Zer bihurtu garen

Cites ikusten uzten zen telesail bat da. Misteriorik ez du: Interneten kontaktua egin eta zita bat lotzen dute unean uneko protagonistek, gizon nahiz emazte, zahar ala gazte. Azkenaldian edonon jartzen duten Firts dates hori bezala, baina fikzioan —eta Carlos Soberarik gabe—. Bestela esateko: norberaren amore minak biziaraziko dituen saio bat, tentsio sexualeko eszenak barne —edo tentsio sexualeko eszenak, batez ere; eta ez diot ironiarekin, osasungarria iruditzen baitzait oso—. Praktikan jarrarazten du, gainera, gehien gustatzen zaigun kiroletako bat, txutxumutxua: sandiek ohean bukatuko dute, urliek lagun, berendiek ez dute bi Gaur egun ere iraungo. Bere xalotasunean, tira, ikusten uzten zen, eta zertarako engaina: harreman batzuek pizten zuten, astelehen gauetan, itzalita zegoen zerbait.

Baina azken kapituluak erabat sutu nau. Eta ez zentzu positiboan. Ulertzen dut hasieratik hona aldaketak egin izana, deituko diete doiketak; ulertzen dut hasieran gehiago lotzea originalari, Dates britainiarrari, eta mugatzea batez ere, bada, horixe, Interneten kontaktua egin ondoreneko zitari, eta denborarekin askatzen joatea, molde propioagoen bila. Baina ez dudana ulertzen da bilakatu izana nerabeentzako telesail aurreikusgarri, gatzgabe, lotsaemangarri batean. Labur: lehen txortalagun izan zitezkeenak, orain dira harreman korapilotsu, txotxolo, konbentzionalak. Sugetzarretik gero eta gertuago dagoela, alegia. Eta ez dudala ulertzen esan dut, baina, gezurra: ulertzen dut, noski, ikusita azkenaldian TV3n arrakasta izan duten telesailak zein izan diren. Hemen inoiz aipatu eta Maite Iturbek ere ahotan hartu duen Merlí, adibidez, kapituluko 200.000 euro balio dituen hori, orain La Sextan ikus daitekeena (eta, bai, telesailak ez dira bakarrik ekoizten, erosi ere egin daitezke). Eta segur aski TV3eko inoizko arrakastarik handiena izan duen telesaila, Polseres vermelles, Espainia aldean Antena3ek eman zuena, eta gero ABC estatubatuarrak erosi —ez da, Aitaren etxea-ren kasuan bezala, ERT kate greziarra, baina zer nahi duzue—. A, beste txikikeria bat: Steven Spielbergek ere eskuratu ditu eskubideak.

Cites, beraz, zer ginen eta zer bihurtu garen. Baina, egia esan, ez ote zaigun hori gertatzen denoi, harremanetan; telesailekin ditugunetan ere bai.

Zamarik handiena (revisited)

Ekainaren 26ko hauteskundeei arreta berezia eskaini zien ETBk. Horixe iragartzen zuen EITBk bidalitako prentsa oharrak, eta halaxe izan zen. ETB1en, esate batera, 19:50ean hasi zen gaua, programa berezi batekin: Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak gidatuta, Pilar Kaltzada kazetariarekin batera, Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak ikusi ahal izan genituen. Zuzeneko konexioak ere egin zituzten albistea zegoen leku guztietatik. ETB2n, bestalde, 19:15etik aurrera, Estibaliz Ruiz de Azuak, Africa Baetak eta Xabier Lapitzek aurkeztu zuten saio berezia. Alfredo Retortillo soziologoak komentatu zituen datuak, eta bi solasaldi mahai egon ziren: batean, Jon Urresti, Garbiñe Biurrun eta Felix Arrieta; bestean, Elkarrekin Ahal Dugu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Ciudadanoseko ordezkariak. Laburbilduz: ETB1en bi kazetari eta hiru gonbidatu. Hasi, 19:50ean. 35 minutu beranduago, alegia. ETB2n, aldiz, hiru kazetari eta lau gonbidatu, gehi politikarien solasaldi bat.

Eta hauteskunde gauaren jarraipen ona egin zuen ETB1ek, noski, ez zen egon aitzakiarik ez ikusteko. Baten batek esan dezake, gainera, tira, hain garrantzitsua ere ez dela, adibidez, ETB1en bi aurkezle izatea eta ETB2n hiru —are aurkezle horietako bat Lapitz bada—; adibidez, ETB1en hiru gonbidatu izatea eta ETB2n lau —are euskarazkoan Asier Blas eta Eider Alkortaz disfruta badaiteke—; adibidez, ETB2n politikarien mahai bat egotea eta ETB1en ez —politikarien mahai bat? Nork nahi du halakorik?—; adibidez, ETB1eko saio berezia 35 minutu beranduago hastea —are inkestak ezagutu eta benetako emaitzak eskuratzen hasi arteko tartea zinez asperramorragarria izanik—. Txikikeriak direla guztiak? Baliteke. Ez dut nik kontrakoa esango. Baina zer arraroa txikikeriak beti alde berera erortzea, ezta? Zergatik ez dira inoiz erortzen beste aldera, zergatik ez da diskriminazio positibo pixka bat egiten, pixka bat, eta lehenesten da euskarazko katea, ahulena, hain txikikeria badira?

Josu Goikoetxeak esana du. «ETB1ek dituen zametako batek badu izena: ETB2». Halaxe bukatu nuen abenduaren 22ko Ekografia: «Astea joan, astea etorri, zametako bat zena, ez ote den zamarik handiena bilakatzen ari». Egun hartako zutabearen bertsio berritua baita gaurko hau. Baina zertarako aldatu ezer, ETBk bere horretan jarraitzen badu.

Eta nola

Patuak nahi izan du, kuak, Palaciosek Vis a vis aipatu duen aste berean emakumea eta kartzela lotzen dituzten dokumental pare bat ikusi izana —eta barka telesailaren hariari ez badiot jarraitzen, baina ezin izan dut Vis a vis-ekin, bereziki Najwa Nimrirekin; ez hartu kontuan, arren—. Emakumea eta kartzela lotzen dituzten dokumental pare hori Arte katean ikusi dut, noski, bata bestearen atzetik, gaiak harrapatu banindu bezala —eta hori gaiak harrapatzeko aldez aurreko jarrerarik ez nuela—. Lehena zen kanpotiko begirada bat, nolabait, kanpotikoa, baina, era berean, barrukoa, eta intimoa: En bataille: portrait d’une directrice de prison. Kartzela zuzendari baten potreta, beraz, Liancourt izeneko kartzelakoa; Marie Lafont, emakumezkoa, gaztea oso, narratzailearen arabera herabe, hauskorra, 800 gizonezko preso dituen kartzela zuzentzen. Ez esan irudia ez denik gotorra. Eta, tarteka, rock star baten bizimodua ikusten ari zarela iruditu arren, merezi du dokumentuak.

Bigarrena, Les enfants en prison. Emakumea, hortaz, baina haurrak ere bai. Eta, nola ez, giltzapetzea. Kartzelazainek Jovanovic deitzen duten neska gazte bat da hemen protagonista, hiru haurren ama. Bi daude harekin, itxita. Hitz askorik gabeko dokumentala. Baina beharrik ere ez, irudiek nahikoa hitz egiten dute eta. Kolpagarriak dira, eta ez gutxitan: adibidez, haurren aurpegiak, presoek protesta zaratatsu bat egiten dutenean, builaka ari direnean, emagaldua gora, emagaldua behera; zaurgarriak hiru urte ere ez dituen haurraren arropak haztatzen dituztenean; bihotz-urragarriak kanpoan dagoen seme nagusiak —zer izango ditu, lauzpabost urte?— ama bisitatzen duenean. Kontxo, baina Jovanovic hitz egiten hasten denean: «Malko guztiak ordainaraziko dizkiet», «lehen baino gaizkileagoa izango naiz», «egiten ari didatena ez dut sekula ahaztuko», «nire seme-alabengatik zin dagit». Kartzelatik atera eta etxean atxilotuta egotea eskatu du, baina ukatu diote. Begirada galdu hori, ezein aktorek —ezta Nimrik ere— berdinduko ez duena.

Palaciosek atzo gogoratzen zigun Vis a vis fikzio bat dela, erakusten duena ez dela Espainiako kartzeletan bizi duten errealitatea. Gaur esan behar dugu Arte kateko dokumental pare horrek, zoritxarrez, baietz, erakusten dutela kartzeletan bizi duten errealitatea. Eta nola.

Eragindako koma

Bai, Palacios: komuna garbitzea Espainiako politikariak telebistan ikusi behar izatea baino lan txatxiagoa bilakatu da guretzat —bide batez, oroitarazi gero komuna oraindik egin gabe daukadala, mesedez—. Edozer gauza, beraz, hauteskunde kanpaina telebistaz jarraitzearen aldean. Adibidez, Eneko Olasagastiren hitzak larunbateko berripaperean —eta kasu honetan ez da edozer gauza, noski, pulamentuzko hitzak baizik—. ETB1en telesailik ez dagoela eta, zera zioen Olasagastik: «TVErekin baino gehiago, Galiziako TVGrekin alderatu beharko litzatekeela ETB». Urtzi Urkizuk jarraitzen zion: Galizian galizieraz egindako fikzioak, kopuruan behinik behin, osasun askoz hobea du euskarazko fikzioak baino. 2015-2016ko denboraldian, TVGk eguneroko telesail bat eman du, O Faro, eta beste bost telesailen atalak ere bai: Pazo de familia, Serramoura, Hospital Real, Urxencia Cero eta Casa Manola. 2016-2017ari begira, aipatutako batzuek jarraituko dute, eta, horrez gain, Dalia, a modista eta Hotel Vidago estreinatuko dituzte -azken hori, gainera, Portugalgo RTPrekin elkarlanean-. Labur: nahiko ondo ateratzen zaiela galegoei analitika. Eta Mareas vivas mitiko hartatik ez ditudanez Galiziako telesailak batere jarraitu, egin dezagun orain katalanen osasun-azterketa, egoera gehixeago ezagutzen dut-eta. Alde batetik dago, 2010etik, La Riera, eguneroko bazkalosteko sugetzar klasikoa, El cor de la ciutat, Ventdelplà eta beste klasiko batzuk ordezkatzera etorri zena. Gero, astean behin, egon da Itxaro Bordak eta biok sutsuki gomendatu dugun Nit i Dia. Maite Iturbek aipatutako Merlí ere bai; La Sextan ikus dezakegun bitartean, TV3n dagoeneko denboraldi berri bat iragartzen hasiak dira. Eta aste hauetan ematen ari dira berriz Cites, bigarren denboraldia, inoiz edo behin hemen aipatu izan duguna, Channel 4 britainarreko Dates haren egokitzapena. Tira, Katalunian katalanez egindako fikzioak, kopuruan akaso ez beti, baina kalitateari dagokionez ETBk eta segur aski TVGk baino osasun hobea duela. Gurean fikzioan aritzen den eta izenik eman nahi izan ez duen langile batek esan zuen larunbatean: aurrekontuaren parte handi bat alor teknikoak eramaten du, eta merkeena gidoiak izaten dira. Kantitatea, hortaz, baina kalitatea ere bai. Ez da nobedadea: ETB1en telesailen egoera, eragindako koma baita.

Antidoto aproposa

Erabaki bat hartu dut —eta ez dakizue ze pozik nagoen, hainbeste kostatzen zait erabakiak hartzea—: ez dut Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina telebistaz jarraituko. Erabaki guztiak bezala hori ere diskutigarria da, noski. Baina utzidazue motiboak aipatzen. Lehenik, botoa aspalditik erabakita daukadalako, aurreko hauteskundeetako berdina izango delako —badakit inori ez zaiola inporta, baina nik ere, Santi Leonek bezala, emazteki bati eman behar diot—. Bigarrenik, Urtzi Urkizuk ondo seinalatu zuelako: «Show-etik atera ezinda daude hautagai batzuk» —politainment kontzeptua oparitu zigun, gainera, politikariak eta entretenimendua uztartzen dituena—. Eta hirugarrenik, kanpainaren jarraipena Palaciosek egiteko esperantza dudalako —atzokoan, luze gabe, goitik behera xehatu zuen hautagai nagusien debatea; eskerrik asko—.

Kanpainaz gainezka eginda zaudetenoi alternatiba bat eskaintzera natorkizue. Neronek baliatu nuen, hautagai nagusien debatea aprobetxatuta —eta Eurokopako partidarik ematen ez zutenez; a ze bizioa, jainko potzoloa—: aspaldian abandonatu samar nuen Hamaika telebistako Ertzak saioa ikustea. Hauexek izan dira azken emanaldien izenburuak, galdera forman: Euskararen aktibismoa birdefinitu behar da?, Sindikalgintza: borroka berrietarako errezeta berriak?, Ekonomia sozial… eraldatzailea?, Pentsio sistema: zahartzaro duina bermatuta dugu?. Eta jarraian 30 minutu inguruko tarte atsegina erantzunak ematen saiatzeko. Azkena, adibidez, asteartekoa, denboraldiko azken atala: Ezkerra, krisian?. Europa, Espainia eta Euskal Herriko ezkerreko mugimenduaren egoera aletu zuten, Asier Blas politologo eta unibertsitate irakasle eta Jule Goikoetxea poetarekin. Gauza interesgarri asko esan ziren: ezkerreko agintari politikoak aritzen direla ia kasta baten antzera; diskurtso elitista dutela; deskonexioa dagoela hauteslego objektiboarengandik; ezkerra ez dela neoliberalismoaren aurkako indar nagusia, gaur egunean, eskuin muturra dela; konektatzen duela hobeki langileen interes batzuekin; eta klase arazoen zentroan genero botere harremanak daudela. Beste hainbat konturen artean, noski. Hauteskunde kanpaina errepikakor, aspergarri eta lo-eragile bati aurre egiteko antidoto aproposa iruditzen zait niri.

Garai zaharretan

Notizia hil ala bizikoa baitzen: Valentzia erdigunera iritsi eta trafiko seinalea katalunieraz bakarrik dagoela ikustea. «Ba, egia esan, ez daukat batere garbi autoarekin pasa behar naizen edo ez». Neska gazte bat da, sorpresa baino izu aurpegiarekin ia, hala mintzo dena. Katalanaren aldeko hizkuntza politika bidegabeak kaltetutako beste biktima bat. 952 milioi hildako eragin bazituen Stalinek, auskalo zenbat eragin dituen katalanaren aldeko hizkuntza politikak. Eskerrak Antena3 daukagun, genozidio hori salatzeko. A, baina ze pena, jendea ez dela erabat inozoa: baten batek deskubritu du sorpresa baino izu aurpegiarekin mintzo den neska gaztea kazetaria dela, katalan hiztuna, MediterraneoTV kateko bideoetan ederki asko agertzen duen moduan; eta, kurioski, iazko udan Antena3eko albistegietako erredaktore gisa lan egin zuela.

Bartzelonako banku okupatuaren harira ere, erabateko kaosean erortzekotan izan ginen. Eskerrak berriz ere Antena3 geneukan hor, kanoiaren oinean. Zuzeneko konexio batekin. Biktima, kasu honetan, emakume adineko bat; bistan da, zer esango digute adinekoek, bada: gazteria oso gaiztoa dela, dena suntsitzen dutela eta Maduroren jarraitzaile direla, 98 milioi hildako eragin dituen diktadore hori. Noski, gero mikrofonoa jarri eta emakume adinekoa hasten bazaizu esaten «lokal hau gurea da, jende guztiarena da, oinezko guztiok ordaindu dugu; zergatik datoz orain eta kentzen digute, lagundu baino ez bazuen egiten, politikari zerriek egiten ez dutena», noski, zer egin dezakezu. Adineko emakume gaixoa bere horretan utzi, hitz egiten, pixkanaka urrundu mikrofonoa, kamera, zu zeu urrundu pixkanaka eta, bye, bye, beste bat arte.

Urrutira joan gabe, Azpimarra saioan, zeinek, dena esan behar bada, gertutik jarraitu duen Gipuzkoa Zutik, gonbidatzen dute Lander Arbelaitz mugimenduko kidea, eta galdetzen diote akanpadaz. Eta, bitartean, telefonoz baita elkarrizketa, irudiak jartzen dituzte, ze aspergarria bestela; baina denbora guztian, guzti-guztian, poliziarekiko tentsio uneak, biolentziazkoak, desatseginak. Eskerrak, eta oraingoan ironia izpirik gabe, Arbelaitz geneukan: «Polizia egunero etortzen zaigu bisitan, gero albistegietan irudi horiek ateratzeko». Eta oraindik galdetuko dute ea nor dagoen garai zaharretan.

Hauek ez

Hauek bai, hauek ondo ari dira», zioen Gorka Erostarbek igandeko zutabe gogoangarrian. Noski, hizpide zuen Gipuzkoa Zutik, gure M15, gure Nuit debout partikularra. Hitz zehatzak jarri zizkiola, alegia, orain askok sentitzen dugunari: «Hauek ondo ari dira», hauek bai ordezkatzen gaituzte. Mugimendu horren aurrean, hedabide ofizialek, telebistak, besteak beste «gureak», isiltasuna aukeratu dute. Isiltasun erlatiboa, egia da. Baina ez dakit zein den aukeretan makurrena. Adibidez, larunbatean 2.000 lagun biltzea lortu zuen elkarretaratzearen inguruan. Garbiñe Muguruzarekin ireki zuen ETB1ek arratseko albistegia. Notizia andana bat pasa zuten gero. Esaterako, Makina Erremintaren Biurtekoa, noski, «azken urteotako ediziorik onena» —eta zer inporta zait niri?—. Halako batean aipatu zuten elkarretaratzea, 20 segundoz —seguru baten bati eternoak egin zitzaizkiola—. Luzeago aritu ziren jarraian, eta zuzenean, Bartzelonako banku okupatuaren eta gero hustuaren berrokupazioaz —eta ez da berri horren kontra ezer dudanik, kontrara; baina bata bestearekin ondotik jartzeak ageriago utzi zuen tratamenduaren aldea, batere inuzentea ez dirudien konexioa gauzatuz, gainera—. Beste zer aipatzen dute bestela? Asmatu duzue: «Lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak», luze gabe, asteartean. A, noski, nola ez, istilu, istilu saio, ustezko istiluak gertatzen direnean, horiek bai, horiek beti agertuko zaizkigu telebistan. Donostiako kaiaren pribatizazioa bainu batekin salatu zutenean, adibidez, non zeuden kameralariak? Asanbladak, elkarrekin otorduak prestatzea, egitaraua osatzea, problematika ugariren inguruko ekintza irudimentsuak antolatzea eta abarrekoak zergatik ez ditugu ikusten telebistan? Bartzelonako banku okupatuaz telebistek egin duten jarraipena, zentzu horretan, ez da izan batere diferentea. Zer jaso dugu telebistetatik? 2011tik etenik gabe auzoko jende babesgabeenarentzat egindako lan eskerga, eskergarri, ezinbestekoa? Edo bizpahiru egunetan gertatu diren istilu bestalde erridikuluak? Zer erakutsi digute telebistek? Auzokideak elkarri laguntzen edo sutan kontainer bat? Kazetaritzaz nik baino gehiago dakitenek esango dute zer izen duen horrek. Telebistaz ari garela, ordea, Erostarberen ifrentzua datorkit burura niri: «Hauek ez, hauek ez dira ondo ari».

Baloiak kanpora

Poztekoa da norberak kaskoan bueltaka dituen zera, zalantza, ezinegonak besteren ahotan entzutea. Palaciosek itaundu dizkio horietako asko orain gutxi Maite Iturbe EITBko zuzendariari, Martin Ugalde kultur parkean izandako hizketaldi batean. Eta bertan esan zituenak bikain jaso zituen Arantxa Iraolak biharamunean, ez ditugu berriz hona ekarriko. Baina oin-ohar bakan batzuk egin nahiko nituzke; besteak beste, horretarako ordaintzen digute eta.

Lehenengoa, orokorra: esango nuke baloiak kanpora botatzearen erakustaldi paregabe bat izan zela. Adibidez, ETBren audientziak atera zirenean —ETB1eko audientzia «pauperrimoa» dela esan zuen EITBko zuzendariak—. Beherakadaren arrazoiak eman zituen: baliabide gutxiago, merkatuaren aldaketa, kontsumo ohituren aldaketa, aldaketa teknologikoak… Egia berdaderoak. Baina autokritikarik ñimiñoena ere ez. Desafekzioa orokorra dela, ez bakarrik ETBrekiko, identitate, euskararekikoa ere bai. Berriz ere egia. Baina ETBk desafekzio horretan duen ardura zein da? Partida inportanteak ETB2n jokatzen ote diren galdetuta —nik behin eta berriro aipatzen dudan kontua, Palaciosen hitzetan; astun deitzeko ze modu sotila—: dirutan, ezetz, aurrekontuari begira gehiago gastatzen dela euskarazko kateetan. Eta zer? Gero ez bada ikusten ondorioetan. «Zenbatek ikusten du hemen ETB1?», galdetu zuen Iturbek. Intuitzen zuen gutxik. Baina galdetu duzu zergatik? Fikzioa garestia dela, eta, hala ere, TV3ren aldean, erdia baino gutxiagorekin produktu duinak egiten dituztela —ez zuen adibiderik jarri, badaezpada—. Merli telesaila aipatu zen, pozten naiz: zergatik ez dute erosi, La Sextak egin bezala? Audientzia handia omen du mezak, eta horregatik ematen da, errespetua zor zaio ikus-entzuleari. Beste erlijioak, hori bai, legeak agintzen duenaren arabera kubritzen dituzte. Emakumezkoen kirola atera zen: «Garrantzia izan behar du» —izan behar du: noren esku dago, bada, garrantzia izatea?—. Autokritikaren antza duen zerbait entzun uste izan nuen: «Aurretik ez genien aukera hori eman» —orain emango baliete bezala—. «Baina audientzia ez da berdina» —audientziak ez ote dira sortzen ere?—. Palaciosek jo zuen, bete-betean: «Noraino da audientzia inportante zerbitzu publikoan?». Uste dut baloi hori Urnieta aldean aurkitu dutela.

Ez derrigorrez

Selfie bat, zer kontatuko dizuet zuei, argazki kamerari buelta eman, besoa aski luzatu eta geure buruari ateratzen diogun erretratua da, dela bakarrik, dela lagunduta, dela giza-burmuinak imajina dezakeen gauzarik estrainioena egiten ari garela. Baina, are, erretratuaren historiaren kapitulurik modernoena ere bada, modako zerbait izatetik urrun, argazki genero gisa finkatu dena. Gizarte handiustetsu eta egozentriko baten adierazpena dela? Joan Fontcuberta argazkilariak esango dizu derrigorrez ezetz. Internetek narzisismoaren bozgorailu gisa funtzionatzen duen arren, ni-aren baieztapenak eta banitateak humanitatearen historia guztia ibili duela. Kontxo, hori guztiori oso ondo ulertu du ETBk, gizartearen abangoardian beti, eta garaiari ezin hobeki egokitutako programa bat eskaini digu: Hi Selfie!

Zertan den programa ezin garaikideago hori: aurkezleak selfie batzuk bidaltzen dizkie lehiakideei, eta lehiakideek bueltan argazki ahalik eta berdinena itzuli behar diote aurkezleari. Zer gertatzen den tartean: ezer gutxi, lehiakideak ikusten ditugula korrika, jendeari laguntza eskatzen —jendea molestatzen esan behar nuen, baina moztu egin naiz—, azken buruan selfie bat egiten. Non duen saioak grazia: auskalo, galdera batzuk erantzuteko ez naiz kapaz ikusten. Probarik garrantzitsuena uzten dute bukaerarako. Aurkezleak berak, Julian Iantzik azaltzen digu: «Ni topatu eta nirekin selfie bat ateratzea». Programa txarra bada, berez, halako gauzek egiten dute jasangaitza. Julian Iantzi, ez zait inor hoberik bururatzen selfie bat bestearen atzetik ateratzea helburu bakar duen saio batentzat: «Aitortuko dut, nik oso gustuko ditut; eta esan didatenez nahiko ondo ateratzen naiz». Gizarte handiustetsu eta egozentriko baten adierazpena dela selfie-a? Fontcuberta argazkilariak esango dizu derrigorrez ezetz. Derrigorrez. Baina argi dago, kasu batzuetan badela. Segun eta kamera noren eskuetan erortzen den.

Hondar galdera bat daukat: jendeak zergatik parte hartzen du halako lehiaketa batean? Hantukeria eta egozentrismoa aparkatuta, 1.000 eurokoa da saria, hiru lagunen artean banatzeko —eta zergak kendu aurretik, noski—. Ez dut uste giza duintasunak hain gutxi balio duenik. Auskalo, Fontcuberta jauna: handienak ere nahasten dira tarte