Zamarik handiena (revisited)

Ekainaren 26ko hauteskundeei arreta berezia eskaini zien ETBk. Horixe iragartzen zuen EITBk bidalitako prentsa oharrak, eta halaxe izan zen. ETB1en, esate batera, 19:50ean hasi zen gaua, programa berezi batekin: Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak gidatuta, Pilar Kaltzada kazetariarekin batera, Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak ikusi ahal izan genituen. Zuzeneko konexioak ere egin zituzten albistea zegoen leku guztietatik. ETB2n, bestalde, 19:15etik aurrera, Estibaliz Ruiz de Azuak, Africa Baetak eta Xabier Lapitzek aurkeztu zuten saio berezia. Alfredo Retortillo soziologoak komentatu zituen datuak, eta bi solasaldi mahai egon ziren: batean, Jon Urresti, Garbiñe Biurrun eta Felix Arrieta; bestean, Elkarrekin Ahal Dugu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Ciudadanoseko ordezkariak. Laburbilduz: ETB1en bi kazetari eta hiru gonbidatu. Hasi, 19:50ean. 35 minutu beranduago, alegia. ETB2n, aldiz, hiru kazetari eta lau gonbidatu, gehi politikarien solasaldi bat.

Eta hauteskunde gauaren jarraipen ona egin zuen ETB1ek, noski, ez zen egon aitzakiarik ez ikusteko. Baten batek esan dezake, gainera, tira, hain garrantzitsua ere ez dela, adibidez, ETB1en bi aurkezle izatea eta ETB2n hiru —are aurkezle horietako bat Lapitz bada—; adibidez, ETB1en hiru gonbidatu izatea eta ETB2n lau —are euskarazkoan Asier Blas eta Eider Alkortaz disfruta badaiteke—; adibidez, ETB2n politikarien mahai bat egotea eta ETB1en ez —politikarien mahai bat? Nork nahi du halakorik?—; adibidez, ETB1eko saio berezia 35 minutu beranduago hastea —are inkestak ezagutu eta benetako emaitzak eskuratzen hasi arteko tartea zinez asperramorragarria izanik—. Txikikeriak direla guztiak? Baliteke. Ez dut nik kontrakoa esango. Baina zer arraroa txikikeriak beti alde berera erortzea, ezta? Zergatik ez dira inoiz erortzen beste aldera, zergatik ez da diskriminazio positibo pixka bat egiten, pixka bat, eta lehenesten da euskarazko katea, ahulena, hain txikikeria badira?

Josu Goikoetxeak esana du. «ETB1ek dituen zametako batek badu izena: ETB2». Halaxe bukatu nuen abenduaren 22ko Ekografia: «Astea joan, astea etorri, zametako bat zena, ez ote den zamarik handiena bilakatzen ari». Egun hartako zutabearen bertsio berritua baita gaurko hau. Baina zertarako aldatu ezer, ETBk bere horretan jarraitzen badu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude