Salba dezagun ETB bada

Ez dezazuen pentsa txoko honetakook tema, obsesio, herra berezirik dugunik, Eneko Olasagasti berriz, Argia-ko artikulu batean orain: «Esadazue, ETB itxiko balute, benetan, zenbat lagun joango lirateke ixtearen kontrako manifara, antolatuko balitz?». Neroni, erantzun nuen; agendan begiratu ondoren, noski. Galdera hori testuinguruan jarri behar da, ordea. Kritikari buruz hitz egiten hasi zuen artikulua Olasagastik, gurean, halakoak onartzerakoan, zeinen eskasak garen: «Indian bezala, badira ukiezinak direnak gurean. Eta nonbait, ETB da horietako bat». Eta partikulazki mingarria suertatu zitzaidan anekdota bat kontatu zigun gero: «Orain dela egun gutxi Bilboko EITBko egoitza erraldoi hutsalean bilduta nengoen. Niretzat gordeko dut norekin. Hona, BERRIA egunkariak berriki argitaratutako audientzien gaineko artikulu baten harira entzun behar izan nuena: «Egia esan, periodiko hori itxiko balute ere, niri berdin».

Hombre, horrelakoa ez mutiko. Gauza bat da ez gustatzea berripaper batek argitaratzen duena, are argitaratzen duena okerra dela pentsatzea, eta beste bat euskaraz dugun egunkari bakarra ixteak bost axola izatea. Olasagastik esplikatzen du hobeki: «Latza da gero, Egunkaria-rekin gertatutakoa bizi ondoren, horrelako perlak entzun behar izatea. Eta hori aurpegira esanda. Auskalo kuadrillan nolakoak botako dituzten. Gogoa sartu zitzaidan esateko, niri ere berdin litzaidakeela ETB ere itxiko balute. Horren ordez, Argia-rako artikulua idatzi behar nuela esan nion. Zeren eta oraindik ere ETB gurea, denona, behar lukeen zerbait bezala sentitzen dut». Neronek ere bai. Kritikak kritika. Edo akaso horrexegatik kritikatzen dugu, gurea, denona, behar lukeen zerbait bezala sentitzen dugulako. Esadazue, beraz, ETB itxiko balute, benetan, zenbat lagun joango liratekeen ixtearen kontrako manifara, antolatuko balitz? Neroni, erantzungo dut orain, agendan begiratu beharrik gabe, noski.

Ez dezazuen pentsa txoko honetakook eta Eneko Olasagastik tema, obsesio, herra berezirik dugunik, Anjel Lertxundi, berripaper honetantxe: «Haizeak eramana da euskarazko telebistaren hasierako asmoa, haizearekin joana da egin beharrak ez eginez perpretatzen ari den kaltearen kontzientzia». Salba dezagun ETB bada. Horretarako, baina, salba dadin nahi izan behar da.

Badauka bertute bat

Marka da gero: Julian Iantziren Nafar Telebistako elkarrizketak behin baino gehiagotan aipatu ditugu hemen, baina pasaran beti, betizuari —ezen, zezenak ez, betizuak dira Lesakakoak, ezta?— ile-adats hori eder horretatik heldu gabe oraindik. Gaurkoa, Ekografiak Nahieran zerbitzuaren hondar emaitza da, gainera. Bezero batek —segur aski, fidelenak— halaxe esan zidan: «Aspaldian Ekografia hori espero dudalako ez nago sekula bakarrik». «Panpox» gehitzea bakarrik falta izan zitzaion. Berdin dio, ezaguna da hemen inguruko jendeak sentimenduak adierazteko duen urritasuna. Ez denek, zorionez. Gera nadin, beraz, A solas con Julián —beldurtxoa— telebista saioarekin.

Eta esan dezadan beste ezer baino lehen Julian Iantzi dela tipo bat izugarria —eta izugarri zentzu onean, noski; horrela, hurrena gurutzatzen dudanean aurpegi eder hau osorik atxikiko dudanaren esperantzan—. Baina elkarrizketa horiek, uf, nola esan. Egia da, elkarrizketatzaile bezala badauka bertute bat, garrantzitsua oso, elkarrizketatzaile askok ez daukatena: elkarrizketatuari hitz egiten ez diola uzten, etengabe moztu, zapaldu, ahoa bete hitz uzten duela —tira, nik neuk imajinatzen ahal dudala aurreko zutabean iradoki nizuena: Julian Iantzik Julian Iantzi elkarrizketatzea—. Eta hori, segun eta zein den elkarrizketatua, pila bat eskertzen da. Batzu-batzuk pasa dira sofatik, Nafarroa Garaiko gizon-emazte itzaltsuak guztiak ere: Gran Hermano-ko Jacinto, esaterako. Baina Marea taldeko abeslari Kutxi Romerori egindako elkarrizketa aipatu nahiko nuke, paradigma gisa. Huntaz eta hartaz aritu ondoren, azkenik iritsi zen egiaren ordua: «Badakit badagoela gustatzen ez zaizun beste tipo bat, zure arabera ez ditu etxeko lanak ondo egiten, ez da dokumentatzen elkarrizketetarako, eta neroni buruz ari naiz. Eta niri esateko gogoa zenuela». Goia jo zuen une horretan egometroak. «Bai, El Drogasi egin zenion elkarrizketa bat izugarria» —eta izugarri zentzu txarrean orain, noski—. Momentu gorena, ordea, Kutxik Iantzi euskal Paula Vazquez dela esan zuenean izan zen. Ez da konparaketa txarra. Erabatekoa izateko, ordea, xehetasun bat falta du. Aspaldi honetan telebistatik aparte xamar dabil Vazquez, bi urte-edo izango dira. Eta prentsan irakurri diot: «Badakit ez dudala sekula berriz ere telebistan lan egingo».

Ez dugu babesik behar

Jose Diego Yllanes hiltzailearen abokatuak, epaiketan defendaezina dena defendatzeko, Nagore Laffage biktima errugabea zela esan zuen. Alegia, Laffagek ez zuela ezer egin norbaitek hil zezan. Baina, zer demontre esan nahi zuen? Neskak errurik balu zilegi litzatekeela hilketa? Zer da errua? Zeren errua? Kasu honetan noren begiradaren araberakoa da erruaren definizioa? Laffagen irudia goraipatu eta Yllanesen ekintza nardagarria babesteko trikimailu zikin hori erabiltzea iraingarria da. Esate baterako, zalantzan jartzen duelako 20 urte dituen neska gazte baten hautu askea. Horren guztiaren azpian Nagore Laffagen erabakia morala izan zen edo ez epaitzen duelako. Onartezina da hori: Yllanesek emakume aske bat hil zuen askea zelako. Ezetz esateko askea zelako. Yllanesek Laffage hil zuen Laffagek bere menpekoa izan nahi ez zuelako. Etxe horretatik alde egin nahi izan zuelako. Para gaitezen lasai analizatzera: nola da posible moralina zipriztinak dituzten argudioak erabili izana Nagore Laffagen epaiketan? Nola da posible Laffage babesteko mekanismo legal nahikorik ez dituen sistema batek tranpa dialektikoak baimentzea? Epaiketan hilketa azpikeriarik gabeko ekintza izan zela ondorioztatu zuten. Ezin izan zuten genero indarkeriaren markoan kokatu, biktimak eta hiltzaileak aldez aurretik harreman erromantikorik izan ez omen zutelako. Hildakoa edo hiltzailea, nor babesten du sistema legalak?

Matxismoak hiltzen du. Gorputzaren kontrol mekanismoek hiltzen dute. Heteropatriarkatuak hiltzen du. Lege heteropatriarkalek hiltzen gaituzte. Zergatik? Legeak ez direlako orden heteropatriarkala kolokan jartzeko eraikiak, ezta dinamikak aldatzeko eraikiak ere. Ez ditugu erasoen aurrean babestuko gaituzten legeak behar, defendatzeko erabili ahalko ditugunak baizik. Ez dugu babesik nahi eta erasoen aurrean nazkatuta gaude.

Nagore Laffagen hilketaren urteurrena dela-eta, ETB1k gertakariaren inguruko dokumentala eman zuen berriz ere. Hautsak harrotu zituen gertakaria memorian iltzatua daukagun arren, hilketa sexistak gertatzen jarraitzen dute. Erasotzeko asmoa dutenek argi izan beharko dute kontu bat: sanferminetan zein beste edozein testuingurutan egongo garen emakumeok ez dugu gure askatasunaren defentsan sekula atsedenik hartuko.

Sintoma bezala

Uste nuen oraingoan ere libratuko nintzela. Uste nuen oraingoan ere ahal izango nuela. Uste nuen oraingoan ere geratuko nintzela Gu ta gutarrak ikusi gabe. Oposizioa ez baita izan nolanahikoa: bost edizio eta orain arte lortua nuen emanaldi bakar bat ere, hasi eta buka, ez ikustea. Orain arte. Nirekin ahal izan du zerbitzu publikoa ematearen kontzientziak. Eta, zergatik ez esan, erakarmen gutxiko gauzek nigan eragiten duten erakarmen indarrak. Ikusi nuen, beraz, 5. edizioko gutar final handia.

Gainera, ze demontre, final bat zen. Han zeuden denak: DJ Tirapu; gure kuxkuxeroak, tartean Txurru berria —«gogorra izan da porque nik beti ile luzea izan dut»—; Euskal Herriko youtuberrik arrakastatsuena, lehen aldiz, platoan, Hola Julen; eta, noski, kuadrilla urdina, kuadrilla arrosa. Saria, saioaren tamainakoa: New York edo Londres, baina baita Eivissa edo Salou ere. Garrantzitsuena, jakitea bakarrik edo kuadrillan joango den irabazlea. «Goi-goian amaitu nahiko genuke». Falta ziren finalistak. Bikoteren bat —«gure saioan elkar ezagutu eta enamoratu egin zaizkigu»-, pertsonalitatea duen bat —ez dakit noren kutxi-kutxia—, eta ospetsua izan nahi zuen bat —«eta lortu egin du»—; ez dakidana da bere etxean, edo harago. «Gazte jatorrenaren bila dabilen programa: Gora gu ta gutarrak!» —Lehenik Euskadi eta Gora Gu ta gutarrak gero—. A ze finalistak. Emakumeak, gizonak eta bi zerbeza hartakoak baina puskaz zozoagoak. Haien euskara, bidenabar, eta oro har, lotsaemangarria. Eskerrak ondarrutarrei. Eta Salyri. Emanaldiko une negar-egingarria —eta multikulturala— eskaini zigun: familia Frantzian dauka, gurasoak eta bi ahizpa, baina a ze sorpresa, final handiaren egunean hortxe daude, platoan. Eta nork irabazi jakin bitartean zer: 5. edizioari errepasoa, adibidez gutarrak, ibaian bainatzen —eta hori nobedadea da ETBn, ipurdiren bat ikusi baitzen—. «Aurpegi honekin ezin naiz atera, aurretik txapa y pinturatik pasa behar naiz». «Nago txinatzen, pero un monton». Edo ustez kameratik kanpo, zuzenean espainolez. Jatorrenetan jatorrena nor den ezagutzeko ordua. Azkenik erabakia, opor leku bat eta norekin. Salou, noski, eta kuadrillarekin. Sintoma bezala. «Irailean, ez ahaztu, Gu ta gutarrak 3X2. Udara mundiala igaro». Beharko. Irailean kalapita berdinarekin etorriko badira.