa umorearen klabeetako bat dela, esklabismoa izan den gisan: «Beltzari barre egitea ez genuke gaur egunean ondo ikusiko, baina gertatu izan da». Ijitoez barre egitea, XXI. mendean, gure Euskal Herri aurreratu honetan, oraindik gertatzen den bezala. Eta Nekane Amaya ez dut uste, Txanton Garroteren eskutik, eszenatokitik jaitsiko denik, pantailatik atera. Baina gutxi batzuok jarraituko genioke kalera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude