Garai zaharretan

Notizia hil ala bizikoa baitzen: Valentzia erdigunera iritsi eta trafiko seinalea katalunieraz bakarrik dagoela ikustea. «Ba, egia esan, ez daukat batere garbi autoarekin pasa behar naizen edo ez». Neska gazte bat da, sorpresa baino izu aurpegiarekin ia, hala mintzo dena. Katalanaren aldeko hizkuntza politika bidegabeak kaltetutako beste biktima bat. 952 milioi hildako eragin bazituen Stalinek, auskalo zenbat eragin dituen katalanaren aldeko hizkuntza politikak. Eskerrak Antena3 daukagun, genozidio hori salatzeko. A, baina ze pena, jendea ez dela erabat inozoa: baten batek deskubritu du sorpresa baino izu aurpegiarekin mintzo den neska gaztea kazetaria dela, katalan hiztuna, MediterraneoTV kateko bideoetan ederki asko agertzen duen moduan; eta, kurioski, iazko udan Antena3eko albistegietako erredaktore gisa lan egin zuela.

Bartzelonako banku okupatuaren harira ere, erabateko kaosean erortzekotan izan ginen. Eskerrak berriz ere Antena3 geneukan hor, kanoiaren oinean. Zuzeneko konexio batekin. Biktima, kasu honetan, emakume adineko bat; bistan da, zer esango digute adinekoek, bada: gazteria oso gaiztoa dela, dena suntsitzen dutela eta Maduroren jarraitzaile direla, 98 milioi hildako eragin dituen diktadore hori. Noski, gero mikrofonoa jarri eta emakume adinekoa hasten bazaizu esaten «lokal hau gurea da, jende guztiarena da, oinezko guztiok ordaindu dugu; zergatik datoz orain eta kentzen digute, lagundu baino ez bazuen egiten, politikari zerriek egiten ez dutena», noski, zer egin dezakezu. Adineko emakume gaixoa bere horretan utzi, hitz egiten, pixkanaka urrundu mikrofonoa, kamera, zu zeu urrundu pixkanaka eta, bye, bye, beste bat arte.

Urrutira joan gabe, Azpimarra saioan, zeinek, dena esan behar bada, gertutik jarraitu duen Gipuzkoa Zutik, gonbidatzen dute Lander Arbelaitz mugimenduko kidea, eta galdetzen diote akanpadaz. Eta, bitartean, telefonoz baita elkarrizketa, irudiak jartzen dituzte, ze aspergarria bestela; baina denbora guztian, guzti-guztian, poliziarekiko tentsio uneak, biolentziazkoak, desatseginak. Eskerrak, eta oraingoan ironia izpirik gabe, Arbelaitz geneukan: «Polizia egunero etortzen zaigu bisitan, gero albistegietan irudi horiek ateratzeko». Eta oraindik galdetuko dute ea nor dagoen garai zaharretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude