Ez dugu babesik behar

Jose Diego Yllanes hiltzailearen abokatuak, epaiketan defendaezina dena defendatzeko, Nagore Laffage biktima errugabea zela esan zuen. Alegia, Laffagek ez zuela ezer egin norbaitek hil zezan. Baina, zer demontre esan nahi zuen? Neskak errurik balu zilegi litzatekeela hilketa? Zer da errua? Zeren errua? Kasu honetan noren begiradaren araberakoa da erruaren definizioa? Laffagen irudia goraipatu eta Yllanesen ekintza nardagarria babesteko trikimailu zikin hori erabiltzea iraingarria da. Esate baterako, zalantzan jartzen duelako 20 urte dituen neska gazte baten hautu askea. Horren guztiaren azpian Nagore Laffagen erabakia morala izan zen edo ez epaitzen duelako. Onartezina da hori: Yllanesek emakume aske bat hil zuen askea zelako. Ezetz esateko askea zelako. Yllanesek Laffage hil zuen Laffagek bere menpekoa izan nahi ez zuelako. Etxe horretatik alde egin nahi izan zuelako. Para gaitezen lasai analizatzera: nola da posible moralina zipriztinak dituzten argudioak erabili izana Nagore Laffagen epaiketan? Nola da posible Laffage babesteko mekanismo legal nahikorik ez dituen sistema batek tranpa dialektikoak baimentzea? Epaiketan hilketa azpikeriarik gabeko ekintza izan zela ondorioztatu zuten. Ezin izan zuten genero indarkeriaren markoan kokatu, biktimak eta hiltzaileak aldez aurretik harreman erromantikorik izan ez omen zutelako. Hildakoa edo hiltzailea, nor babesten du sistema legalak?

Matxismoak hiltzen du. Gorputzaren kontrol mekanismoek hiltzen dute. Heteropatriarkatuak hiltzen du. Lege heteropatriarkalek hiltzen gaituzte. Zergatik? Legeak ez direlako orden heteropatriarkala kolokan jartzeko eraikiak, ezta dinamikak aldatzeko eraikiak ere. Ez ditugu erasoen aurrean babestuko gaituzten legeak behar, defendatzeko erabili ahalko ditugunak baizik. Ez dugu babesik nahi eta erasoen aurrean nazkatuta gaude.

Nagore Laffagen hilketaren urteurrena dela-eta, ETB1k gertakariaren inguruko dokumentala eman zuen berriz ere. Hautsak harrotu zituen gertakaria memorian iltzatua daukagun arren, hilketa sexistak gertatzen jarraitzen dute. Erasotzeko asmoa dutenek argi izan beharko dute kontu bat: sanferminetan zein beste edozein testuingurutan egongo garen emakumeok ez dugu gure askatasunaren defentsan sekula atsedenik hartuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude