Eta nola

Patuak nahi izan du, kuak, Palaciosek Vis a vis aipatu duen aste berean emakumea eta kartzela lotzen dituzten dokumental pare bat ikusi izana —eta barka telesailaren hariari ez badiot jarraitzen, baina ezin izan dut Vis a vis-ekin, bereziki Najwa Nimrirekin; ez hartu kontuan, arren—. Emakumea eta kartzela lotzen dituzten dokumental pare hori Arte katean ikusi dut, noski, bata bestearen atzetik, gaiak harrapatu banindu bezala —eta hori gaiak harrapatzeko aldez aurreko jarrerarik ez nuela—. Lehena zen kanpotiko begirada bat, nolabait, kanpotikoa, baina, era berean, barrukoa, eta intimoa: En bataille: portrait d’une directrice de prison. Kartzela zuzendari baten potreta, beraz, Liancourt izeneko kartzelakoa; Marie Lafont, emakumezkoa, gaztea oso, narratzailearen arabera herabe, hauskorra, 800 gizonezko preso dituen kartzela zuzentzen. Ez esan irudia ez denik gotorra. Eta, tarteka, rock star baten bizimodua ikusten ari zarela iruditu arren, merezi du dokumentuak.

Bigarrena, Les enfants en prison. Emakumea, hortaz, baina haurrak ere bai. Eta, nola ez, giltzapetzea. Kartzelazainek Jovanovic deitzen duten neska gazte bat da hemen protagonista, hiru haurren ama. Bi daude harekin, itxita. Hitz askorik gabeko dokumentala. Baina beharrik ere ez, irudiek nahikoa hitz egiten dute eta. Kolpagarriak dira, eta ez gutxitan: adibidez, haurren aurpegiak, presoek protesta zaratatsu bat egiten dutenean, builaka ari direnean, emagaldua gora, emagaldua behera; zaurgarriak hiru urte ere ez dituen haurraren arropak haztatzen dituztenean; bihotz-urragarriak kanpoan dagoen seme nagusiak —zer izango ditu, lauzpabost urte?— ama bisitatzen duenean. Kontxo, baina Jovanovic hitz egiten hasten denean: «Malko guztiak ordainaraziko dizkiet», «lehen baino gaizkileagoa izango naiz», «egiten ari didatena ez dut sekula ahaztuko», «nire seme-alabengatik zin dagit». Kartzelatik atera eta etxean atxilotuta egotea eskatu du, baina ukatu diote. Begirada galdu hori, ezein aktorek —ezta Nimrik ere— berdinduko ez duena.

Palaciosek atzo gogoratzen zigun Vis a vis fikzio bat dela, erakusten duena ez dela Espainiako kartzeletan bizi duten errealitatea. Gaur esan behar dugu Arte kateko dokumental pare horrek, zoritxarrez, baietz, erakusten dutela kartzeletan bizi duten errealitatea. Eta nola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude