Antidoto aproposa

Erabaki bat hartu dut —eta ez dakizue ze pozik nagoen, hainbeste kostatzen zait erabakiak hartzea—: ez dut Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina telebistaz jarraituko. Erabaki guztiak bezala hori ere diskutigarria da, noski. Baina utzidazue motiboak aipatzen. Lehenik, botoa aspalditik erabakita daukadalako, aurreko hauteskundeetako berdina izango delako —badakit inori ez zaiola inporta, baina nik ere, Santi Leonek bezala, emazteki bati eman behar diot—. Bigarrenik, Urtzi Urkizuk ondo seinalatu zuelako: «Show-etik atera ezinda daude hautagai batzuk» —politainment kontzeptua oparitu zigun, gainera, politikariak eta entretenimendua uztartzen dituena—. Eta hirugarrenik, kanpainaren jarraipena Palaciosek egiteko esperantza dudalako —atzokoan, luze gabe, goitik behera xehatu zuen hautagai nagusien debatea; eskerrik asko—.

Kanpainaz gainezka eginda zaudetenoi alternatiba bat eskaintzera natorkizue. Neronek baliatu nuen, hautagai nagusien debatea aprobetxatuta —eta Eurokopako partidarik ematen ez zutenez; a ze bizioa, jainko potzoloa—: aspaldian abandonatu samar nuen Hamaika telebistako Ertzak saioa ikustea. Hauexek izan dira azken emanaldien izenburuak, galdera forman: Euskararen aktibismoa birdefinitu behar da?, Sindikalgintza: borroka berrietarako errezeta berriak?, Ekonomia sozial… eraldatzailea?, Pentsio sistema: zahartzaro duina bermatuta dugu?. Eta jarraian 30 minutu inguruko tarte atsegina erantzunak ematen saiatzeko. Azkena, adibidez, asteartekoa, denboraldiko azken atala: Ezkerra, krisian?. Europa, Espainia eta Euskal Herriko ezkerreko mugimenduaren egoera aletu zuten, Asier Blas politologo eta unibertsitate irakasle eta Jule Goikoetxea poetarekin. Gauza interesgarri asko esan ziren: ezkerreko agintari politikoak aritzen direla ia kasta baten antzera; diskurtso elitista dutela; deskonexioa dagoela hauteslego objektiboarengandik; ezkerra ez dela neoliberalismoaren aurkako indar nagusia, gaur egunean, eskuin muturra dela; konektatzen duela hobeki langileen interes batzuekin; eta klase arazoen zentroan genero botere harremanak daudela. Beste hainbat konturen artean, noski. Hauteskunde kanpaina errepikakor, aspergarri eta lo-eragile bati aurre egiteko antidoto aproposa iruditzen zait niri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude