Hauek ez

Hauek bai, hauek ondo ari dira», zioen Gorka Erostarbek igandeko zutabe gogoangarrian. Noski, hizpide zuen Gipuzkoa Zutik, gure M15, gure Nuit debout partikularra. Hitz zehatzak jarri zizkiola, alegia, orain askok sentitzen dugunari: «Hauek ondo ari dira», hauek bai ordezkatzen gaituzte. Mugimendu horren aurrean, hedabide ofizialek, telebistak, besteak beste «gureak», isiltasuna aukeratu dute. Isiltasun erlatiboa, egia da. Baina ez dakit zein den aukeretan makurrena. Adibidez, larunbatean 2.000 lagun biltzea lortu zuen elkarretaratzearen inguruan. Garbiñe Muguruzarekin ireki zuen ETB1ek arratseko albistegia. Notizia andana bat pasa zuten gero. Esaterako, Makina Erremintaren Biurtekoa, noski, «azken urteotako ediziorik onena» —eta zer inporta zait niri?—. Halako batean aipatu zuten elkarretaratzea, 20 segundoz —seguru baten bati eternoak egin zitzaizkiola—. Luzeago aritu ziren jarraian, eta zuzenean, Bartzelonako banku okupatuaren eta gero hustuaren berrokupazioaz —eta ez da berri horren kontra ezer dudanik, kontrara; baina bata bestearekin ondotik jartzeak ageriago utzi zuen tratamenduaren aldea, batere inuzentea ez dirudien konexioa gauzatuz, gainera—. Beste zer aipatzen dute bestela? Asmatu duzue: «Lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak», luze gabe, asteartean. A, noski, nola ez, istilu, istilu saio, ustezko istiluak gertatzen direnean, horiek bai, horiek beti agertuko zaizkigu telebistan. Donostiako kaiaren pribatizazioa bainu batekin salatu zutenean, adibidez, non zeuden kameralariak? Asanbladak, elkarrekin otorduak prestatzea, egitaraua osatzea, problematika ugariren inguruko ekintza irudimentsuak antolatzea eta abarrekoak zergatik ez ditugu ikusten telebistan? Bartzelonako banku okupatuaz telebistek egin duten jarraipena, zentzu horretan, ez da izan batere diferentea. Zer jaso dugu telebistetatik? 2011tik etenik gabe auzoko jende babesgabeenarentzat egindako lan eskerga, eskergarri, ezinbestekoa? Edo bizpahiru egunetan gertatu diren istilu bestalde erridikuluak? Zer erakutsi digute telebistek? Auzokideak elkarri laguntzen edo sutan kontainer bat? Kazetaritzaz nik baino gehiago dakitenek esango dute zer izen duen horrek. Telebistaz ari garela, ordea, Erostarberen ifrentzua datorkit burura niri: «Hauek ez, hauek ez dira ondo ari».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude